BBN ERREDAKZIOA
IkerGazte 2015, ikertzaile euskaldunen lehen kongresua, 2015eko maiatzaren 13, 14 eta 15ean burutuko da Durangoko Landako gunean. Udako Euskal Unibertsitateak abiatutako jardunaldi aitzindariak, ikerketan diharduten euskal unibertsitate guztietako ikerlariak batuko ditu.
Artikuluak nola eta noiz bidali
Lanak bidaltzeko epea otsailaren 16an amaitzen da eta bidalketa easychair plataformaren bitartez egingo da. Honako ikergaien gaineko lanak bidal daitezke:
- Giza zientziak: Historia, Hizkuntzalaritza, Filosofia, Artea, Antropologia…
- Gizarte-zientziak: Ekonomia, Enpresa, Zuzenbidea, Soziologia, Kazetaritza, Komunikazioa, Pedagogia, Psikologia…
- Zientzia zehatzak eta Natur Zientziak: Fisika, Kimika, Geologia, Matematika, Biologia…
- Ingeniaritza eta Arkitektura: Industria Ingeniaritza, Telekomunikazioak, Informatika, Arkitektura…
- Osasuna: Medikuntza, Erizaintza, Farmazia…
Hautatutako artikuluak ISBNa izango duen argitalpen digital batean agertuko dira eta Euskal Herriko hainbat argitaletxerekin lankidetzan batzuen bertsio hedatuak aldizkari espezializatuetan argitaratzeko aukera ere egongo da.
IkerGazte kongresuaren helburua hirukoitza da: ikerlari euskaldunen ikusgarritasuna areagotzea, beraien arteko ezagutza sustatzea eta euskarazko zientzia produkzioa bultzatzea.