BBN ERREDAKZIOA
Harrapazank programaren hamargarren edizioa abian da eta ohiko Harrapazank eszena lehiaketa zein Sortuzank tailerrez gain, aurtengo edizioan Lonjazank lokal arteko ekimena ere jarriko da martxan.
Bilboko Udaleko Euskara, Gazteria eta Kirol Sailak jakitera eman duenez, «Harrapazank egitasmoak euskararen erabilera gazteen artean sustatzea, esperientzia positibo eta parte hartzaileen bitartez gazteen motibazioan eragitea eta gazteen gustuko ekintza parte hartzaile eta erakargarriak eskaintzea ditu helburu».
Sare sozialak baliatu dituzte berriz ere gazte bilbotarren komunitatea sendotze aldera; horretarako, webgunean albisteak, bideoak, argazkiak eta sare sozialetarako loturak jasoko dira eta parte-hartzaileen gurasoek beraiei zuzendutako atal bat ere izango dute ikusgai. Ekimenaren antolatzaile diren Bilboko Udala eta Euskaltzaleen Topagunearen arabera, «webgunearen bidez, gazteak, parte hartzaile pasiboak izatetik aktibo izatera pasatzen dira, norabide biko komunikazioa sortuz».
Lonjazank programa
Aurten «gazteen gustu, eskaera zein merkatu joeretan oinarritutako egitaraua» diseinatu dute eta ekimen berritzailea “Lonjazank” proposamena izango da.
Lonjazank, 15 eta 18 urte bitarteko lokala duten gazteei zuzendutako enkante moduko bat izango da. Gazteek beraien lonjak janzteko elementuak eskuratu ahalko dituzte, baina hauek eskuratzeko dirua erabili beharrean probak gainditu beharko dituzte. Horretarako, Bilborock-eko eszenatokia lokal bat izango balitz bezala atonduko da: Sofak, puff-ak, mahaitxoak, lanparak, Tb, bideo-kontsola, bideo-jokoak, karaokea, ordenagailua… Proba nork irabazi duen epaileek aukeratuko dute, probak egin ahala, talde bakoitzari esleituko zaion puntuazioaren arabera.
Izena emateko lonja bakoitzak aurkezpen bideo bat grabatu beharko du eta web gunera igo. Lokalaren izenean apuntatu beharko dira, gutxienez 5 pertsona lonja bakoitzeko. Orotara, 10 lonja lehiatuko dira, apirilaren 25ean, Bilborocken.
Harrapazank Eszena
Hamargarren edizio honetan Harrapazank Eszena ekimena bi adin-taldetan bereizi da: alde batetik, 9-13 urte bitartekoak (Harrapazank Junior) eta, bestetik, 14 eta 18 urteko gazteak (Harrapazank Senior). Kategoria bakoitzeko 1.000 euroko saria jasoko dute.
Antzerkia, dantza, musika, monologoak, txisteak, bertsoak… ezagutzera emateko kastinak ondoko datetan egingo dira (Bilborock aretoan eta Basurtuko, Errekaldeko, Deustuko, Begoñako, Iralako zein San Inazioko udaltegietan): martxoaren 16, 17, 18, 19, 20 edota 21ean. Talde bakoitzak bere ikuskizuna aurkezteko 3 eta 5 minutuko tartea izango du. Ondoren, finalak bi galatan ospatuko dira Bilborock aretoan. Lehenengo zita martxoaren 28ko senior gala izango da eta bigarrena, berriz, martxoaren 29ko junior gala.
Aurten 8 irakasle izango dira entseguetan: Ugaitz Alegria, Itziar Ituño, Iñaki Maruri, Olatz Ganboa, Xabi Hoo, Andrea Covadonga, Urtza Zuazo eta Leire Ucha. Halaber, entsegu orduak bikoiztu egin dira, guztira 240 ordu.
Sortuzank tailerrak
Aurten, iaz baino 4 tailer gehiago eskainiko dituzte, dozena bat denera. Iaz tailer batzuek izandako arrakasta dela eta, kasu batzuetan saio bat baino gehiago antolatu dira, esaterako, argazkilaritza, DJ eta cupcake tailerretan.
Aurtengo berrikuntza izango dira, besteak beste, Smartphone bideo ekoizpena (Basurtuko udaltegian) eta irratigintza (Bilbo Hirian). Horiez gain, txalaparta, ukelele, graffitia edo bitxien diseinua egiteko tailerrak eskainiko dira Bilboko hainbat udaltegietan: San Inazio, Abando, Euskaldunako zubipea, La Bosa, Basurtu, Errekalde, Deustu eta Bilbo Hiria irratian.
Izen-ematea
Harrapazank ekimenaren hamargarren edizioan parte hartu nahi duten gazteek, online egin ahal izango dute izen ematea www.harrapazank.com webgunean.