Egoitz Txurruka Gallo: «Pribilegiatu bat naiz, bizitzen ari naizen guzti hau gozatzeko aukera gutxi batzuk bakarrik daukagu»

txurru-gu ta gutarrak

LIBE MIMENZA CASTILLO – BBN

Egoitz Txurruka Gallo (Mallabia, 1991) ezin da geldi egon: Gasteizko Irakasle Eskolako hirugarren mailako Lehen hezkuntzako ikaslea da, goi mailako gorputz eta kirol ekintzen hezitzailea, soroslea eta spinning zein body pump saioetako monitorea. «Kirolzale amorratua eta abenturazalea» dela dio eta, zehazki, «Surf-a, igeri edota korrika egitea eta ahal dudan momentuan esperientzia eta abentura berriak bizitzea da gehien gogoko dudana». Telebistak markatu omen du mutila, gehien, «El conquistador del fin del mundo-ko hamargarren edizioan parte hartzeak, Gu ta gutarrak programako lehen edizioko finalera beste bost lagunekin batera iritsi eta irabazteak, Gu ta gutarrak  saioko bigarren edizioko arrosen taldeko kapitain izateak, Gaztea irratian Akabo Bakea tarteko kolaboratzaile moduan hasteak eta aurtengo El conquistour zein Bost baietz saioetan parte hartzeak». Badu zer esana, piztu mikroa eta has dadila festa.

Aitor, Oier, Olatz, Naomi eta Enararekin batera, Euskal Herriko kuadrillarik jatorrena osatu duzu EITBko «Gu Ta Gutarrak» saioaren lehen edizioan. Nolakoa izan da esperientzia?

El Conquis-ekin batera nire bizitzako esperientzia onenetarikoa izan da. Gorabehera askoko lau hilabete luze izan dira eta oso intentsitate handikoak. Betirako lagun on-onak egin ditut; nabarmentzekoak, Aitor, Naomi, Enara eta Julen izan dira. Esperientzia benetan bikaina, gainera, sari moduan abendu amaieran Paris bisitatzeko aukera izan genuen irabazleok.

Euskal Herriko koadrilarik jatorrena osatzeak arrakasta edota fama puntu bat ere ekarriko zizun, ezta? Nabaritzen al duzu kalean?

Gu ta gutarrak reality-a aurreko urteko irailean jaio zen eta zorionez itzelezko arrakasta eta audientzia piloa izan du eta izaten jarraitzen du. ETB1en, euskal gazteentzako bereziki, ez zegoen programa/reality-rik eta, orain, guztia aldatu da; euskal telebistako lehenengo kateko erreferentzia reality saio horixe bihurtu baita. Gazteak ez ezik, programa ikusten dutenak helduak, gurasoak, etxeko txikienak… izaten dira. Jendeak kalean primerako portaera izaten du nirekin, oso gustora nago transmititzen didaten baikortasun eta esker on guztiarekin. Fama puntu hori erraz eraman daiteke egunerokotasunean, baina momentu puntualetan -jaietan, larunbatetan, tabernetan…- zenbait unetan, ez da erreza izaten. Hala ere, oso eskertuta eta oso pozik nago, lasaitasunez eta ahal den moduan eramaten saiatzen naiz. Haiei guztiei esker gaudelako hemen.

Galdetzeko aukera ematen badiguzu… Morgako egonaldian abiatutako maitasun istorioak Mallabia eta Gasteiz artean ere jarraitzen al du? (Nola eramaten da «publikotik probaturako» aldaketa?)

Naomi eta bion arteko harremana jolas moduan hasi zen programako lehen asteetan; baina asteak pasa ahala, joko horrek beste aurrerapausu bat izan zuen eta ordutik gauzak aldatzen hasi ziren. Konturatzen hasi ginen elkarrekin geundenean primeran egoten ginela eta erlazio hori gero eta garrantzitsuagoa bilakatu zen. Orain elkarri aukera bat ematea pentsatu dugu eta daukagun harremana, modu batean edo bestean, seriotasun gehiagorekin hartzea. Hori bai, gure izaera, nolakoak garen eta gure jarrerak aldatu gabe eta berdin mantenduz, noski.

txurru-conquistur

Gutarren familian hasi baino lehen iazko «El Conquistador del fin del mundo» saioaren hamargarren edizioan ere izan zinen eta gero, «Conquistour»etan ere. 

Egin dizkidaten elkarrizketa guztietan esan dut, El Conquis-ek nire bizitza aldatu duela. Hoberuntz nire kasuan. Arrazoi horregatik, nire bizitza osoan eskertuta egongo naiz eman didaten aukera honengatik. Nire izaera ez da batere aldatu; baina bai lehen egunerokotasunean egiten nituen gauzak, gaur egun beste modu batekoak dira. Kamarak, telebista, irratia… ezezagunak ziren niretzat; orain, berriz, nire saltsan nago, oso gustora, inoiz baino hobe.

Nolakoa da «Conquis» bezalako abentura saio bat? Ikusten dena bezain gogorra al da? 

Telebistan baino askoz ere gogorragoa da El Conquis. Benetako gosea, egarria, lau ordutara iristen diren inmunitate jokoak, konbibentzia, presioa, dueluak, muturreko egoerak, negarrak, barreak, animaliekin batera bizitzea, zauriak, tentsioa, hotza, beroa, hezetasuna… koktel perfektua une batetik bestera eztanda egiteko, duzun izaera duzula. Hala ere, begiak itxita bueltatuko nintzateke berriro ere.

Aurtengo «Conquis» jarraitzen al duzu? Nortzuk ikusten dituzu gorenera heltzeko gai edo garaile?

Hamargarren edizioko lehiakideak Iguazu-n hasi ginen eta hamaikagarren ediziokoak, berriz, Piedra parada-n hasi dira. Zonalde gogorrak biak: lehenengoan, hezetasuna, oihana eta animaliak eta bigarrenean, aldiz, hotza, zonalde idor eta lehorrak. Biak desberdinak, bereziak eta lar gogorrak. Aurtengo edizioko nire faboritoak Korta eta Juanito nire kapitainak dira, duda gabe, eta programako lau finalistak  Andeka, Sergio, La killa eta Eneko izango direla esango nuke.

Bi reality-tan izan zara dagoeneko: errealitatea eta reality-a nola bereizten dira?

Nire kasuan, bi bizitza paralelo moduan banatzen ditut nahigabe. Bi mundu desberdin balira moduan. Batetik, nire betiko bizitza daukat: lagunak, familia eta ikasketak. Eta bestetik, telebista eta irratiko bizitza. Baina, hala ere, bi munduak dira nire bizitzaren parte, biekin eta bietan bizi naiz. Azkenean, reality hitzak telerrealitatea esan nahi du, gidoirik gabeko egoerak erakusten dituen telesaio generoa, alegia.

Ikus-entzuleak telebistan ikusten duena eta benetan realytia-n gertatzen dena zertan dira berdinak? Eta zertan ezberdinak?

Ikusten dutena gertatzen dena da; bai, baina ez guztia. Logikoki gertatzen diren une asko ezin dira emititu, denbora dela eta. Gauzarik nabarmenenak, garrantzitsuenak edo joku gehien ematen dutenak isladatzen dituzte.

txurru-bost baietz

Zer da telebistatik gustatzen zaizuna?

Eman didan eta ematen ari zaidan guztia. Pribilegiatu bat naiz. Zorte handia izan dut, kontziente naiz bizitzen ari naizen guzti hau gozatzeko aukera gutxi batzuk bakarrik daukagula. Hala ere, badakit, momentuak eta etapak direla; beraz, momentu oro disfrutatzea da nire helburua, ikasketei beti lehentasuna emanez. Familia eta lagunak ere beti hor ditut, nire ondoan; ezin naiz kexatu, zorte handia daukat.

Eta zer ikusten du Txurruk telebistan?

Denetik ikustea gustatzen zait, normalean, abenturazko reality-ak eta kirola gehien bat.

Etorkizuna telebistan edo irakasle lanetan aurreikusten duzu? Zer da irakaskuntzatik gehien bultzatzen zaituena edo hori ikasteko motibazioa?

Lehentasuna beti heziketari lotutako munduak izango du. Nire helburu nagusia irakasle izatea delako. Hala ere, telebista eta irrati munduan egoteko aukera izaten jarraitzen baldin badut, aurrera, beti prest. Betidanik izan dut irakasle izateko helburu hori buruan. Kirol minorra egitea dut helburu, lehen hezkuntzako irakasle eta soinketakoa izan ahal izateko; kirola nire bizitzaren parte oso garrantzitsua izan delako, delako eta izango delako.

BBN hedabidean albiste positiboak lantzen ditugu: zein da zuk jaso duzun azken berri ona?

Azkenengo berri ona pasadan astean jaso nuen Julen Telleriaren eskutik. Gu ta gutarrak programako aurkezleak, kolaboratzaile moduan jardutea proposatu zidan Gaztea irratian asteazken gauetan. Eta hortan gabiltza, jo ta su horretan ere, disfrutatzen eta ongi pasatzen.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *