Bart, Korrika 19ren aurkezpen soziala egin zuten AEK-ko kideek Bilboko Alondegian. Sei egun besterik ez dira falta, datorren martxoaren 19an, Euskal Herria aldez alde zeharkatzen duen lasterketa abiatzeko; Urepeleko plaza izango du abiapuntu, eta Bilboko Arriaga Antzokian ezagutuko dugu aurtengo mezua, martxoaren 29an. Bilboko Korrikaren festa heldu bitartean, Bizkaiko hiriburuan bada zer egin.
Korrika denda Bilbon
Motorrak berotze aldera, datorren astelehenean, martxoaren 16an, irekiko dituzte Bilboko Korrika dendaren ateak. Epaltza alarguna kaleko 2. zenbakian (San Nikolas ondoan) eskuratuko ditu nahi duen orok aurtengo arropa zein osagarriak; honako ordutegia izango du: astelehenetik larunbatera, 17:00etatik 20:00etara, eta ostiral zein larunbatetan, goizez; 10:00etatik 13:30era.
«Gu euskahaldunak gara» dokumentala
Gu euskahaldunak gara dokumentalean, euskal jendarteko hainbat esparrutan erreferentzialak diren 19 pertsona ageri dira; denek, euskararen ahalduntzea dute hizpide. Norbere esperientzietatik abiatuta, elkarrizketa bidez, ahalduntze kolektiboaz ere mintzo dira; azken finean, ahuleziak aztertu eta horiek gaindituta indarguneetara nola heldu asmatzeko.
38 minutuko dokumentalaren haria Peru Magdalena durangarrak darama, eta bertan ageri dira, besteak beste, Jose Angel Iribar Athleticeko jokalari ohia, Kirmen Uribe idazlea, Maite Arroitajauregi Mursego musikaria edo Mertxe Mugika AEKren koordinatzaile nagusia.
Hauxe da dokumentalaren fitxa teknikoa eta jarraian, oso-osorik ikusteko aukera: