Tragikomeriak

IRENE ELORZA

Naziek eragindako holokaustoaz komedia erromantikoa egin litekeela frogatu zigun Roberto Benigni zuzendariak “La vita é bella” (1997) filmarekin. Erlijioa bezalako gai serioa ardatz hartuta jaio zen inoizko komediarik handienetako bat, “Life of Brian” (Terry Jones, 1979). Hainbeste tirabira eta tragedia eragin zituen Gerra Hotzak ere badu bere umoredun maisulana, “One, Two, Three” (Billy Wilder, 1961). Euskal gatazkak ere izan dezake, beraz, bere komedia. “Vaya Semanita” telebista saioak horretarako prestatu gintuen eta orain, helduagoak garelarik eta gatazkaren intentsitatea leundu dela aintzat hartuta, agian ikus dezakegu gaiari buruzko umorezko film bat gehiegi asaldatu gabe. Borja Cobeaga gidoilari eta zuzendari donostiarrak egin du balentria, eta “Negociador” izena jarri dio filmari.

Eremu labainkorrean mugitu da Cobeaga bere azken filmean, eta horregatik erabili du umore finagoa, lehorragoa, “Vaya Semanita”-tik eta Diego San José gidoilariarekin elkarlanean idatzi zuen “Ocho apellidos vascos” (Emilio Martínez-Lázaro, 2014) pelikulatik urrunduta. Espainiako Gobernuak eta ETAk 2005 eta 2006 urte bitartean isilpean egindako bake-negoziazioaren fikziozko ‘sukaldea’ erakusten digu zuzendariak. Manu Aranguren Espainiako Gobernuaren mintzaide gisa aritzen den euskal politikaria da protagonista. Ramon Barea da Jesus Egigurenen ‘alter ego’-a den Arangurenen azalean sartzen den aktorea. Filma hasi orduko ikusiko denez, negoziazioa nahiko inprobisatua da, akatsez, kasualitatez eta gaizki-ulertuez betetakoa. Egunerokotasun edo arruntasun kutsua eman nahi izan dio Cobeagak, kontakizun osoa goi mailako politikatik etxeko mailara jaitsita. Izan ere, umorea detaile txikietan ezkutatzen da zuzendariaren ustez. Bi alderdien arteko elkarrizketetan funtsezkoa bihurtzen da negoziatzaileen arteko harreman pertsonala, giza faktorea, alegia. Eguneroko bizimoduko miseriak bata bestearen atzetik agertzen dira kontakizunean, Cobeagak politikarien eta etakideen kontu eta komeria mundutarretan jarri baitu fokua. Eta lan zail horretan aktore handiak aukeratu ditu bere lagunen artean: Ramon Barearekin batera, Carlos Areces (Thierry) eta Josean Bengoetxea (Josu Ternera) dira protagonistak.

Datorren martxoaren 13an estreinatuko da “Negociador” zinema aretoetan eta ikusteko dago nolako erantzuna jasoko duen. Filmak Euskal Zinemaren Irizar Saria jaso zuen iazko Zinemaldian, beraz, ezin esan harrera txarrik izan zuenik bere estreinaldian. Agian euskal gatazka deritzon horrek eragindako minez eta tragediez apur bat urrundu eta zama arintzeko modua izan daiteke komedia, katarsi antzeko bat, hau da, giza izaera baldarra onartu eta geure buruengandik barre egiteko aitzakia ona. Barre egitea ez al da, bada, terapeutikoa?

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *