Itziar Ituño: “Loreak filmak erakutsi du euskaraz istoria oso onak egin daitezkeela»

Itziar Ituño "Loreak" pelikulan.

GAIZKA ESPARZA

Itziar Ituño aktore basauriarrak bere lanbidearen gorabeherak ondo ezagutzen ditu. Goenkale telesailean antzezten duen Nekane pertsonaiari agur esan behar dion bitartean, Loreak eta Lasa eta Zabala pelikulek izandako arrakastari esker bere ibilbide profesionalaren momenturik onenean dagoela esan daiteke.

Ustekabean harrapatu zaitu Loreak pelikularen arrakastak?

Sumatzen nuen ona izango zela baina gero ez dakizu neurtzen, ez dakizu zelan geldituko den puzlea behin muntaia egindakoan. Ez dakizu, jendeari helduko zaion ala ez, baina bai, itxura bazeukan, hasieratik bazeukan pelikula onaren itxura.

Zein izan zen gidoia irakurtzean izan zenuen lehenengo inpresioa?

Ba irakurri nuenean ordurako banituen eginda hiru kasting. Lehenago gidoiaren zatiak baneuzkan irakurrita, eta hasieran gauza asko ez nituen ulertu. Ez nuen ulertzen nolako itxura edukiko zuen gero, ematen zuen ez zela ezer gertatzen eta egin arte ez nion itxura hartu.

Lourdesen paperaren sortze prozesuan zer izan zen zailena?

Gidoia irakurtzarekoan besteen pertsonaien erreakzioak ulertzen nituen, baina Lourdesek egiten zituen gauzak, zeintzuk ziren bere arrazoiak, ez. Ni ez naiz horrelakoa, eta ez zen erraza ulertzea zergaitik momentu baten Lourdesek erabakitzen duen horrenbeste maite duen senarra ahaztea, aurrera egitea eta bere gauza guztiak botatzea. Hori dana ulertu behar da; ez ulertu buruz, buruarekin uler dezakezu, baina gero, interpretatzerakoan, sinestu egin behar duzu eta zure arrazoi propiak aurkitu. Horregatik, asko hitz egin behar izan genuen pertsonaiei buruz. Gero, lagun bat edo beste etorri zitzaizkidan gogora eta inspirazio apur bat horiengandik hartu nuen.

Itziar Ituño "Loreak" pelikulan.
Itziar Ituño «Loreak» pelikulan.

Jon Garañok eta Jose Mari Goenagak euren bi pelikuletan emakumezko pertsonaiei eman diete lehentasun osoa. Zer iruditzen zaizu bi gizonezko hauek emakumea oinarria hartuta egindako lanketa?

Itzela. Ez dut harrigarria esango, pentsatzen baitut badaudela gizonak horrelako sentsibilitatedunak, ezta? Hori lortu dugu mende batetik bestera, puntu horretan gaude. Ikaragarrizko sentsibilitatea daukatela pentsatzen dut. Eurek bi gizon izanda, jakitea zer pasatzen zaion burutik, adibidez, Aneren pertsonaiari aurremenopausia egoeran eta zer sentitzen duen berak… Badirudi emakume batek idatzi duela gidoia eta ez, gizonezkoak izan dira.

Nolakoa izan zen eurekin lan egitea?

Hasieran, entseguetan biak egon ziren. Aktoreoi gehien zuzendu gaituena Jose Mari Goenaga izan da eta Garaño, berriz, alde teknikoaz arduratu da gehiago; planoetaz, errealizazioaz. Hala ere, noizean behin botatzen zuen bere iritzia eta batzutan bien artean ez ziren ados jartzen. Oso lagun minak dira eta konfiantza handia dute beraien artean: han ibiltzen ziren ea ados jartzen ziren edo ez. Halako momentu batzuk kenduta, oso ondo. Hori bai, oso oso zorrotzak dira; baina, noski, gero emaitzetan ere nabari da hori.

Nolakoa izan zen lana beste aktoreekin?

Nagore Aranburu, Itziar Azpuru eta Joxean Bengoetxea ezagutzen nituen lehenagotik. Egia esan, agertzen diren guztiekin topo egin izan dut inoiz; agian elkarrekin lan egin ez, edo bai. Dena den, Euskal Herria txikia da eta oso giro ona daukagu aktoreon artean, beraz, oso erraza izan zan dena.

Loreak Donostiako Zinemaldiaren sail ofizialean aurkeztutako euskara hutsezko lehen pelikula bihurtu da. Uste duzu filmaren arrakastak euskara bultzatu dezakeela zinemagintzan?

Nik uste dut baietz. Dena den, uste dut jendeari nagia ematen diola euskarazko produkzioak ikustera joateak. Ez dago ohiturarik. Publikoari kosta egiten zaio euskarazko hautua egitea antzerkia ikusterako orduan, zinea ikusterakoan edota bikoiztutako pelikulak ikusteko orduan. Loreak filmak erakutsi du euskaraz istoria oso onak egin daitezkeela; eta istorioak ondo kontauta baldin badaude, horiek, Loreak ailegatu den lekuraino irits daitezkeela. Horrek ikaragarrizko animoak ematen dizkigu zinemagintzako eta antzerkigintzako jendeari: euskararekin ere urrunera irits gaitezke. Askok esaten zuten hizkuntza oztopoa zela Espainian saltzerako orduan, aurreritzi asko zeuden; baina begira, Goya sarietan egon gara.

Hala ere, oraindik eszeptikoren bat gelditzekotan, uste duzu Goya sarien nominazioak konbentzituko duela?

Goya sarietan egon denez ona izango dela pentsatuko du jende askok. Nik sorpresa handia hartu nuen Goyetarako aukeratu zutenean, zer eta pelikula oneraren sarirako. Ez nuen espero, baina begira, ona iruditu zaie eta pozten naiz. Gero horrekin jendea gehiago animatzen bada, ederto.

Nola bizi izan zenuen Goya sarien gala?

Asteburuan gaixorik egon naizenez, sofan ikusi nuen manta batekin, eta egia esan oso luzea egin zitzaidan. Lau ordukoa izan zen eta azkenengo partean, erdi lo gelditu nintzen. Justu-justu, pelikula onenari saria ematekotan zeudenean esnatu nintzen. Baina beno, banekien, ez genuela irabaziko eta Goya La isla mínima pelikularentzat izango zela. Hala ere, hor egonda beti daukazu esperantza txiki bat, baina egunean bertan ikusitako guztiak ipintzen zaitu zure lekuan eta konturatzen zara ezinezkoa izango dela. Beste pelikulak handiak ziren, industria sendoekin atzean. Garbi ikusi nuen momentuan nortzuk ziren aipatuenak eta nortzuk gelditzen ziren bazter batean. Esperantza gehiago neukan musika hoberenaren saria lortu ahal izateko , baina hori ere ez genuen lortu. Hala ere haraino ailegatzea kriston lorpena da.

Sariak ere atzerritik heltzen ari dira, hor daukagu Palm Springs Festival-ean irabazitakoa. Uste duzu gure administrazioak konturatu direla nolako bultzada handia eta baikorra eman dion pelikulak euskarari gure mugetatik at?

Baietz espero dut. Izan ere, jende askok dio, momentu honetan, badirudiela euskal zinea loraldi bat bizitzen ari dela. Bai Lasa eta Zabala eta bai Loreak, biak, Donostiako zinemaldian estreinatu ziren, baina horiek salbuespenak dira. Sekulako esfortzuarekin egiten dira, diru laguntzak oso eskasak izaten dira eta oraindik ez dago planifikazio bat horrelako gauzak bultzatzeko; ez zinean, ez antzerkian, ezta euskarari begira ere, ezer. Krisia aitzakia dela dirudi kulturan, etengabe, murrizketak eta murrizketak egiteko. Ez dakit egunen batean konturatuko ote diren. Ez da ikaragarrizko aurrekontua behar, baina bai behintzat, hortan inbertitzeko asmoa eta gaur egun ez da egiten.

Itziar Ituño "Loreak" pelikulan.
Itziar Ituño «Loreak» pelikulan.

Pasadan urtean Lasa eta Zabala pelikulan ere parte hartu zenuen. Esfortzu handiagoa egin behar izan zenuten gertuko gertaera erreal baten istorioa kontatzerakoan?

Senideak presente egon ziren eta kontu handiz egin ziren gauzak. Nire kasuan, nire pertsonaia fikziozkoa da. Momentu batean pentsatu nuen ez nekiela grazia handirik egiten ote zidan Amaia asmatutako pertsonaia izateak; beraz, alde horretatik, hasieran zapustuta. Hala ere, bestetik, libreagoa zara zurea egiteko. Nire pertsonai propioa eraiki nuen. Istoria errreala da, noski, baina badaude lizentzia batzuk.

Bi pelikulen filmazioa Goenkale telesailaren grabaketarekin uztartu zenuen. Baina badirudi ETBko proiektua amaitzear dagoela. Nekane faltan botako duzu?

Ez. Urte asko izan dira eta Nekanek eman du eman beharrekoa. Gustora egon naiz: giroa, jendea, lana eta horrek ematen duen koltxoi ekonomikoa botako ditut faltan. Baina pertsonaia, horrenbeste urte pasatu ondoren, ez. Orain ezetz diot, hala ere, agian gerora baietz erantzungo dut, ez dakit. Hala ere, gauza berriak egiteko gogoz nago.

Eta hasi berri den urterako zeintzuk dira buruan dituzun proiektuak? Uste duzu Loreak filmak izan duen harrera onak ate berriak irekiko dizkizula?

Benetan, baietz espero dut. Gaurtik aurrera ni langabezian egongo naiz eta Lanbidera joango naiz ilaran jartzera. Hori da nire errealitatea. Hori eta bi emanaldi egingo ditudala antzerkian. Hika antzerki taldearekin Hitzak antzeztuko dugu martxoaren 6an Elgoibarren eta martxoaren 24ean, Eibarren egongo naiz Tanttakaren Barealdi magikoa produkzioarekin.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *