Euskara, euskarak

Euskaraz hitz egiteko modu zeharo ezberdinak ditugu euskaldunok. Entzun eta berehala zein herritakoak garen ia zehatz jakiterainokoak. Berbakera propioz jositakoa da horietako bakoitza, hizkuntzari ekarpen handiak egiteko bestekoa.

JOSEBA ARRUTI 

Itsas bazterretan bizi direnek horrekin lotutako hitz ugari ezagutzen dituzte, eta barrukaldekoek, ostera, nekazaritzarekin eta abeltzaintzarekin zerikusia dutenak. Den-dena globalizatzen ari den honetan, bereizketa honek indarrean jarraitzen du Euskal Herriko hainbat eta hainbat lekutan. Horien batuketa dira euskalkiak, euskal komunitatearen barruan identitatea ematen digutenak. Euskara batuak, aldiz, elkar ulertzeko gaitasun erabatekoa eskaintzen digu, eta arau berberez idaztekoa. Guzti horiek elkarren osagarri dira, sekula ez enbarazu egitekoak. Euskarek osatzen dute euskara, eta denak dira bizigarri eta aberats.

Euskal hizkuntzaren inguruan gezurretan aritu izan direnek eta euskaldungoa konplexuz bete gura izan dutenek ez dute guzti hau ezagutzen. Pobretzat eta mugatutzat jo dute gure hizkuntza, zein loratsua den jakin nahi izan barik. Europan eta munduan direnen artean berezia da euskara, nortasun handikoa eta jatorri ezezagunekoa. Historian zehar berau izan da singularizatu gaituena, ginena adierazteko modua. Eta, gaur egun ere, beronek egiten gaitu zazpi lurraldetan zabaltzen den komunitate bateko kide. Hizkuntza ez da edozein identitate ikur izan euskaldunontzat, funtsezkoa baino.

Behar duen lekua eta erabilera egokia ematea guztion ardura da. Baina oraindik asko dago egiteko. Errepideak, mota guztietako erakundeetako egoitzak eta bestelako asko euskara trakets eta ulergaitzez idatzitako errotuluekin agertzen zaizkigu oraindik, koofizialtasunak hiru hamarkada luze bete dituen arren. Euskararen dinamika eta egitura propioak errespetatu ez eta gazteleraren itzulpen halamoduzkoetara jotzen da gehiegitan, bertoko hizkuntz ondarea ezagutzen ez duten askoren eskutik. Gure herrietara jo behar lukete, euskara bere jatorrian ezagutzera.

Iturri horietan dago hizkuntza naturalena, freskoena. Aldrebeskerietan ibili beharrean modu jatorrenean gura beste adierazteko modukoa. Zuzenbidean edo administrazio kontuetan erabiltzen den euskara asko hobetu da azken urteotan, zuzeneko itzulpenen zorroztasunetik aldendu eta propio dituen egituretara joz. Gaztelerarekiko literaltasun saiakerak ustelak izan dira beti, zentzugabeak eta mugakorrak direlako. Beste zenbait hizkuntza konparazioetarako baliatuz gero, bide berriak aurkitu eta jorratzeko aukera dago. Euskara berezkoa duen nortasunarekin nonahi erabiltzeko.

Luzaroan ezinbestekoa izango da euskararen erabilera sustatzen jarraitzea, inertzia historiko handiak ditugulako atzetik, eta ez beti naturalak, politikatik debekuen eta eragozpenen bidez bultzatutakoak baizik. Badugu non aukeratu berau ondo erabiltzeko, fin eta zehatz aritzeko. Euskal Herria ondo ezagutzea euskarak emateko duen guztiaz jabetzea da. Horretan jardun duenak badaki.

Deje un comentario

Su dirección de correo no será publicada.