Zergatik ez dago zentral nuklearrik martxan Japonian Fukushima-ko istriputik lau urtera?

Fukshima-ko istripua gertatu zela lau urte pasa berri direnean, ez dago zentral nuklearrik martxan ustez segurtasun nuklearraren adibide zen herrialdean. Kalteak aztertu eta energia eredua birplanteatuko ote dute?

fukushima

LIBE MIMENZA CASTILLO

Duela lau urte, historiako bigarren istripu nuklearrik garrantzitsuena gertatu zen Japonian, Fukushima-ko istripua. Istripuaren eraginez 80.000 bizilagun atera zituzten euren etxeetatik beste toki batzuetara eramateko eta “horietariko gehienak oraindik beraien etxeetara itzuli ezinda daude”, hala baieztatu du Fernando Plazaolak, UPV/EHUko Fisika Aplikatuko katedradunak, duela gutxi Azkuna Zentroan emandako Fukushimaren nondik norakoak hitzaldian.

2011ko martxoaren 11n, Richter eskalan bederatzi gradu izan zituen lurrikara batek 15 metroko altuerara iritsi zen tsunamia eragin zuen. Haren ondorioz, Japoniako 14 erreaktore nuklearrek kalteak jasan zituzten; horien artean, Fukushima-Daiichi zentraleko 4. erreaktoreak jasan zituen kalte handienak.

Egun, ingurumenean eta osasunean pairatutako ondorioak ikusten hasi berriak gara; esaterako, “sortutako kutsadura, alde batetik eskualde zabal batera zabaldu dena eta orain garbitzen saiatzen ari direna, eta bestetik, itsasoratu dena. Era berean, zentralak hozten jarraitu behar dutenez honek arazo handiak sortzen dizkie”. Hortaz, istripuaren eragina osotasunean ezagutzeak eta neurtzeak luze joko du; baita zentralean bertan dauden erreaktoreen hustuketek eta konponketek ere.

Horrenbestez, nabarmena da Japoniako gizartearen energia nuklearrarekiko konfiantza gutxitu egin dela. “Izan ere, egun ez dago zentral nuklearrik martxan; eta sasoi hartan 54 zeuden”. Tartean, berriz ere, nuklearra aktibatzeko saiakerak egin dituzte: “Zentral bat jarri zuten martxan, baina gizartearen presioarengatik berriro itxi behar izan zuten”. Hala ere, joan den urteko azaroaren amaieran iragarri zuten, aurten, bi zentral nuklear jarriko direla martxan berriro ere Sendai inguruan. Halaber, nazioarteko gizartearen industria nuklearrarekiko konfiantza ere gutxitu den arren, “zenbait herrialde emergenteetan -Txina da adibide zuzenena-, hasiera batean zentral nuklearren eraikuntza egitaraua gelditu bazen ere, berriro hasi dira eraikitze lanetan”. Ikusteke dago, beraz, tamainako istripuaren gizateriarentzako ondorio zehatzak nolakoak izango diren.

Segurtasuna auzitan

Japonian lurrikarak eta tsunamiak ezagun samarrak badira ere, noizbehinka gertatzen diren fenomenoak direlako, Fukushimako istripuaren aurretik Asiako herrialde hau segurtasun nuklearraren arloan adibidetzat jotzen zen, bai segurtasun nuklearragatik, bai gaitasun teknologikoagatik. Lurrikararen eta tsunamiaren eragin zuzena 14 erreaktoretara heldu zen; horietatik 11 zeuden martxan. Ez zen, gainera, Fukushima I epizentrotik hurbilen zegoen zentrala. Era berean, 4 erreaktoreko Fukushima II zentralak, lehenengoaren ondoan egon arren, ez zuen horrenbesteko kalterik jasan. Zer gertatu zen orduan? “Fukushima I-eko 14 erreaktoreetatik kaltetuen gertatu zirenak zaharrenak izan ziren, eta, gainera, ordurako IAEAk (Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak) tsunami kasuetarako aurreikusitako hobekuntzak ez ziren bideratu”.

Era berean, Fernando Plazaolak ezbeharraren kudeaketa arbuiagarria izan zela uste du. “Ez zen batere ona izan, oso txarra izan zela esango nuke. Izan ere, Fukushima-ko istripu nuklearra aztertzeko sortu zen ikerketa batzorde independenteak (NAIIC) argiro dio TEPCO enpresa nuklearrak, segurtasun nuklearreko agentziak eta gobernuak kale egin zutela istripuaren kudeaketaren hainbat arlotan. Tsunamiaren garaiko Naoto Kan lehen ministroak ere aitortu zuen istripu nuklear erraldoi honek agerian utzi zituela Japoniako industria nuklearraren eta arautegiaren ahultasunak; segurtasun arau ez aproposetatik hasita, krisiaren kudeaketaraino”.

Energia eredua

Duela lau urte, Japonian, energia elektrikoaren %25a baino gehiago ekoizten zen; hain zuzen, energia nuklearrari esker. Istripuak energia politikan eragin du, orain, “bereziki ikatza, gasa eta petrolioa erabiltzen ari dira” eta “hori guztia kanpotik inportatu beharra daukate” UPV/EHUko Fisika Aplikatuko katedradunaren arabera. Gainera, “energia berriztagarriei ere, lehen baino bide handiagoa ematen diote”. Hala ere, errentagarritasuna bihur daiteke gakoa; “Japoniako energia arloko kostuak asko igo baitira eta hori eragin handiak sortzen ari da bertako ekonomian”.



Deje un comentario

Su dirección de correo no será publicada.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.