Duintasunaren izenak

Selma. Tonbuktu. Duintasunak izen ugari ditu. Batzuk ezagunak egiten dira, beste batzuk isilpean gordetzen. Leku horietan guztietan duintasuna mantentzeko borrokan egi(te)n duen jendea bizi da, urrutira joan gabe.

IRENE ELORZA

Martin Luther King. Ibrahim eta bere lagunak. Izen propioek berezko esanahia hartzen dute historiaren begiradapean. Izen horien jabeek euren herrikideen bizitzak argitzen dituzte, itsasargiek gisan. Itzalak ere izaten dituzte, eguzkiaren halabeharrezko ondorioa baita geriza; baina barruan duten argiari bidea ematen dioten pertsonak dira eta ingurukoak argitzeko dohaina dute, bide batez.

1965. 2012. Urteen joan-etorriek ez dute askorik aldatzen duintasunaren aldeko borroka, ez dago hasierarik eta bukaera ostertzean ezkutatzen da. Eskubide urraketa bat gertatzen den aldiro berpizten da askatasun egarriaren sugarra. Gertalekua aldatzen da, garaiak aldatzen doaz, pertsonak mudatzen dira. Duintasuna da bere horretan mantentzen den bakarra, nor bere erara eta ahal duen bezala.

Selma, Alabama (AEB), Martin Luther King, 1965: Martin Luther King elizgizonak boto eskubidearen eta berdintasunaren alde gidatutako mugimenduaren mugarria urte eta toki horretan iltzatuta geratu da. Selma (Ava DuVernay, 2014) filmak epikaz erakusten du borrokalari bakezale haren adorea, elkartasunean oinarritutako bere indar geldiezina. Bada eszena bat non Selma eta Montgomery hirien artean egitekoak diren protesta martxaren bigarren saiakeran ehunka lagun abiatzen diren Kingen atzetik, eta hiriaren irteeran dagoen Edmund Pettus Bridge izeneko zubia gurutzatzen ari direnean aurrez aurre topatzen dituzten polizia, armada eta herritar zuri arrazista saldoa. Martxaren lehendabiziko saiakera bortizki  zapaldu zuen polizia berberak Johnson presidentearen agindu berria bete eta manifestariei aurre egiteari uko egiten dio. Orduan, King belauniko jartzen da eta errezatzeari ekiten dio. Jendeak ez du ulertzen bere jarrera, baina buelta eman eta atzera Selmaruntz abiatzen denean jarraitu egiten diote. Errenditze koldarra dirudiena, indarrak batzeko estrategia besterik ez da. Handik gutxira hirugarren martxa antolatu zuten. Milaka pertsonek hartu zuten parte, zuri eta beltz, gizon eta emakume, zahar eta gazte, eta Selmatik Montgomeryrako bidea osatu zuten duintasuna nazio osora zabalduz.

Tonbuktu, Mali, Ibrahim eta bere lagunak, 2012: Timbuktu (Abderrahmane Sissako, 2014) filmean bada eszena gogoangarri bat, albistegietan inolaz ere agertzen ez den errealitate bat islatzen duena. Tonbuktu hiriaren inguruetan dagoen belarrik gabeko futbol zelai lehor batean ari da jolasean ume taldea. Oinutsik eta Europako futbol talde erraldoien elastiko zaharrak jantzita ari dira korrika, parrez, gozatzen… Baloirik ez dago, baina. Jokaldiak eta umeen gogoa ikusiz gero baloia hor dabilela badirudien arren, falta da. Izan ere, ezin dute futbolean jokatu. Jihadistek debekatu egin dute, musika bezalaxe. Baina futbolean lagunartean aritzeko eta dibertitzeko gogoa debekua baino sendoagoa denez, hor dabiltza, atzera eta aurrera, jokaldiak marraztuz eta estrategiak sortuz. Hain erreala da dena ezen golak ere badauden, eta inork ez ditu zalantzan jartzen. Jihadistak azaltzen direnean, entrenatzen eta berotzen  ari direlaren itxurak egiten hasten dira, baina muturreko erlijiosoen poliziak aldendu orduko hor hasten dira berriro baloirik gabeko futbolean, askatasuna jolasa balitz bezala.

Nago Eduardo Galeanori asko gustatuko zitzaizkiola eszena hauek. Berak inork baino hobeto jarri baitzizkion hitzak duintasunari.

Deje un comentario

Su dirección de correo no será publicada.