UPV/EHUk Europako bost ikerketa proiektu handitan dihardu

BBN ERREDAKZIOA

Euskal Herriko Unibertsitatea kalitate oneko Europako bost ikerketa proiektu handitan parte hartzen ari da; zehazki, Marie Skłlodowska-Curie actions (MSCA) proiektuetan. Ikerketa horiek, guztira, 60 milioi euro baino gehiagoko kostua dute, eta Euskal Herriko unibertsitate publikoak proiektu komunitario horietatik hiru zuzenduko ditu. Baliagarriak izango dira I+G+b alor berriak eta aurreratuak zabaltzeko.Logo UPV

Marie Skłlodowska-Curie actions direlakoak EBko programa handinahi baten barruan daude; Horizon 2020 du izena, eta 80.000 milioi euro inguru jaso ditu. Programa hori 2014ko urtarrilaren 1etik 2020ko abenduaren 31ra bitartean gauzatzekoa da, eta EBren oinarrizko egitasmoetako bat da; izan ere, helburu du kontinenteko industria lehiakortasuna eta oinarri zientifikoa eta teknologikoa bermatzea, eta ikertzaileentzat, enpresentzat, teknologia zentroentzat eta erakunde publikoentzat dago prestatuta.

Hain zuzen ere, UPV/EHUk elkarlanean dihardu Europako eta Amerikako unibertsitateekin (Bordelekoa, Vienakoa, Stockholmekoa, Texaskoa eta Txilekoa, besteak beste), enpresa multinazionalekin (Basf eta Total, besteak beste) eta teknologia zentroekin (French Institute for Research in Computer Science and Automation –INRIA, frantsesez– eta Barcelona Supercomputing Centre –BSC–, besteak beste).

“Badira urteak UPV/EHUk Europako proiektuetan integratzeko apustu estrategikoa egin zuela. Politika komunitarioen asmoa da lankidetza ikerketa garatzea, hala EBren barruan nola kanpoko kideekin, eta, horrela, ikerketa sareak ezartzea, ezagutzan oinarrituriko ekonomia sustatze aldera. Guk bagenekien hor behar genuela. Guztira 60 milioi euroko bost ikerketa proiektu komunitario handitan parte hartzea eta horietatik hiruko buru izatea akuilu da Unibertsitatearentzat, Euskal Herrian zientzia eta ikerketa sustatzeko lanari euts diezaion”, azaldu du Fernando Plazaolak, UPV/EHUko Ikerketa Arloko errektoreordeak.

Esan bezala, UPV/EHUk leku ezin hobea hartu du H2020 programaren barruan, eta mugaz haraindiko proiektuetan parte hartuko du, mundu osoko ikerketa bultzatzen duten alor oso desberdinetan; besteak beste, Geofisika, Materialen Fisika, Polimeroen Zientzia eta Teknologia, eta Kimika Aplikatua. “Ikerketaren eta zientziaren aldeko apustua beharrezkoa da teknologiaren garapenerako, ongizate estaturako, enplegurako eta berdintasunerako. UPV/EHUk zientziaren eta teknologiaren motor izan nahi du, eta asmoa du, aurreko esparru programaren aldean, partaidetza areagotzea Horizon 2020ren esparruko Europako proiektuetan”, adierazi du Plazaolak.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *