«Kerixeta», bertako pinot noir mahats beltzarekin egindako Bizkaiko Txakolina

0
72

Kerixeta

 

LIBE MIMENZA CASTILLO – BBN

Mendraka Upategian bertan aurkeztuko dute Kerixeta txakoli beltza; Elizalde baserrian, arratsaldeko zazpietan. Txakoli beltza ez da ohiko ardoa gure artean, hala ere, Bizkaiko jatorri izendapenaren barruan Bakioko Gorrondona upategiak edo Gernikako Itsasmendik, esaterako, merkaturatzen dute dagoeneko.

Mendrakako upategiko kide den Mikel Irizarrek dioenez, «Gehien bat txakoli zuria egiten da, baina historikoki beltza ere egon da, mahats zuria eta beltza egon direlako. Eta ardo nahasia ere bai, kantuak dioen txakoli gorri de Bakio hura». Une honetan, Bizkaian adierazitako upategiez gain, badira Getariako ekoizleak ere txakolin beltza egiten dutenak. Halaber, beste zenbait esperimentatzen ari dira; horien artean Mendrakarrak.

Gaur aurkeztuko den txakoli beltza egiteko pinot noir mahats mota erabili dute. Frantziar jatorriko mahatsaren aldeko apustua egin dute, bai bere nazioarteko izaera preziatuagatik, bai mahats-mota horren berezko berezitasunengatik zein gure klimara egokitzeko duen gaitasunagatik. «Mahats delikatua da freskura behar duelako. Oso sentibera da oidio eta botritis-ekiko (klima lehorreko gaitzak) eta ez horrenbeste mildiu-arekiko (hau da gure gaitz nagusia). Beraz, klima freskoetan ondo garatzen den mahats mota bat da eta, aldi berean, oso ardo finak eta preziatuak ematen ditu; garratz puntu batekin, eta horrek gerturatu egiten du txakolinera».

Itsasmendi upategiak ere pinot noir-ekin egindako txakoli beltz monobarietala dauka merkatuan eta horrez gain,  hondarribi zuriaren parekoa den hondarribi beltzarekin nahastutako beste bat ere eskaintzen du. Mendrakatik diotenez, «Hondarribi mahatsari kosta egiten zaio heltzea, eta hori bereziki garrantzitsua da ardo beltzetan. Pinot noir-ek, aldiz, gradu altua hartzen du baita klima freskoetan ere».

Mendrakako upategian, 100 landare inguru daude, «oso gazteak, horregatik, oraindik esperimentazio fasean dago ardoa; baina dagoeneko emaitza txukuna da eta itxaropena, ona«. Ekoizpena txikia da oraindik; ez baitute, urtero, ardoa egin ahal izateko beste mahats batzea lortu, hortaz, oraingoz ezin dute Kerixeta txakoli beltza normaltasunez merkaturatu. Gaur-gaurkoz gutizia bat da, baina «etorkizun oso ona ikusten zaio», beraz, aurrerantzean ere, izango du euskal ardozaleak txakoli beltzaren bidean zer dastatu.

mahastia-mendraka

 

Artea eta txakolina

Elorrioko Elizalde baserri-upategian egingo den gaurko aurkezpenean, Kerixeta txakoli beltz bereziaren etiketa eta irudia ere emango dira ezagutzera. Irudia 2d1 proiektuko kideek sortu dute; Gotzonek eta Peruk asko landu baitute ardoaren inguruko estetika Mikel Garaizabalekin (Mendrakako upategiko enologoa eta txakolinaren enbaxadorea) hainbat dastaketetan eta arte lanetan. Esperientzia «hortik ateratako eskarmentua ekarri dute orain Kerixetaren irudira».

Dejar respuesta

Please enter your comment!
Please enter your name here

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.