Aberatsak gara

JOSEBA ARRUTI

Baserri girokoa irizten zioten hasieran, hirietako izateak zekartzanei aurre egiteko gai ez zela adierazteko. Hamaikatxo euskaradunek uko egin zioten euren mintzairari, aurreiritzi ezin faltsuago horien menpe ez geratzeko asmoz. Toponimia, abizenak eta nortasun adierazle asko mozorrotu ziren behin baino gehiagotan, eta hezkuntza sistemak egin zuen gainerakoa, ama hizkuntza arrotz bihurtu nahi horretan.

Errepublika garaiko loraldia alde batera utzita, azken lau hamarkadatakoa da euskararen berpizte prozesua. Ikuspuntu historikotik denbora-tarte nimiñoa da, ezin oparoagoa izan den arren. Hizkuntzaren batasunari ekin zitzaion, ikasgeletara eraman zen, kulturan ikaragarrizko susperraldia izan zuen, eta ofizialtasunak erakundeetako ateak zabaldu zizkion. Egungoa zehatz aintzat hartzeko iragana gogorarazi behar da, bien arteko distantziak ematen baitu lortutakoaren neurria.

Euskara berreskuratu nahi izate horri euskal herritarren gehiengo zabalak eman dio babesa. Hori da, gainera, aurrera begira egin beharreko guztiaren berme nagusia. Benetako elebitasunerako bidea oso luzea da oraindik, legeetan jasotakoa praktikan jartzerainokoa gutxienez. Minorizatuta jarraitzen duenez gero, ezagutzen ez duten horietako askorentzat euskara ez da oztopoa. Eta ohiko topikoekin jantzi nahi izaten dute oraindik, euskaldungoan konplexuak aspaldi baztertu zirela ahaztuta.

Euskara zeharo aberatsa da, ezin emankorragoa. Horretaz jabetzeko ondo ezagutu behar da, eta egunero berau bizi. Euskalkiak dira horren lekuko, eta bakoitzaren barruan herri bakoitzean dauden berezko hainbat eta hainbat berba eta adiera. Bata bestearen alboan egonagatik ere, nortasun betekoak dira horietako bakoitzeko moldeak. Horrek adierazten du hizkuntza baten aniztasuna, testuinguru ezberdinetara moldatzeko gaitasuna. Guzti hori erabiltzeko gaitasunik ez duenak edo hizkuntza ezagutzen ez duenak nekez neurtu ahal izango du euskarak eman dezakeena. Horietan barrena dabilenak, berriz, ondo daki moldakorra dela, malgua, eta horrexegatik iraun duela ia beste edozeinek baino atzeragotik.

Aberatsak gara, gurea baino ez den hizkuntza zahar, eder eta gaur-gaurkoaren jabe garelako. Eta, gainera, beste askorekin partekatutakoak ere gureak direlako, gaztelera eta frantsesa mugaren bi aldeetara. Osagarri dira, eta horien batuketa gara. Horregatik, ondare hori guztiok ezagutu eta gureganatu beharko genuke, garenaren perspektiba osoa izateko.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *