Bermeoko merkataritza sustatzeko «Berton Fest» kanpaina abian

Berton Fest (1)

BBN ERREDAKZIOA

Bermeoko enpresa txiki eta ertainen elkarteak, Bertonek, martxoaren 2tik apirilaren 12ra martxan jarriko du herriko merkataritza sustatzea helburu duen Berton Fest kanpaina. Kanpaina horren bidez, Bertoneko Bermeoko dendetan erosketak egiten dituzten pertsonek zozketetan parte hartzeko eta sariak eta deskontuak lortzeko aukera izango dute.

Irune Ormaetxeak, Bermeoko Turismo eta Merkataritza zinegotziak, gogoratu duenez, Bermeoko dendek “eskaintza zabala eta kalitatezkoa dute eta bezeroari tratu hurbila eskaintzen diote, gure herrian denetarik daukagulako“. Horrez gain, herriko dendak herria bizirik eta giro politarekin mantentzeko duten garrantzia azpimarratu du. “Denda txiki gabeko herriak, bizitasuna galtzen dute eta ezinbestekoa da komertzio txikia Bermeon, Horregatik herriko komertzioa indartzeko elkarlanean ari gara dendariak eta Bermeoko Udala”, azpimarratu du.

Horrela kanpainarekin bat, Bertoneko denden gida bat aterako da, elkartearen bazkide diren denda batzuk eskainiko dituzten opari eta deskontuen berri emango duena. «Gida komertzial hau oso praktikoa izango da Bertoneko dendak ezagutzeko eta, gainera, bezeroek denda horietan izango dituzten deskontuen berri izango dute». Gidak dohainik banatuko dira kanpainan parte hartzen duten dendetan.

Ildo berean, porraren jolasean parte hartzeko aukera izango dute herritarrek. Bertonen bazkide diren dendek Bertoneko logoak jarriko dituzte euren erakusleihoetan. Herritarrek denda horietatik ibilbide bat egin ondoren, zenbat logo dauden asmatu behar izango dute. Zenbakia Bertoneko dendetan jarriko diren kutxa batzuetan sartu ahal izango dute. Parte-hartzaileen artean, zenbakira gehien hurbiltzen direnek hainbat sariren zozketan parte hartuko dute.

Kanpaina dela eta, Bermeon bizi, berton erosi kartelak jarriko dira herri guztian, hain zuzen ere, «bermeotar eta kanpotik datozen guztiei Bermeon erosketak egitera animatzeko”, esan du Ormaetxeak.

Bermeoko Turismo eta Merkataritza zinegotziak eta Bertoneko kideek herritarrak kanpaina honetan parte hartzera animatu dituzte, izan ere, ondo pasatzeko eta era berean sariak eskuratu ahal izateko aukera eskaintzen baitu. Irune Ormaetxeak, Bermeoko Turismo eta Merkataritza zinegotziak, Amaia Galván Bertoneko teknikariak eta Bermeoko dendariek aurkeztu dute kanpaina eta Bermeoko Udalak diruz lagunduko du ekimena.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *