Zin dagit, hurrengo sefie-a ateratzen dudan momentuan zerbait interesgarria pentsatzen ariko naiz. Begiradan antzemango zait nire barruan, sakon-sakonean, badagoela zerbait liluragarria. Ez naiz konformatuko “ni hor egon nintzen” dioen irudia gordetzearekin. Izan ere, norbere buruari argazkia ateratzea munduko gauzarik errazena izan daiteke, galdetu bestela David Slater argazkilariak oihanean aurkitu zuen tximino selfielariari; aldiz, keinu egolatra horri berehalakotasun eta lekukotasunetik haratagoko zentzua ematea zinez konplikatuagoa da. Argazkia eta erretratua ez dira gauza bera. Norbere buruaren erretratua osatzeak ausardia eskatzen duelako, hausnarketa, isiltasuna, bakardadea.
Bi artista ezagunen lana eta bizitzari buruzko filmek eragin didate gogoeta, Mike Leigh zuzendari britainiarraren ‘Mr. Turner’ eta ‘The salt of the Earth’, Wim Wenders eta Juliano Ribeiro-Salgadok elkarlanean zuzendutako lanek, hain zuzen ere. Lehena, biopic generoan bidegabeki sartuko duten filma da; dokumental mardula, bigarrena. Bata zein bestea arteari, sorkuntzari eta pertsonek munduan egoteko duten jarrerari buruzko lezioak dira. Joseph Mallord William Turner ( 1775 – 1851) margolariak eta Sebastiäo Salgado (1944) argazkilariak bakoitzak bere garaiko mundua ulertzen eta iraultzen saiatu dira, erretratu pertsonalak osatuta. Sorkuntza bidelagun, edertasuna bilatu dute; baina ez ikuskizuna sortzeko, batzuetan mingarria den egia bat transmititzeko baizik.
The Salt of the Earth (Lurraren gatza) dokumentalean Wim Wendersek eta Juliano Ribeiro Salgadok azken honen aita den Sebastiäo Salgado argazkilari brasildarraren ibilbide profesionalari erreparatzen diote. Salgadok bizitza osoa eman du pertsonak eta paisaiak erretratuetan jasotzen, orain bera da objektiboaren jomuga. Bere argazki esanguratsuenen proiekzioen gainean ikus dezakegu artistaren irudia, haien inguruko azalpenak bere ahotsetik entzuten ditugun bitartean. Ispiluaren aurrean jarri da Salgado eta gu, ispiluaren beste aldean gauden ikusleak, artistaren biluztasunaren lekukoak bihurtzen gara. Autoerretratutzat har dezakegu dokumentala, beraz. Baina bada Wim Wendersen filma ere, bera islatzen den lana. Zuzendari alemaniarrak eszena batzuk konpartitzen ditu Salgadorekin, argazkilariak 80ko hamarkadaren hasieran Sierra Peladako meatzetan (Para, Brasil) egindako argazkietako batek sekulako zirrara sortu baitzion Wendersi, eta hari horri tiraka hasten du filma. Salgadok azken lau hamarkadetan ezagutu dituen errealitate bortitzetan zehar eramaten gaitu dokumentalak: Sahel-eko gosetea, Ruandako genozidioa, Kuwaiteko petrolio-putzuen suntsipena, Balkanetako gerrak eta abar. Oinaze gehiegiren lekuko izan da Salgado eta azkenean izadian aurkitu du sendabidea, Génesis izeneko argazki saila sortuz eta Instituto Terra baso-berritze proiektuan buru belarri murgilduta. Ibaiak, aintzirak eta putzuak baleko ispiluak izan daitezke.
Mike Leighen filmari dagokionez, ‘argiaren margolaria’ izendatu zutenaren erretratu burutsu baten aurrean gaude. Mr. Turner paisaien margolaria da, ekaitzena, eguzkiarena, lainoena… Bere ibilbide artistikoan autoerretratuak ere egin zituen, artearen historian zehar hain ugaria den autoerreferentzialtasunaren adibide. Baina gainontzeko erromantikoek bezala, Turnerrek ikusten zuena eta ikusten zuenak sentiarazten ziona jasotzen zituen bere margolanetan, eta horrela erretratatzen zuen bere burua. Izadiaren eta pertsonen baitan dauden edertasun eta izugarrikerien arteko tentsioa hobeto ulertzen saiatu zen, ispilu horretan ikusiko zuenaren beldurrik gabe.
Gu, selfielari arruntok, egolatra hutsak gara, baina. Geure buruak ederresten saiatzen gara, gizarte birtualaren erakusleihoan toki nabarmenean jartzeko helburuarekin. Bitartean, ezgauzak gara zintzotasunez eta heldutasunez egindako autobiografia bat sortzeko. Agian apaltasun ariketa bat egin behar delako ispiluaren aurrean luze geratzeko.