Ortu artistikoa unibertsitatean: “Fruta-arbolak jitoan” proiektuaren kiribil logaritmikoa

23 espezie ezberdinetako 50 barietate baino gehiagorekin osatu dute artelana, eta bakoitzari zenbaki bat edota istorio berezi bat dagokio.

Frutales a la deriva_Inesita de Asua (1)

BBN ERREDAKZIOA

2012-13 ikasturtean UPV/EHUko Arte Ederren Fakultatearen baitan sortutako “Fruta-arbolak jitoan” proiektuaren lehen fasea, Inesita de Asúa barietateko sagarrondo batekin bukatu da; orotara, 72 zuhaitz landatu dituzte.

Guztira, 23 espezie ezberdinetako 50 barietate baino gehiago ditu Arte Ederren Fakultatearekin batera, Leioako Ostalaritza Eskolak eta Zallako Frutagintza Estazioak abiatutako ekimenak; ortua eta artea bat eginda.

Ortua osatzen duten fruta-arbolek kiribil logaritmiko bat osatzen dute Irakasleen Unibertsitateko Eskolaren aurrealdeko landan. Landatutako espezieen artean, sagarrondoak, laranjondoak, gereziak, irasagarrondoak edota arbendolondoak daude, baina baita izaera exotikoagoa duten beste batzuk ere; hala nola, mazpil-elorriak, kakiondoak edota jujubondoak. Unibertsitatetik jakitera eman dutenez, guztiak izan dira aukeratuak inguruko klima, behar duten mantentze-lana eta beraien erresistentzia kontuan hartuta.

Antonio Garbayo UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko irakasle eta ekimenaren bultzatzaile nagusiak adierazi duenez, “ortuak paseatzea arte-jarduera gisa berreskuratu nahi du, Land Art-aren moduko korronteekin bat eginez, zeintzuetan ibiltzea eta paseatzea arte-jarduera bihurtzen den. Hemendik aurrera, beste sentsibilitate batzuk sartuz, beste kontzeptu batzuk eransten dira: gastronomiarenak, ekologiarenak… Paisaiaren gozamena, azken batean”.

Istorio hunkigarriak

Landatutako fruitu-arbola bakoitzak 1etik 72ra bitarteko zenbakiak dauzka, eta kiribilari hasiera zein bukaera ematen dizkioten espezieak bereziki aukeratuak izan dira.

Izan ere, lehenengo zenbakia daukan fruta-arbola KZ-3 barietateko sagarrondo bat da. Korbinian Aigner apaiz katoliko alemaniarrak sortu zuen barietate hau Dachau-ko (Munich, Alemania) kontzentrazio-esparru batean atxilotuta zegoela, 40ko hamarkadaren hasieran. Aignerrek bortxazko lanak egin behar izan zituen, batez ere nekazaritza atalean. Kuartel biren artean hainbat sagarrondo landatu zituen, eta barietate berriak sortzeko parada izan zuen. KZ-1, KZ-2, KZ-3 eta KZ-4 izenak jarri zizkion barietate berriei (alemanez, KZ-k kontzentrazio-esparrua esan nahi du). KZ-3 barietateak izan ezik, besteek ez zuten lortu denboran irautea.

Kiribila ixten duen fruta-arbola, berriz, 72 zenbakiduna, beste sagarrondo bat da; honako hau, Inesita de Asúa barietatekoa. José Asúa euskaldunak sortutakoa da 30. hamarkadan. Asúa okina zen, baina bere zaletasunetako bat barazkigintza zen. Alaba bat hil zitzaion oso gaztea zela, eta, Londonera egin zuen bidai batean, alabaren omenez, bere izenarekin erregistratu zuen barietate berri hori National Apple Register of the United Kingdom-en. Kasualitatez, okin haren zazpi ilobetatik hiru irakasleak izan dira UPV/EHUko ikastegi ezberdinetan. Loli (joan zen otsailean jubilatu zen Bilboko Irakasleen Unibertsitate Eskolako irakasle bezala) eta Inés Asúa ahizpek ere parte hartu dute “Fruta-arbolak jitoan” egitasmoaren lehen atalari bukaera eman dion ekintzan. Argazkian ageri dira Antonio Garbayoren alboan; ezkerrean lehena, eta eskuma aldean bigarrena.

Ohore handia da gure familiarentzat barietate hau aukeratu izana egitasmoari bukaera emateko. Inesita de Asúa sagarra guretzako sinbolo bat da; beti egon da oso presente gure eguneroko bizitzan. Gogoratzen dut, oso gazteak ginenean, gure meriendarik ohikoena ogia sagar-gozokiarekin zela; Inesita de Asúa sagarrarekin egindakoa, jakina”, adierazi du Loli Asúak.



Deje un comentario

Su dirección de correo no será publicada.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.