Itzulpen automatiko perfektua, mitoa errealitate

IXA Taldea QTLeap proiektuaren aurkezpenean. ARGAZKIA: BBN
IXA Taldea QTLeap proiektuaren aurkezpenean. ARGAZKIA: BBN
IXA Taldea QTLeap proiektuaren aurkezpenean. ARGAZKIA: BBN

BBN ERREDAKZIOA

Testu bat beste hizkuntza batera itzuli behar izan duzunean, nor ez da desesperatu edo nork ez du, gutxienez, irribarre egin, sarean dauden itzultzaileen emaitzak ikusita? Egungo itzulpen automatikoen arazoa literaltasuna da; hots, eskura ditugun aplikazioek literalki itzultzen dute hitz bakoitza, banan-bana, bere esanahia edo perpausaren sintaxia aintzat hartu gabe.

Arazo horrekin amaituko duen aplikazioa sortzen dabiltza Portugaleko enpresa teknologiko bat eta Europako zazpi unibertsitate, horien artean, Euskal Herriko Unibertsitatea, Informatika Fakultateko irakasle hauen bidez: Eneko Agirre, Gorka Labaka, Nora Aranberri, Arantxa Otegi, Mikel Artetxe, Ander Barrena, Koldo Gojenola, Mikel Lersundi, Josu Goikoetxea, Arantza Diaz de Ilarraza, Iñaki Alegria eta Kepa Sarasola -ikastegiko dekanoa-. Elkarlanaren helburua «kalitatezko itzulpen automatikoa sortzea» dela adierazi dute.

QTLeap itzultzailea

Sortze prozesuan dabiltzan itzultzaile automatikoa QTLeap (Quality Translation by Deep Language Engineering Approaches) proiektuaren baitan gauzatuko dute eta ikerketaren helburua metodologia berritzaile bat ikertzea eta sortzea izango da, orotara, zortzi hizkuntzaren itzulpen automatikoa lortzeko: euskara, gaztelania, ingelesa, portugesa, alemana, txekiera, bulgariera eta nederlandera.

Kalitate handiagoko itzulpenak lortzea, “Zientzia ikerketako proiektu anbiziotsuenetako bat da, azken urteotan itzulpen automatikoaren eta hizkuntzaren teknologien esparruan egin direnen artean”, azaldu du ikerketaren koordinatzaile zientifikoa den António Brancok (Lisboako Unibertsitatea).

Hiru urterako Europako Batzordearen hiru milioi euroko finantziazioa duen proiektuak, honez gero, lehenengo urteko helburua lortu du: itzulpen sistema bat agertoki erreal batean aplikatzea; zehazki, Portugaleko HF (Higher Fuctions) enpresak eskaintzen duen informatikako laguntza teknikoko zerbitzuan. “Itzulpen automatikoaren bidez PCmedic deritzan on-line kontsultoria enpresaren errendimendua hobetu dugu. Bi urte barru, proiektua bukatzean, are lagungarriagoa izango da, informazio linguistiko sakonagoa erabiliko dugu eta”, dio Eneko Agirre irakasle eta UPV/EHUko baitan proiektuaren buruak.

Nola funtzionatzen du?

Interneten bidez, txat batekin, erabiltzaileak informatika arazo bat aurkezten dio aplikazioari, lantzen ditugun hizkuntzetako batean. Aplikazioak arazoaren irtenbidea bilatzen du bere datu basean, eta galdera egiteko erabilitako hizkuntza berberean erantzuten du; hau da, galdera euskaraz egiten bada, erantzuna ere euskaraz emango da”, azaldu du Kepa Sarasolak, UPV/EHUko Informatika Fakultateko dekanoak eta proiektuko ikertaldeko kideak.

Baina, zein da berrikuntza? “Egungo itzultzaile automatikoek, oro har, ez dituzte aintzat hartzen hitzen esanahia eta perpausaren sintaxia. Hitz bat hartu eta literalki itzultzen dute. Esate baterako, “la ministra Pilar del Castillo” itzultzean, “gazteluaren zutabe ministroa” ematen dute, adierazi duguna izen propio bat dela aintzat hartu gabe. Gu harago goaz: lanean ari gara, itzulpen automatikoko sistemak, hitz egokiak bilatzeaz gain, hitz horiek perpausean zuzen ordena ditzan, arreta berezia jarriz izen berezietan. Horrela, kalitate eta zehaztasun handiagoko itzulpenak lortuko ditugu”, azpimarratu du Sarasola irakasleak.

Honako prozedura duela adierazi dute: Itzuli beharreko hitzak hartzen ditu sistemak, eta bere datu basean bilatzen du, hainbat testuren artean, zein beste hitzekin konbinatu ohi diren. Ondoren, konbinazio horien arabera ordenatzen ditu perpausean, esanahia ere aintzat hartuta. Zerbitzu honen ebaluazioak %60ko gogobetetzea erakutsi duela diote unibertsitatetik; hau da, sistema erabili duten erdiek baino gehiagok uste dute erantzun egokia behar den bezala jaso dutela, galdera egin zen jatorrizko hizkuntzan. “Aurrerapauso garrantzitsua da itzulpen automatikoaren esparruan, baina lanean jarraitzen dugu, itzulpen perfektua lortzeko», esan du Kepa Sarasolak.

Hona hemen garatu duten software-aren itxura eta pare bat adibide:

Itzulpen-automatikoa1

Itzulpen-automatikoa3

Itzulpen-automatikoa2

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *