XXVII Rikardo Arregi Kazetaritza Sarira lanak aurkezteko deialdia

rikardo_arregi_03 (1)BBN ERREDAKZIOA

Gaur goizean, XXVII. Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren deialdia aurkeztu dute. Bertan izan dira, besteak beste, Beñat Zamalloa, iaz Rikardo Arregi Saria eskuratu zuen kazetaria; Patxi Baztarrika, Hizkuntza Politikarako sailburuordea; eta Estibalitz Mujika, Andoaingo Udaleko Euskararen Normalizaziorako zinegotzia.

26 urteko ibilbidean, euskal kazetaritzaren erreferente tinko bihurtu da Andoaingo Udalak Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzarekin antolatzen duen Rikardo Arregi Kazetaritza saria. Horren adierazle dira azken urteetako sarituak; euskarazko kazetari lanetan diharduten sinadura ezagunak, hain zuzen ere.

Beñat Zamalloa Akizuk, iazko sariaren irabazleak, honakoa adierazi du aurkezpenean: «Euskal kazetaritzan asko dira egun bizi dugun garaiaren neurriko kazetaritza bikain egiten ari direnak, Euskal Herrian bertatik bertara zein mundutik Euskal Herrira bikain dabiltzanak; hala kazetaritzaren funtzio sozialari dagokionean, nola euskal kazetaritzari dagokionean». Horrexegatik, epaimahaiak aurten ere ez duela erabat asmatuko adierazi du, «sari nagusia halabeharrez eta ezinbestean lan bakarrak jasoko duelako».

Honakoak dira XXVII. Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren eta Kazetaritza Berria sariaren 2015eko deialdiko oinarriak:

Rikardo Arregi Kazetaritza saria

  • Saria: 9.000 euro
  • 2014ko maiatzaren 7tik 2015eko maiatzaren 6ra bitartean egunkari eta aldizkarietan, agerkari digitaletan edo irrati eta telebistetan euskaraz plazaratu izan diren lanek daukate saria eskuratzeko aukera.
  • Edozein mota edo generotako kazetaritza-lanek dute saria eskuratzeko aukera.
  • Saria erabakitzeko irizpide nagusiak honako hauek izango dira: kalitatea, berrikuntza eta eredugarritasuna (eredugarritasuna hala euskal kazetaritzarako nola inguruan egiten denerako). Ondorioz, aipatutako irizpideen arabera nabarmendutako artikulu edo erreportaje bakanak nahiz sortak, sekzio bat, irrati edo telebistako erreportaje bat edo erreportaje-sorta bat edo programa bat… horietarik edozer saritu ahal izango du epaimahaiak.
  • Atal honetarako, derrigorrez aurkeztu beharko dira lanak; hala ere, epaimahaiak lan horien artean behar adinako kalitatezkorik topatzen ez badu, beti izango du proposamenak egiteko aukera.

Kazetari Berria saria

  • Saria: 3.000 euro
  • Kazetaritzaren hastapenetan dabiltzanei zuzendutako saria da hau, eta, ondorioz, hogeita zazpi urtez azpikoek, hau da, 2015ean, hogeita zazpi urte edo gutxiago izango dituztenek parte har dezakete atal honetan.
  • Herrietako aldizkari eta irrati eta telebistak, hala nola hedadura zabalagoko komunikabideak: horietatik guztietatik edozein izan daiteke 27 urtez azpikoek Kazetari Berria saria jasotzeko lana plazaratzeko erabilitako komunikabidea.
  • Edozein mota edo generotako kazetaritza-lanek dute saria eskuratzeko aukera.
  • 2014ko maiatzaren 7tik 2015eko maiatzaren 6ra bitartean prentsa idatzian edo irrati eta telebistetan plazaratutako artikulu, erreportaje, informazio-programa, magazin eta abarren artean kalitatea eta egokitasuna kontuan hartuz epaimahaiaren iritzian bikainena denari emango zaio saria.
  • Kazetari Berria atalean ere saria eskuratzeko nahitaezkoa izango da lanak aurkeztea. Izan ere, atal honetako saria aurkeztutakoen artean erabakiko baitu epaimahaiak.

Halaber, epaimahaiak, aipaturiko bi sari horiez gain, egoki eta beharrezko iritziz gero, Epaimahaiaren Sari Berezia eman liezaioke aipamen hori merezi lukeen lanen bati.Honakoak dira epaimahaia osatuko duten kazetaritza arloko profesionalak: Allende Boutin, Idurre Eskisabel, Goio Arana eta Marijo Deogracias. Mahaiburu, berriz, Estibalitz Mujika Andoaingo Udaleko Euskararen Normalizaziorako zinegotzia izango da. 2015eko ekainaren 27an emango da aditzera aurtengo sariei buruz epaimahaiak hartutako erabakia, Andoainen burutuko den ekitaldian.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *