Bi gizonezko atxilotu dituzte Iurretan lantegi batean lapurtzeagatik

Durangoko ertzain-etxeko agenteek bi pertsona atxilotu zituzten atzo lapurreta-delituagatik. Langile batek Iurretako lantegi baten barruan ustekabean harrapatu zituen atxiloak hainbat gaizkiderekin batera.

Atzo arratsaldeko hirurak aldean, Iurretako Mallabiena industrialdeko lantegi bateko langileak enpresak ateak zabalik topatu zituen; atean, gainera, Citroën C15 bat eta sei lagun zeuden. Langileak furgonetaren aurrean gurutzatu zuen autoa eta lasterka atera zen laguntza bila.

Haindik gutxira, hainbat patruila bertaratu ziren eta bi gazte ikusi zituzten korrika inguruko aparkaleku baterantz. Ertzainek aparkalekuaren barruan aurkitu eta identifikatu egin zituzten. Minutu batzuk geroago, bi susmagarriak lantokiaren barruan harrapatu zituen taldeko kideak zirela baieztatu zuen enpresako langileak.

Atxilotutako gazteek 23 eta 32 urte dituzte, baita aurrekari polizialak ere. Ertzaintzaren datu-basearen arabera bost aldiz atxilotu dute lehenengoa, eta hogei aldiz bigarrena. Epailearen esku geratu dira gaur goizean.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *