LIBE MIMENZA CASTILLO – BBN
Nahia Quincoces (Mendexa, 1983) kirolari lotua egon izan da beti: Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako ikasketak egin zituen unibertsitatean eta, gero, gorputz hezkuntzako irakasle lanetan aritu da. Kaletarrok, berriz, mendiarekin lotzen dugu bere izena, mendi lehiaketetako goren mailarekin, hain zuzen ere. «Nire pasioa da mendia, gozamena, betetzen nauena» horiek dira bizkaitarrak mendiarekiko duen lotura deskribatzeko aukeratutako hitzak. Kostaldeko bere herrian, «asteburua heltzeko eta lehenengo elurrak hasteko ilusioz» egoten da. Izan ere, mendiko eskian nabarmentzeko ibilbidea duen kirolaria baita Nahia: herri lasterketetan hasi, Altitoy Pirineoetako trabesia eskiko proba nagusia irabazi, 2014ko Anbotoko Kilometro Bertikalean garaile izan eta, aurtengo otsailaren hasieran, Munduko Eski Txapelketan lehiatu da Suitzan; ondoren, etxera etorri eta bertan, mendi eskiko Euskal Herriko txapeldun bilakatu berri da. Pasadan asteburuan, Bandres-Karolo memorialaren baitan igo da podiumeko lehen postura Uxue Fraile eta Amets Maiztegiren aurretik.
Munduko eski txapelketan izan berri zara Verbier-en otsailaren 6tik 12ra: zorionak lortutakoagatik! Gustora geratu al zara emaitzekin?
Oso gustura emaitzekin. Hasieran, ziurgabetasun edo zalantza puntu batekin joan nintzen; hala ere, bai esperientziarekin, bai lortutako emaitzekin oso gustura itzuli naiz. Beti ere badago zer hobetu; adibidez, banakako proban, hiru batera heldu ginen eta une horretan beti esaten duzu: “Hor segundutxo bat aurreratu banuen…”, baina txapelketak horrela izaten dira, ez dago besterik. Ni emaitzarekin pozik etxeratu naiz.
Zer moduzkoa izan da goren mailako munduko mendi eski txalpeketa batean lehiatzea?
Alde batetik, normalean baino presio gahiago daukazu; beldurra, gauzak ondo egiteko presio hori, ardura, batez ere. Bestalde, aldi berean, han zaude, familia ere bertan daukazu animatzen, han ikaragarrizko giroa zegoen eta antolakuntza ona… pila bat disfrutatu dut.
Hainbat modalitatetako lasterketak egin dituzu mundu txapelketan. Zein da gehien atsegin duzun modalitatea?
Bost proba izan dira orotara eta horietatik, nik hirutan parte hartu dut. Errelebotan eta sprintean ez nintzen aritu; aldiz, lasterketa bertikalean, banakakoan eta binakakoan lehiatu nintzen. Bertikala ere atsegin dut, baina igoera bakarrik kontatzen da; hots, behean hasi eta goian amaitzen den proba da, jeitsiera ez da kronometratzen. Eta nik benetan gustuko ditudan lasterketak luzeak direnak dira: igo, jeitsi, berriz igo… mendiko eskia ondoen islatzen duten probak, hain zuzen ere.
Kostaldekoa izanda, noiz, nola eta zergatik hasi zinen mendiko eskian?
Eski alpinoa aurretik ere egiten nuen, familiarekin eta lagunekin. Gero, lagun talde batekin hasi nintzen. Hasteko, mendi ikastaro bat egin genuen, ondoren, Euskal Mendi Federazioak antolatzen zuen ikastaro bat egin nuen (lehen Luz Ardidenen egiten zen 4-5 eguneko ikastaroa) eta hara joan nintzen 3-4 urtetan. Hantxe sartu ziguten lehiatzen hasteko harra. Horrela hasi nintzen, lehenik eta behin, lehiaketa herrikoietan. Normalean, lehiaketa berdinak ibilbide herrikoia eta konpetitiboa izan ohi ditu, eta, ni, herrikoietan hasi nintzen. Bertan ezagutu nuen Amets Maiztegi eta berarekin batera hasi nintzen binakako lasterketetan lehiatzen, karrera luzeagoak egiten eta ibilbide konpetitiboko bidea abiatzen. Azken bi urteetan, berriz, entrenamenduak ere serioago hartu ditut eta lehiaketetan zentratuago nago.
Eskian zabiltzan arren orain, zuk txikitatik izan duzu kirolerako afizioa, ezta?
Bai. Beste kirol asko egin izan ditut. Saskibaloian ibili naiz, futbolean ibili naiz… egia esan beti praktikatu izan dut kirolen bat; lotuta nauka.
Zeintzuk dira aurtengo denboraldirako zure helburuak?
Lehenengo helburua munduko txapelketan lehiatzea izan da eta bete dut. Txapelketara joatea bera, niretzako sari bat izan da. Bestalde, pasadan astebukaerako Euskal Herriko txapelketa ere berezia izan da, txapela eskuratu baitut, lagun artean egonda eta etxean bertan. Denboraldiari dagokionean, aurten, lehenengoz, ilusioa daukat Pierra Menta egiteko. Pierra Menta mendiko eskian famatuena den txapelketa da, Alpetan egiten da lau egunez; inoiz ez dut egin eta ikaragarrizko ilusioa egiten dit.
Mendi eskiaz gain, mendi lasterketetan ere bazabiltza. Hor ere fin. Horren adibide iazko Anbotoko kilometro bertikaleko garaipena. Zer nahiago duzu? Eskia edo zapatillak?
Eskia dudarik gabe. Gehien betetzen nauen kirola mendiko eskia da. Hala ere, mendian korrika ere aritzen naiz, bai. Izan ere, mendia berez gustatzen zait; berdin-berdin elurrarekin edo elur gabe.
Euskal Herrian gero eta lasterketa gehiago egiten dira; bai kalean, bai mendian… loraldia bizi dugula esan genezake? Zein da egoera?
Mendira joateko ohitura beti egon izan da Euskal Herrian eta, agian, lehiaketetarako joera baita; dena den, orain, mendian lehiatzeko loraldia bizi dugula uste dut. Garai batean, mendira joateko ohitura zegoen, gaur egun, mendiko lasterketetan parte hartzea dago bogan. Eta, horietan, emakumeok ere gero eta gehiago lehiatzen dugu.
Esan al daiteke emakumeok ere eman dugula nolabaiteko aurrera pausoa horretan?
Hala da. Mutilen eremua zen horretan presenteago gaude. Geneuzkan ikarak uxatu eta sartu gara hor ere, gure bidea egiten ari gara. Lehen kosta egiten zitzaigun euren ondoan jartzea, orain jada, konplexu gutxiago daukagu.
Nahia, zuretzako kirola zer da: afizioa edo ofizioa?
Afizioa eta bizimodua. Oso zaila da kiroletik bizitzea, are gehiago, emakumea izanda. Eta, gainera, horrelako kirol minoritario batean… oso oso zaila da. Laguntzak badaude, baina beste kirol batzuekin edo mutilen mailarekin konparatuta, askoz txikiagoak dira guk jasotzen ditugunak. Dena den, alde batetik, markek laguntzen gaituzte materialarekin eta, bestalde, Euskal Federazioak, bai bidaiatzerako orduan, bai ikastaro etab.ekin. Federazioak ematen duen laguntza eta, batez ere, hor atzean lanean dabilen jendearen laguntza gabe, oso zaila izango zen.
Beharrezkoa da euskal mendi kirolarientzako babes hori, ezta? Nola zaudete gaur egun?
Babesa ezinbestekoa da. Ni mendiko eskian hasi nintzenean, Lekeitioko talde batekin, federazioak ez bazituen ikastaroak antolatu eta horietan ez banituen lagunak egin, ziurrenik, nik ere ez nuen ibilbide hau burutuko.
Euskal Mendi Federazioaren laguntzaz gain, egun, Atomic Skiing taldean nago. Batez ere materialarekin laguntzen gaituzte, eskiekin, eta hor hiru euskaldun gaude: Carla Martinez de Albornoz, Maialen Uriz eta neu.
Kirol sufritua al da? Hau da, entrenamendu gogorrez gain, elikadura edo lo orduak ere asko zaindu behar al dira?
Bai, baina beno, gogortasuna erlatiboa da, ezta? (barre egiten du). Azkenean, zerbait gustuko duzunean, alde gogorra ez da horren gogor ikusten. Egia da, esaterako, eguraldi txarra egiten duenean, lasterketa baten aurretik ikaragarrizko hotza pasatzen duzunean edo oraindik eguna argitu barik dagoenean zure buruari galdetzen diozula: “Niri zergatik gustatzen zait kirol hau?”. Baina, gero, lasterketa egin edo lasterketetaz kanpo, mendira hurbiltzen naizenean sentitzen dudan asebetetze horrek erantzuten du galdera.
Ba al daukazu gehien gozatu duzun lasterketaren bat edo korrikaldi kutunen bat gogoan?
Altitoy beti izan da berezia eta izango da, azkenean, hor hasi nintzelako lehiaketen mundu honetan. Lehen esan bezala, lehenengo lasterketa herrikoietan hasi nintzen, gero, lehiaketetan murgiltzeko Altitoyko openean -Pirineoetako trabesia eskiko proba nagusia-; hortaz, lehen aldiaren miresmen hura daukat gordeta. Gainera, ondoren, lasterketaren antolatzaile nagusienetakoa zen Andoni Areizaga hil egin zen, beraz, Altitoy beti izango da zinez berezia.
Badago beste lasterketa bat ere: Italian egin nuen Adamello Ski Raid izeneko txapelketa; hori ere ez dut sekula ahaztuko.
Non gozatzen duzu gehien: entrenatzen edo lasterketetan?
Bai entrenatzen, bai konpetitzen edota lagun artean mendira joaten. Egunen araberakoa izan ohi da, baina, beti, mendian.
Ba al duzu edo izan al duzu idolorik, erreferenterik?
(Barre egiten du) Beno, agian bai, baina azkenean hurbilekoak dira gehien erakusten dizutenak eta laguntzen zaituztenak… Ez nuke bat aipatuko, asko baitaude.