Koikili Lertxundi: «Baikortasunak ikaragarri laguntzen nau helburu eta erronka berriak gauzatzerakoan”

Koikili Lertxundi bere aterpetxean. ARGAZKIA: BBN
Koikili Lertxundi bere aterpetxean. ARGAZKIA: BBN
Koikili Lertxundi bere aterpetxean. ARGAZKIA: BBN

 

LIBE MIMENZA CASTILLO – BBN

Ez du aurkezpen luzea behar Koikili Lertxundik (Otxandio, 1980), hala ere, asko izango dira futbolaz aparteko bere bizimodua ezagutzen ez dutenak. Pasadan urteko martxoan erosi zuten Koikili Aterpetxearen eraikina eta osorik berriztu ondoren, urtebete baino lehen ireki dituzte ateak. Lehengo estilo rustikoak eta modernoak bat egiten dute Otxandioko kale nagusian. Sei logela dituzte, orotara 26 lagunentzako lekuarekin; batzuk talde zabalentzat eta beste batzuk intimatea bilatzen duten bikoteentzat. Gelek inguruko auzo eta mendien izenak dituzte eta paretetan Bittor Kapanaga euskaltzale eta idazle otxandiarraren hitzak irakur ditzakegu.

Halaber, ostatuari lotuta gosari zein sukaldea erabili edo janak eskatzeko aukera ere eskaintzen dute, baina harago ere badoaz: aldagela zein takilla zerbitzua, bainu turkoa eta kontraste dutxa dituen erlaxazio gunea, fisioterapia zein estetika eskaintzak, BTT irteerak, mendi ibilaldiak… “Euskara”, “Kirola”, “Pertsonak” eta “Natura” balioak besarkatuta eraikitako proiektua da Koikilik kudeatzen duen Itzarri Taldearen azken eskaintza. Dena den, aukera guzti horiez gain, garapen pertsonal zein profesionalari lotutako aholkularitza zerbitzuak eta biomasa bidezko berotze-sistemen salmenta ere burutzen dute.

Hankak lurrean eta eskuak lanean dituen pertsona da Koikili Lertxundi. Hiztuna, hurbilekoa, benetakoa… Negu garaian, bazkari beroaren bueltan egin dugu elkarrizketa; Bizkaiko herririk hotzenetakoa den Otxandioko kaleetan barruraino sartzen den haize hotzari aurre egiteko. Etxeko janariak berotu dizkigu barrenak eta Koikiliren hitzek esnatu dute gure kontzientzia.

Natura da sortzaile, pertsona natura da. Arima da hizkuntza, arimaren hizkuntza gara. Itzarri dezagun gure kirola: euskara!” horixe da Koikili aterpetxearen harreran irakur daitekeen mezua. Nola ulertu eta garatzen dituzue balore horiek?

Kirola, natura, euskara, pertsonak… esparru nahiko zabalak dira. Gu saiatzen gara balio horiek lantzeko onuragarria den zerbitzu bat eskaintzen. Ideala litzateke naturzale, euskaldun, kirolzale, jator bat gure artean izatea eta berarentzako Itzarri erreferentzia bat bihurtzea zentzu horretan. Hala ere, ez da baldintza bat; herritar guztiek goza dezakete gurean. Hori bai, nahiko genuke gure bezeroek zaletasun eta errespetu bat izatea naturarekiko, kirolarekiko; noski, guk kirola ulertzeko dugun moduaren baitan.

Kirola nola ulertzen duzue, bada?

Kirola, kirol profesionalera oso bideratuta dagoen mundu bat da egun eta jende askok uste du existitzen den kirol bakarra profesionalena dela. Kirola eta jarduera fisikoaren arteko eztabaidan sartu gabe, lau kirol mota daude: profesionala, errendimenduzkoa, eskola kirola eta aisiarekin zein osasunarekin lotutako eredua. Gure ustez, kirolaren oinarria azken eredu horretan dago eta hori sustatzen saiatzen gara. Eredu horren barruko baloreak dira benetan kirolzaletasunaren motibo. Ni, adibidez, kirolaria eta kirolzalea sentitzen naiz eta zaletasun horren abiapuntuan oso balore garrantzitsuak egon izan dira beti niretzat: osasuna, aisia, elkartasuna, laguntasuna… Hain justu kalean aipatzen ez diren horiek; herritarrek, oro har, kirola lehiarekin guztiz bat ulertzen baitute.

Kontzeptua kutsatu egin dela uste dut eta, bai kirolari profesionalak, bai errendimenduzkoak oinarritik abiatu izan gara. Aisialdiari eta osasunari helduta ekin diogu eta, bidean, kirol jardueraren bidez eskuratutako asetasun eta ongizate sentsazioek harrapatu gaituzte. Gero, trebea izan bazara txirrindularitzan, korrikan, futbolean, borrokan edo saskibaloian eta lehiakorra ere izan baldin bazara, orduan, agian, zure ibilbidea profesionalizaziora edo errendimendura eraman duzu.

Zein da kirol profesional eta errendimenduzkoaren arteko aldea?

Oso antzekoak dira ereduak, ezberdintasuna dirua da; hau da, profesionaletan kirolari profesionala bere ogibidetik bizi da eta errendimenduzko kirolaria, aldiz, ez beti. Askok profesional batzuek baino esfortzu handiagoa egiten dute, baita entrenamendu aldetik. Hala ere, askotan beste lanbide bat izan ohi dute errendimenduzko kirolariek.

Hortaz, futbolaren barruan emakumearen figura litzake gehiago errendimenduzkoa profesionala baino, ezta? Edo bestelako kirol disziplinak, horrenbesteko oihartzuna izan ohi ez dutenak.

Bai, hor daude futbolariak eta baita Maider Unda, Maialen Chourraut, Eneko Llanos… Gainera, kirol indibidualak izan ohi dira hauenak, kasu gehienetan; beraz, taldekoak baino gogorragoak. Bestalde, urteroko emaitzak lortu behar izaten dituzte, bestela, kirolean aritzeko jasotzen duten beka galdu ohi dutelako. Basque Team-eko kide direnen kasuan babesa handiagoa da, beka bi urtekoa izaten baita. Profesionalen munduan, berriz, kontratuak bi, hiru, lau urtekoak izan daitezke, hortaz, beste lasaitasun bat dago. Izan ere, pasa liteke emakume bat ama izatea, lesio bat gertatzea edo urte horretan gauzak uste ez bezala irtetzea.

Kirolaren munduan, bada asko aipatzen ez den gai bat eta zuk lantzeaz gain nabarmendu ohi duzuna: eskola kirola.

Eskola kirolaren eredua, zoritxarrez Bizkaian, kirol profesionalera eta horren barruan, Athletic, Susaeta, Muniain, Ibai Gomez eta hauei begira dago. Gure ustez, oinarrira begira egon beharko litzateke gehiago; funtsezko baloreak ez ahazteko. Gero umeren batek egin behar baldin badu bere ibilbide profesionala kirolean egingo du; baina izan dadila eskolatik kanpo. Eskolan kirol guztiak praktikatzeko aukera eman behar da eta balioak landu.

Hainbat udalerritan hori aldatzen hasteko ekimenak badaude, ezta? Zein da zuk defendatzen duzun eskola-kirol eredua?

Gipuzkoan hedatua dagoen eredua eta Bizkaiko leku batzuetan jarraitzen dutena defendatzen dugu: umeak oso gazte klubetan sartu beharrean, kirol guztiak praktikatzea. Gero, 12-14 urteren bueltan zaletasuna izanez gero, orduantxe sartzea lehiaren ereduan; ez lehenago.

Guraso batzuk eredu horren aurka ageri dira, umeak klubetan lehenago hasi behar dutela diote, futbolean batez ere…

Hori Athleticen eraginagatik gertatzen da eta kuriosoa da, izan ere, Athleticek ez baitu horren ganien hitz egiten; ez aldeko, ez aurkako. Athleticek bere sistema dauka eta horren barruan daude gazteen taldeak. Txarrena da hori gainontzeko klubetara transmititu dela eta antolaketa hori irreala dela. Kluben artean hiru motatako taldeak daude eta horien puntan Athleticek arretaz begiratzen dituenak. Maila altua duten klub horiek ere zuri-gorrien eredua jarraitu nahi dute eta ez dira konturatzen umeen kalterako dela jarrera hori; umeen hastapenak baldintzatzen baitituzte.

Ni ados egongo nintzateke Athletick-ek bere fabrika sortuko balu, demagun 8 talde alebin, 10 infantil eta beste hainbeste benjamin; baina egun egiten den moduan, ez.

Athleticen gazteentzako liga propio batez mintzo zara?

Bai, Athletic taldearen barrukoa. Ez dut ulertzen nola hainbeste klub, hainbeste talde eta guraso Athleticera begira egon daitezkeen; ume horietako gehienek ez baitute inoiz zuri-gorrien ezta maila txikitako taldetan ere amaituko.

Ez al da hobe futbola praktikatzea baina umeak bere gorputza kontrolatzen ikastea, psikomotrizidadea lantzea eta, gero, praktikatzen duen kirol horri dagozkion trebetasun teknikoak eskuratzea? Futbolean hanken trebetasuna, saskibaloian edo pelotan eskuena, hau da, teknika landu bai, baina landu baita gaitasun motriza, ez?

Hor bi eredu genituzke eskola-kirolaren inguruan: kirol profesionalera begira antolatzen den sistema alde batetik eta, bestalde, garapen pertsonalari lotuta zuk defendatzen duzuna. Posible ote da txiki-txikitatik entrenatzen hasi gabe lehiaren lehen mailara heltzea?

Hor betiko eztabaidagaia aurkitzen dugu. Imagina ezazu, 5-6 urtetatik entrenatzen aritu diren 100 umetatik 4 profesional lortzen direla. Nork dio horiek horren gazte hasi ez balira inoiz ez liratekeela goren mailara iritsiko? Nik badakit umeek gazte-gaztetatik kirol guztietan trebeak izateko gaitasuna hartzen baldin badute. eta euren gorputza kontrolatzen ikasiz gero, orduan, trebea den kirol horren aldeko erabakia hartuko du berak, bere kabuz; dela futbola, pelota, txirrindularitza, saskibaloia… eta lehiakorra bada, agian, bide profesionala ere egingo du. Erabaki hori 14 urterekin har daiteke. Umea oso ona baldin bada eta futbola aukeratzen baldin badu, Athleticera iritsiko da; eta, hala ez bada, umeak berak sartuko du hanka. 7-8 urterekin aldiz gurasoek hartzen dituzte erabaki horiek, ez norberak.

Nire kasua hori da; ni ez nintzen talde federatu batean sartu 14 urtera arte. Gaur egun pentsaezina da ni bezalako jokalari batek Athleticen lehen talderainoko bidea egitea. Egia esan, horrelako kasu bat azken 20-30 urtetan ez da gertatu, baina nirea salbuespena beharrean, zergatik ez da erreferentzia? Nik erakutsi baldin badut dena kontra izanda goren mailara heltzea posible dela, zergatik ez du beste batek ere lortuko? Are gehiago, zergatik ez dugu jendartean eredu hori sustatuko?

Ez da horren garrantzitsua umetatik klubetan sartu eta entrenamenduetan murgiltzea. Horrela hasitako zenbat iritsi dira, ez lehen mailara, esaterako, bigarren mailara? Zein da portzentaia? Bidean hilotz asko geratzen da. Gazte askok txikitatik abiatzen du kirol profesionala helburu duen bidea, baina gero momentu bat heltzen da puntako klubek bere taldeak osatzeko aukeraketa egiten dutena eta, une horretan, izen asko kalegorrian geratzen dira; urte luzez prestatu eta sakrifikatu diren pertsona asko. Hilotz deitu ditudan horiek, batzuetan kirola gorrotatzera ere iristen dira. Hasteko, horiek ez dakite kirola eta kirol profesionala bereizten eta, gainera, uste dute futbola dela dena. Zer balio transmititzen ditugu eredu horrekin? Zer heziketa-lan egin dugu?

Hezkuntzari dagokionean, eta eskolei zehazki, jolasorduak eta jolastokiak ere badute bere garrantzia, ezta?

Garrantzia handia. Eskola batzuetan, oraindik, gure garaiko ereduak daude. Nik hainbat eskoletako zuzendariekin hitz egin dut eta oso kezkatuta daude. Esaten dute, umeei eurek nahi dutena egiten utziz gero, duela 50 urte egiten zena errepikatzen dutela: mutilek patioa okupatzen dute futbolera jokatzeko, traketsena atezain jarrita eta besteak begira; neskak, berriz, multzoka jartzen dira inguruan euren kontuekin… Horrela ulertzen dute kirola ume horiek. Horregatik hasi dira eskola batzuetan jolas tarteak erregulatzen. Beste eredu bat bultzatzerakoan erantzunkizun handia daukate eskolek eta baita gurasoek, noski.

Natura, euskara, kirola eta pertsonak Koikilren gidari. ARGAZKI: BBN
Natura, euskara, kirola eta pertsonak Koikilren gidari. ARGAZKI: BBN

Zure proiektua “natura”, “euskara”, “pertsonak” eta “kirola” balioekin definitzen duzu horiek direlako zure bizitzaren gidari?

Bai, niretzako gozamena da horrelako proiektuetan ibiltzea; izan ere, zer da lana eta zer da beharra? Beharra zama bat kontsideratzen da; lana, aldiz, ez. Nik lan bezala horrelako baloreak sustatzea izatea gozamena da, eta niretzako garrantzitsua da nire pertsona jorratu ahal izatea eta niri ondo etorri zaizkidan balioak, abiatutako proiektu ezberdinen bidez, beste batzuentzako ere lagungarri bilakatzea. Modu positibo batean eragin: ez geratu gauza txarretan, bizitzan aurrera egin ahal izateko behar duten harreta soilik eman horiei, batez ere, indarrak hartu eta aurrera egiteko. Gehienetan, aurrera egite horretan, alderdi baikorrei begira egoteak askoz indar gehiago ematen baitio norberari.

Eta ni, adibidez, horren aldekoa naiz eta horrela bizi naiz. Pentsatzen dut baikortasun horrek ikaragarri laguntzen nauela helburu berriak eta erronka berriak, bai planteatzerako orduan, bai gauzatzerako orduan. 

Zure futbol ibilbidearen ondorioz bihurtu zara ezagun eta horrek eragin du baita zure arrakasta ekonomikoa. Gaur egun, asko dira helburu horiek betetzea amesten dutenak; bai umeak, bai gurasoak. Horrelako bizimodu ona lortuta, nola erabakitzen da hortik irtetea? Erabaki pertsonal bat izan al zen edo egoerak baldintzatutakoa?

Biek eragindakoa. Azken batean, bizitzan kasualidade gutxi dago; beti dago kausaren bat. Nire kasuan, kausalidadez betetako ibilbide bat izan zen horra eraman ninduena; kausalidade guztien batuketa bat eta, baita ere, zorte apur bat. Zortea izan nuen eta guztiok behar dugu zorte puntu hori: hainbeste lan egin ondoren, horrelako mundu hain lehiakorrean sartu nahi izanez gero, zortea ere behar da aukeratua zu izateko, izan ere, zutaz gain, aukera asko baitaude. Une horretan, zure bizitza aldatuko duen erabaki bat hartzen du zu ez zaren norbaitek, azken hitza beste baten esku dago, kasu honetan entrenatzaile baten esku; berak zu hautatu zaitzan zortea behar da. Zugan jarriko dute arreta zeuk egindako lanagatik, baina, gero, azken aukeraketa, ez dago zure esku.

Nik lortu nuen punta-puntara iristea, hala ere, egia da pertsona askok mundu hori arrosa kolorekoa dela uste duela eta dena ez da ona. Arrakasta profesional eta sozialaren estalpean, jada, adin batekin onartzen ez dituzun gauza asko daude. Zer da txarrena? Mundu hori haragi merkatu bat dela. Jokalaria haragi puska bat balitz bezala tratatzen dute; eta gaztea zarenean anbizio handiko helburuak dituzu, beraz, ez zaitu horrenbeste kezkatzen ia-ia egunero haragi zati bat moduan sentitzeak. Aldiz, lesionatzen zarenean edo ez zaituztenean behar, gaztea bazara zure xedea lortu arte eutsiko diozu, baina adin batera heltzen zarenean hortik ez zarela pasako erabakitzen duzu.

Nire azkenengo urteak nahiko gogorrak izan dira. Duela sei hilabete utzi nuen futbol profesionala eta, orain, Otxandioko Vulcano taldeko afizionatua naiz. Athleticeko azkenengo urtea, Bielsaren garaian, oso gogorra izan zen; zokoratuta egon nintzen. Horixe da haragi merkatu bortitzaren adibide bat, niretzat, krudeletan krudelena. Bizkaitarra izanda eta, gainera, ikaragarrizko bullyng-a sufritzen Athleticen; hori oso gogorra izan zen! Hala ere, gainditu nuen. Eta, gero, Mirandesen emandako bi urteak ere nahiko txarrak izan dira zentzu horretan, nahiz eta beste alderdi askori dagokionean, oso onak ere izan diren.

Futbola aukeraz betetako mundu bat da, esaterako, jende asko ezagutzeko aukera ematen baitu, baina marrazoz eta interesez betea ere badago; azkenean, haragi zati bat baino ez zara.

Hala ere zu kirol profesionala uztera heldu baino lehen hasi zinen futbolaz haragoko proiektuak martxan jartzen. Zer dela eta sentitu zenuen beste zerbait egiteko behar hori?

Oso ipurterrea izan naiz beti eta buruan gauza asko izan ditut. 2004an hasi nintzen enpresa munduan, orduan sortu genuen Itzarri Consulting enpresa. Orain, 2014an beste bi proiektu sortu ditugu: bat Koikili aterpetxea kudeatzeko eta bestea Itzarri Natura, naturarekin erlazionatutako zerbitzuak eskaintzeko. Gainera, nahiz eta futbolean aritu ikasketetan ere inplikatu nintzen. Urte bat oroitzen dut bereziki, eroen parekoa izan zelako: karrerako azken urtea egiten nebilen Gasteizen, Itzarri enpresa martxan jarri genuen eta futbolean nenbilen aldi berean. Athleticen eta nire proiektuan lanean nengoela jende askok esaten zidan zergatik egiten nuen horrelako esfortzua inolako beharrizanik izan gabe; baina nik beharra neukan.

Niretzako dirua ez da garrantzitsua. Garrantzitsua da aukera ematen dizulado, batetik, zorretan ez sartzeko eta, bestetik, inori eskatu behar ez izateko. Espekulazioaren kulturaren barruan bankuek pozoitutako gozokia jarri izan dute herritarren eskura; ni ez naiz horren aldekoa, hala ere ez dut kritikatzen, bakoitzak erabakitzen du zer egin. Hala ere, niri ez zait burutik pasatzen 40-50 urtetan norbaitekin zorretan egotea. Izan ere, hasteko ez dut jakingo horren denbora luzean lana izango dudan ordainketei aurre egiteko, gaur egun nahiz eta lan kontratu finkoa izan berdin kaleratu zaitzaketelako eta, jarraitzeko, ez dakit hainbeste biziko naizen ere ez. Hala ere, egia da diruak zure proiektuak garatzen laguntzen duela, bestela, nik ezin izango nituzke nireak martxan jarri eta neure ametsak egi bihurtu.

Nik txikitan oso argi neukan kirolari izan nahi nuela; oso kirolzalea izan naz beti eta oso frikia ume garaian. Asteburua heltzen zen eta ez nintzen etxetik irtetzen; telebista, irratia… kirol guztiak gustatzen zitzaizkidan; bela eta golfa ezik. Eta zaletasun hori, praktikaren bidez trebetasunera bideratu nuen. Hor konturatu nintzen ondo moldatzen nintzela borrokan, pelotan, bizikletan, frontenisean, futbolean… orduan, zaletasun handi hori garatu nahi nuela erabaki nuen, profesionalizatu. Aldi berean, ikasketen aldetik eta bestelako ekimen batzuen aldetik beste garapen bat ere izan dut; horrek, egun, bizimodu aldaketa horren traumatikoa ez izatea ahalbidetu dit.

Gaur egun askok egiten duen legez, horrenbeste urte kirolean zentratuta pasatzea, ez da ona. Indar guztiak horretan ipini beharrean, indarrak banatu eta hainbat esparru garatzea hobea da. Hori pertsonontzat garrantzitsua da, gauza bat amaitzen dugunean, beste bateko ibilbidea hasita izateak eskainiko baitigu, bestela, ohitura aldaketa traumatikoa izan daitekeenaren kolpea murriztea. Noski, bestelako garapenik izan ez baldin baduzu, bat-batean 35-40 urteren bueltan zure kirolari profesional etapa amaitu egiten da eta horrekin, ordura arte ezagututako bizimodua. Berriro hasi beharra daukazu une horretan eta futbola ez den edozertan ezjakin bat zara. Askorentzat hori arazo handi bat da nahiz eta arrakasta edo diru asko izan. Nola amaitzen du jende horrek? Oso gaizki. Kontrolatzen zuten esparru bakarra desagertu egin baitzaie eta horrek jendartean eragiten zuen mirespena baita, are gehiago, mirespen hori gutxinaka-gutxinaka kontrako alderantza doa. Hori momentu latza izaten da eta zentzu horretan lan asko egiten ari da egun kirolariekin. Diru guztia xahututa, emozionalki apurtuta edo alkohol zein drogetara engantxatuta ez amaitzeko lana egiten ari da.

Zuk ez zenituen indar guztiak futbolean jarri; aitzitik, ikasteko gogoa adierazi zenuen hasieratik eta Unibertsitatean eman zenuen izena.

Ikasketekin jarraitzeko erabakia nortasunagatik izan zen. Nik kirolarekin harremana zeukan zeozer ikasi nahi nuen, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientziak lizentziatura egin nahi nuen, hain zuzen ere.

Baina Historia hautatu zenuen…

Bai, Historia egin nuen. Institutuko azken urtea ez zen oso ona izan; selektibitatea irailean gainditu nuen, beraz, ez zidan notak eman nik nahi nuen karreran sartzeko. Kirol Magisteritza egitea pentsatu nuen orduan, baina, jada ez zegoen plazarik, ez behintzat publikoan eta nik publikoan ikasi nahi nuen. Institutuko azken urtean Historiak nire interesa piztu zuen, horregatik erabaki nuen karrera moduan hautatzea. Behin ikasketak hasita, enpresarialesetara aldatu nintzen; beranduago, berriz ere, Historiara bueltatzeko. Gaur arte, Historia albo batera utzita izan dut baina noizbait, esku artean ditudan proiektuak gaizki joaten bazaizkit irakasle izateko zerrendetan izena eman dezaket edo, orain adibidez, Koikili Aterpetxean ibilaldi historiko kulturalak eskainiko ditugu, beraz, gida moduan jarduteko berreskuratuko ditut ikasitakoak.

Historiaz gustatzen zaizuna zeure gertukoa ezagutzea dela esan genezake?

Noski, horrekin identifikatzen baitzara gehien. Niri eskolan historiak liluratu ninduen aro garaikidera iritsi ginenean. Izan ere, garai kuaternarioa edo aitzin aroa oso urrun sentitzen dituzu eta esfortzu handia egin behar duzu imajinatzeko eta, batez ere, ulertzeko. Gertu sentitzen dudanak sorgitzen nau; eta hori herri batean lokalizatuz gero, are gehiago.

Ikasketek disziplina eman zidaten. Eta gerora ere ikasi behar izan dut. Enpresa sortu genuenean nik ez nekien ezer ez enpresa baten sortze prozesuaz, ezta ere saltzen genuen produktuaz. Sistema parte-hartzaileak saltzen hasi ginen, oso salgai kualitatiboa. Produktua bera zer zen ikasi behar izan nuen lehenik eta behin. Gero, nola garatzen den parte-hartzea, baita, informeak egiten… Lehen bi urteak gogorrak izan ziren. Lan asko egin genuen, ez genuen kobratu, esfortzu handia egin behar izan genuen; hori bai, satisfakzio maila ere handia.

Koikili Lertxundi da Itzarri enpresen aurpegia. ARGAZKIA: BBN
Koikili Lertxundi da Itzarri enpresen aurpegia. ARGAZKIA: BBN

Zerk bultzatu zintuen orduan enpresa bat sortzera?

Enpresa familiako kide batengatik sortu genuen. Bera oso gaixorik zegoen, orduan, berarentzako aukera bat sortu genuen; bere garapen pertsonal eta profesionala ziurtatzeko. Horregatik, enpresaren sorrerak esanahi sentimental-bital berezia dauka. Izan ere, Itzarri Consulting garapen pertsonal eta profesionala lortzeko zerbitzu bat da. Bertan, alde batetik, euskara sustatzen dugu kirolaren bitartez eta, bestalde, pertsonei euren garapenean laguntzeko zerbitzua ere eskaintzen dugu.

Egun, pertsona horrek enpresan jarraitzen du lanean eta ni ikaragarri betetzen nau oso gaizki zegoen hura lagundu eta hari argitasun piskat bat eskaintzeko egindako esfortzuak; hori baino balio handiagoko gauzarik ez dago.

Eta horrela hasi zineten sistema parte-hartzaileak saltzen enpresei. Euskal Herrian, enpresagintzaren baitan, parte-hartzearen kultura badaukagula esan daiteke?

Ez. Dauden modu parte-hartzaileak normalean aisiaren barnean edo lan bolondresei lotutako ekimenetan garatzen dira; ez hainbeste lanari dagokionean. Azken esparru horretan, esporadikoa izan ohi da parte-hartzea; inolaz ez sistematikoa. Alderantziz, jerarkiak indar asko daukan bestelako sistema bat egon ohi da errotuta, jabetzak indar asko dauka bertan eta pertsonen arteko harremanak oso piramidalak izan ohi dira. Horrelako kultura piramidal sustraitu batean oso zaila da beste eredu bat ezartzea. Modu horretan hezitutako pertsona baten balioak beldurrean, autoritatean edo autoritarismoan errotu baitira. Nola inplementatu kontrakoa? Gaur asko hitz egiten da pertsonen inguruan edo sistema parte-hartzaileen inguruan baina egituralki aldaketak dauden arren, esaterako, kooperatibak, zoritxarrez estrukturalki askotan beste enpresak moduan egituratzen dira; bere berezitasunekin, baina jerarkiko. Zaila da auzia nire ustez, eredu parte-hartzaileak abiatzerakoan gakoa jabetzan baitago. Jabetza sistema kapitalistaren oinarria da; jabetzak mugitzen du ekonomia, politika, sozialki ezartzen diren harremanak… Horregatik zaila da hemen jabetza horren errotuta daukagunean, sistema parte-hartzaileak ezartzea. Gu saiatzen ari gara eta apurka-apurka ibilbide bat egin dugu gure eragin esparruan; behintzat, lortu dugu parte-hartzea bezalako kontzeptu bat, edo elkartasuna, garrantzitsuak izatea.

Sistema parte-hartzaileak lantzeaz bat, garapen pertsonala eta profesionala era hauspotzen duzue horretarako autoezagutza baliatuta. Psikoterapiaren etiketa beltza galdu du egun coaching-ak eta modan jarri dela esan genezake, ezta? Bide batetik edo bestetik, baina autoezagutza eta autogarapena kontzeptuak gero eta gehiago entzuten dira. Modan jarri ote da pertsonok, pertsona garen heinean, zoriontasuna bilatzen dugulako etengabe? Garapen pertsonala horretarako bide bihur daiteke?

Bai, guztiz ados. Aipatu duzun guztiaren nahasketa bat gertatzen da. Gero, garapen pertsonalaren munduan, badago profesional talde bat horretan benetan sinesten duena eta bere balioa erakusten saiatzen dena. Gure enpresan, adibidez, izenetik adierazten dugu asmo zintzo hori: Itzarri hitzak esnatu esan nahi du bizkaieraz; bakoitzak daukan ezagutza, izaera, nortasuna eta gaitasunak esnatu ditzan lan egiten dugu. Horretarako metodo desberdinak probatzen ditugu, esaterako, coaching-a edo eneagrama.

Bestalde, badaude, garapen pertsonal edo coaching etiketen azpian dirua ikusita, negozioa egiteko aprobetxatzen dabiltzanak ere. Horiek ez dute, inondik inora, autoezagutzaren edo garapenaren balioan sinesten.

Eta, halaber, badago gai hauen inguruko interes handia daukan jende multzo bat ere. Egun, lan mundua horren latz dagoen honetan, oso prestatuta dauden pertsonak ere kalegorrian daude; gaur ikasketez gain, pertsonalitatera jotzen ere hasi delako. Guretzako garrantzitsuagoa da lan eskaintza batean langilea hautatzerakoan jarrera bat, ikasketak edo lan esperientzia baino.

Jarrera bat moldatzen gehiago kostatzen delako ezagutza bat ikasten baino?

Noski eta egun horren espezializatua dago dena, jada, edozein pertsonak ez duela balio. Lanpostu batek pertsona moduan exijitzen dizkizun gaitasunak berezkoak baldin badituzu errazagoa izango da, alde batetik, postu hori ondo betetzea eta, batez ere, enpresa eta langileari ere interesatzen zaion motibazioa lantzea. Horrelako kasuetan, langilea atsegin dituen gauzak egiten egongo da; gainera, lotuta badaude bere gustua, ikasketak eta izan duen esperientzia profesionala, hiruak bat etorriko dira. Pertsona horrek berez funtzionatuko du proiektu horretan aukera izango duelako pertsona bezala eta profesional bezala garatzeko. Era horretan, bai pertsona, bai enpresa, biak aterako dira garaile; hori da eskaintzen ditugun zerbitzuekin bilatzen duguna.

Hala ere, enpresa batek bere hautagaien pertsonalitatea ezagutuz gero, puntu indartsuekin batera ahulak ere identifikatuko ditu… Praktika horrek ez al du bide arriskutsu bat irekitzen pertsonak manipulatzeko?

Noski eta batzuek erabiltzen dute ezagutza hori manipulatzeko asmoz. Baina ezagutza aplikatzen duenak ez badauka helburu manipulatiborik, orduan, alderantziz gertatzen da. Hots, enpresa batek badaki zer pertsona mota behar duen eta hautagaien pertsonalitatea ezagutzeak berak bilatzen duen horretara hurbiltzea ahalbidetuko dio. Noski, nahiz eta informazio gehiago izan, agian, hanka sartuko duzu, baina, gaizki aukeratzeko probabilitate gutxiago izango duzu; informazioa boterea da egun.

Pentsatu une batez, bizitzan lortuko bagenu atsegin dugun gauza bat ogibide bihurtzea eta lan egitea gurea den enpresa batean (edo beste batena izan arren pertsona zein profesional moduan garatzeko aukera ematen digun enpresa batean), hori, ordutegi eta soldata bat baino garrantzitsuagoa dela uste dut. Zoritxarrez gazte eta ez hain gazte askok ordutegi bat, soldata bat eta konpromezu gutxi hautatzen dute; agian horrek zoriontsu egiten ditu, nik zalantzan jartzen dut.

Lanean, egunero, ordu asko egiten ditugu eta, bizitzan zehar, urte asko; betetzen al gaitu daukagun lanak? Gustoko ez duzun lan bat egiten duzunean hile amaierako soldataren truke, zure balioa ekonomikoa da; non geratzen da garapen pertsonala? Garapen profesionala? Badago jende bat, noski, garapen hori beste esparru batzuetan lantzen duena, adibidez, aisian. Baina barneratu behar dugu lanean ere aurki dezakegula hori, zergatik ez gustuko duguna ogibide bihurtu? Ba al da hori baino asebetetze handiagorik?

Koikili Lertxundi bere izena daraman Otxandioko aterpetxean. ARGAZKI: BBN
Koikili Lertxundi bere izena daraman Otxandioko aterpetxean. ARGAZKI: BBN

Koikili Lertxundik lortu du asebetetze hori?

Ni beteta sentitzen naiz. Esfortzu asko egin dut baina horrek ematen dit niri aurrera jarraitzeko, helburu berriak jartzeko, bide berriak arakatzeko… erregaia. Iraganak ekarri nau naizena izatera, baina ni ez nago atzera begira. Zergatik? Erronka asko ditudalako aurretik. Garrantzitsua da hori bizitzan; bai helburuak izatea, bai horiei ekiteko motibatuta egotea. Orain, zorionez, denbora gehiago daukat nire buruarekin hitz egiteko eta pentsatu ohi ditut gauza asko egin ditudala, denbora gutxian saltsa askotan sartuta ibili izan naizela eta nire buruari esan ohi diot: Zertarako sartuko naiz ni horrenbeste istoriotan? Ezetz esaten jakin behar dut…

Ez da ikasgai erraza hori…

Ez, zaila da! Gero eta hobeto eramaten dut, baina kostatzen da. Bestalde, sentsazioa daukat, beti, zerbait geratzen zaidala egiteke. Ez dakit zer. Baina beti nabil beste erronka baten bila; nire nortasunaren baitan dago jarrera hori. Izan ere, bihar hilko banintz, zer? Ikaragarrizko pena hartuko nuke. Nik ez dut hemendik alde egin nahi. Bizitza hau gozatu nahi dut, bete-betean bizi eta aukera dudan gauza guztiak egitera iritsi. Horixe da nire planteamendua: emozio apur bat izan dezala bizitzak.

Zure iraganeko emozio bizienetako batzuk biziko zenituen ziurrenik jokozelaian. Zer izan da zuretzako futbola?

Alde batetik, bizimodu bat; baina horren aurretik, pasio bat. Gauza on pila bat ere ekarri dizkit, batez ere, futbolak taldeko kirola izanda, aukera eskaintzen du jende asko ezagutzeko. Ni, adibidez, 8-9 futbol taldetan ibili naiz eta bakoitzean ia-ia 25 pertsona berri ezagutu ditut, urtero-urtero; 250 pertsona inguru hamar urtean. Hala ere, nola da posible horrenbeste aukera ematen dituen esparru batean horren benetako lagun gutxi egotea?

Bestalde, pasio bizienen artean, nire herriko Vulcano futbol taldea nabarmenduko nuke: bai hasiera eta orain bukaera hortxe egingo ditudalako. Eta, noski, Athleticeko urteak ere oso garrantzitsuak izan ziren. Ni Athletickekoa izan bainaiz txiki-txikitatik; hortaz, gero hori barrutik bizitzea zoragarria izan da. Urte horien barruan, Madrili irabaztea zoratzekoa izan zen, finala baino gehiago. Gozatu handia hartu genuen Madrili irabazita, izan ere, txikitatik bizi izan duzu partida horren berezitasuna eta gero, San Mamesen, protagonista izatea eta, gainera, hamar urtean behin ematen diegun zaplasteko horren zuzeneko protagonista izateko aukera edukitzea… hori oso polita da, ez da ahazten.

Eta zer dira, gaur egun, zuretzako Koikili aterpetxea, Itzarri enpresak, Otxandio herria…

Erronka handia. Natura, kirola, pertsonak eta euskara bategin nahi ditut eta horiekiko zaletasuna dutenen elkargune bilakatzea aterpetxea. Kanpoko bisitarientzako altxorra, batez ere, Anboto eta Gorbeia artean dago; beraz, proiektu honen bidez bezeroak gure inguruaz maitemintzea lortzen baldin badugu, gu gauden modu berean, hori ikaragarria litzateke. Niretzako erronka hori da: bizimodu eredu bat martxan jartzea, lau balore horietan oinarrituta. Askotan bertakook ez dugu daukaguna baloratzen baina zuk ingurura begiratzen baduzu, hemen, Otxandion, paraje natural ederra daukagu: Urkiolako eta Gorbeiako parke naturalen erdian gaude, Bizkaiko bi mendi garaienen artean eta urtegia ere ondoan daukagu, hortaz, ur kirola atsegin duenarentzako ere leku ederra da. Lortzen baldin badugu guzti honetaz guk beste gozaraztea, ziurrenik, Otxandio ere erreferentzia bihurtuko da eta bisitariek bizimodu osasuntsuarekin lotuko dute; hona datorrenean ondo egon dan sentipenarekin itzuliko da bisitaria etxera, ondo pasarazi behar diegu, deskonexio sentimendua eragin eta euren egunerokoa indarrez berhartzeko energiaz bete. hori guztia lortzea zoragarria litzateke!

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *