Bermeoko Arrain Azoka martxoan hasiko da Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloarekin

Arrain Azoka Urpeko zinema, Hegaluze saria (1)

BBN ERREDAKZIOA

Aurten, Bermeoko Arrain Azokaren baitan egiten diren bestelako ekimenak urte osora luzatu nahi dituzte; horregatik Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloa martxoaren 28an egingo da. Halaber, Arrain Azokako kartel lehiaketaren oinarriak iragarri dituzte dagoeneko, eta XIX. Hegaluze Saria emateko proposamenen tartea ere ireki dute.

Irune Ormaetxeak, Bermeoko Turismo eta Merkataritza zinegotziak, eta Bego Gangoiti Turismoko arduradunak aurkeztu dituzte, aste honetan, Bermeoko Azoka dela eta egingo diren ekimenak. Prentsaurrekoan azaldu dutenez, «nahiz eta herriko kultura eta produktuen erakusleiho aparta den Bermeoko Arrain Azoka aurten maiatzaren 15, 16 eta 17an izan, helburua da denboran zehar zabaltzea eta ez mugatzea asteburu batera».

Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloa

Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloa martxoaren 28an, larunbata, egingo da eta eszenatoki berria izango du: Bermeoko Arrantzaleen Museoa. Goiz eta arratsaldez kalitatezko sei proiekzio ikusteko aukera izango da, dohainik.

Zinea gustuko dutenek ziklo honekin gozatzeko aukera izango dute goizeko 11:30etik aurrera. Ordu horretan proiektatuko dira Juan José Buenoren Kubako altxor urperatuak (25’ gazteleraz) eta Jorge Candamen Baso Sorgindu baten itsasoa (50’ euskaraz).

Arratsaldean ere hainbat proiekzio ikusteko aukera izango du zinezaleak. Hain zuzen, 18:30etik aurrera honako filmak ikusteko aukera izango dute Arrantzaleen Museora bertaratzen diren guztiek: Rene Heuzey eta Benoit Reevesen Erraldoien gaua bideo musikala (6’) (musika Yukimi Yamamotona da); José Carlos Randoren Malkoak itsasoan (3’ gazteleraz), Jose A.Valverderen Algodre (6’ gazteleraz) eta Indonesiako Bali filma (52’).

XIX. Hegaluze Saria

Ormaetxeak prentsaurrekoan azpimarratu zuenez, aurten ere “bermeotarrontzat hain garrantzitsua den Hegaluze Saria emango da”. “Sari honekin ekintza puntual edo jarraipen profesional bat saritu nahi da, Bermeoren izena zabaldu eta goratu duenari edo herriaren alde lan egin duenari”, nabarmendu zuen.

XIX. Hegaluze Sarirako proposamenak aurkezteko epea zabalik dago maiatzaren 11ra arte. Proposamenak egin nahi dituenak, orri batean, aukeratuaren datuak eta zergatia zaldu beharko ditu; eta horiek e-postaz bidali beharko ditu (hegaluze@itsuki-irratia.net helbide elektronikora), posta arruntez helarazi (Itsuki Irratira idatzita: ‘Hegaluze saria’, 120 p.k.- 48370 Bermeo) edo, bestela, Bermeoko Udal Turismo Bulegoan aurkezteko aukera ere badago.

Epaimahaiak irabazlearen izena maiatzaren 16an jakinaraziko du, Arrain Azokaren inaugurazioa baino lehenago Nestor Basterretxea aretoan egingo den sari banaketa ekitaldian.

Arrain Azokako kartel lehiaketa

Bestalde, Arrain Azoka Elkarteak XXI. Arrain Azoka 2015 iragartzen duen kartelaren lehiaketarako deialdia zabaldu du. Lanak aurkezteko epea apirilaren 12ra artekoa dela adierazi dute eta herritar oro parte hartzera animatu dute.

Merkataritza eta Turismo zinegotziak adierazi duenez, ekimen hauekin guztiekin «arrain azoka parte-hartzaileago bat lortu nahi dugu, herritarrak Arrain Azokan parte hartzeko hainbat aukera izatea eta Arrain azokaren parte sentitzea”, ekimen ezberdinetan parte hartuz.  “Arrain Azoka gure produktu eta kulturaren erakusleiho aparta da eta horrela izaten jarraitzeko lanean jarraituko dugu, gainerako erakundeekin elkarlanean”, azpimarratu du.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *