Sopelako musika taldeentzako deia eta jaietako kartel lehiaketa abian

BBN ERREDAKZIOA

Sopelako jai batzordeak, azken urteetan legez, bi deialdi zabaldu ditu. Sopelako musika taldeentzako da lehenengo deia; herriko jaietan jotzeko aukera izango dute; horretarako, lehenik eta behin, euren lanaren adibide bat aurkeztu beharko dute. Bigarren deia, berriz, parte hartzera animatzen den ororentzat da: jaietako kartel lehiaketa; 500 euro eskuratuko ditu irabazleak eta 150 euro sopeloztar onenak.

Herriko musika taldeak jaietan

Sopelako jaietan herriko musika taldeek zuzenekoa eskaintzeko aukera izango dute. Horretarako, taldeko partaide bat, behintzat, sopelatarra izan beharko da. Halaber, biografia, musika CD bat eta kontakturako telefono edo e-mail bat aurkeztu beharko dute Kurtzio Kultur Etxean. Apirilak 20ra arteko epea izango da lanak aurkezteko, ondoren, zozketa egingo da parte-hartzaile guztien artean eta a irabazleek San Pedro edo Karmen jaietan jotzeko aukera izango dute. Edonola ere, taldearen euskararen erabilera kontuan hartuko da.

Jaietako kartel lehiaketa

2015eko jaietako kartel lehiaketan nahi duen orok parte hartu ahal izango du, bai banaka, bai taldeka; hala ere, egile bakoitzeko lan bakarra onartuko da. Oinarrietan adierazi dutenez, kartelaren gaiak jaiekin zerikusia eduki beharko du, eta derrigorrez beste lehiaketa batzuetan saritu gabea izango da. Teknika eta kolorea libreak izango dira eta tamaina DIN A3koa izango da, era berean, euskarri zurrunean finkatuta aurkeztu beharko da. Ordenagailuz eginez gero, kartelaren euskarri informatikoa ere aurkeztuko da JPEG formatuan eta 300ppp-tako kalitatean gutxienez.

Kartelean honako testua jaso beharko da: «SOPELAKO JAIAK 2015 / San Pedro ekainak 26-29 junio / Karmenak uztailak 15-19 julio / Sta. Marina uztailak 20 julio». Eta, lanak egilearen sinadura barik aurkeztuko dira (identifikazio datuak gutunazal itxi batean sartuko dira). Obra eta gutunazalari zenbaki bat esleituko zaie Kurtzio Kultur Etxean aurkezterakoan. Lanak aurkezteko azken eguna maiatzaren 12a, asteartea, izango da, 20:00ak arte.

Jai batzordeko kideek osatuko epaimahaiak erabakiko du saria nori eman eta bi maila sarituko dira:

Maila nagusia (18 urtetik gorakoentzat)
-Lehenengo saria: 300 € + 200 €-ko bonoa herriko denda batean gastatzeko.
-Egile sopeloztar onenari (irabazlea ez dena): 100 € + 50 €-ko bonoa herriko denda batean
gastatzeko.

Haur eta Gazteen atala:
-Lehenengo saria 4-10 urte bitartean: OPARIA
-Lehenengo saria 11-14 urte bitartean: OPARIA
-Lehenengo saria 15–18 urte bitartean: 80 €-ko bonoa Sopelako denda batean gastatzeko

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *