BBN ERREDAKZIOA
Bermeoko Udalak azoka alboan dagoen eraikinean margotutako murala aurkeztu du. Zubiautar Kepako 24. eraikinaren etxaurreko murala helburu bikoitzarekin egin dute: «Alde batetik Bermeoko azoka biziberritzeko ekimen bat da eta, aldi berean, Bermeoko Edertze Planaren barne kokatu beharreko jarduera da».
“Bermeoko sarreran kokatuta dagoen mural ikusgarri honek herriaren irudia edertzen du eta, era berean, gure azoka biziberritzen lagunduko digu, bere kokapena seinalatzen baitu. Azken finean, gure azokaren seinaleztapena artelan baten bidez egiten dugu eta hori erakargarria dela uste dugu”, azpimarratu du Idurre Bidegurenek, Bermeoko alkateak.
Muralarekin bermeotarren historiaren, izaeraren, nortasunaren eta lehenengo sektorearen islada jasotzea nahi izan dute. Horretarako, azoka ondoko margoan, itsasoko eta baserriko lana zein bizimodua erakusten duten lau pertsona ageri dira. Bi emakume eta bi gizon dira protagonista; era horretan, “Bermeon lan munduan emakumeak betidanik izan duen protagonismoa eta garrantzia azpimarratzen da mural honetan” alkatearen hitzetan.
Merkataritza zinegotziak azaldu duenez, Bermeoko Udalak Eusko Jaurlaritzak Hirigune 2014 programaren diru-laguntzarekin abian jarri du ekimen hau, Hiri merkataritzaren lankidetza, dinamizazio eta lehiakortasuneko zonako estrategiak sustatzera bideratutako laguntzen programa, hain zuzen ere. Diru laguntza honekin inbertsioaren (BEZ barik) %82a ordaindu da eta gainerakoa Udalak bere gain hartu du.
Azoka biziberritzeko plangintza
Bermeoko alkateak gogoratu duenez, Udalak Bermeoko azoka biziberritzeko plangintza bat egin du eta, horren barne, hainbat dira martxan jarritako ekimenak: diagnostikoa, aparkalekuak, azoka bereziak edota udal azokako ordenantzaren gaurkotzea ekintzaileak erakartzeko. Bestalde, era berean, muralak Bermeo edertzen ere laguntzen duela adierazi dute alkatetzatik, hau da, «Bermeoko sarrera bai herritarrentzat zein herria bisitatzen datozenentzat erakargarriago eta argitsuagoa egiten, herriaren nortasuna mantenduz».