BBN ERREDAKZIOA
19. Korrika igande goizeko 07:16an sartuko da Bilbon; Enekuritik, hain zuzen. Deustua, Zorrotza, Errekalde, Indautxu, Abusu, Alde Zaharra, Santutxu, Guggenheim aldea… zeharkatutakoan, 12:25ak aldera iritsiko da San Nikolasera, Areatzako zubia gurutzatuta. Urepelen lekukoaren barruan sartu zuten mezua ezagutzeko unea iritsiko da orduantxe: 12:30ean emango diote hasiera Korrika bukaerako ekitaldiari.
Asier Amondo Korrikaren arduradunaren hitzetan, goiz da oraindik balorazioa egiteko; hala ere, «oso hasiera berezia izan zen, Urepele gainezka, eta hortik aurrera sekulako jendetza ikusi dugu herri guztietan. Emozioz beteriko kilometroak etengabe errepikatzen dira, eta benetan oso harro gaude. Negu gordinaren hondar astindua pairatzen ari garen arren, inoizko Korrikarik indartsuena eta jendetsuenaren aurrean gaudela esan dezaket. Beraz, gogo biziz gaude Bilbon amaierako jaiaz gozatzeko».
19. Korrika: Bilboko bukaera jaia gunez gune
1 》SAN NIKOLAS (Eliza aurrekaldean)
KORRIKA AMAIERA
12:30 Lekukoari ongi etorria
14:00 Korrika Abesti taldea
15:30 Kherau
17:30 Anje Duhalde
19:30 Izerdi Gorria Erromeria
2 》AREATZA
GUNE NAGUSIA
– Mokofin gunea – Euskal Produktuen Dastaketa
Jateko: Label oilasko errea, segurako taloak, Errigora, Esnekiak
Edateko: Euskal Garagardoak, Txakolina, Arabako Ardoa, Sagardoa
– Korrika denda: Epaltzaren Alargunaren kalea 2
– Tonbola eta Infogunea
GAZTE GUNEA
14:30 Xutik
16:00 Eskean Kristo
18:00 Betagarri
20:00 Ze Esatek
3 》ARRIAGA PLAZA
13:30 Erraldoien kontzentrazioa: Ondalan eta Areatzako erraldoiak
14:00 Gaztedi Dantza Taldea
16:00 Bizkaiko Euskal Joko eta Kirol Federakundea
18:00 Xapoka Antzerki taldea
4 》ERRIPA
13:30 Puzgarriak eta Irrien Lagunak: Porrotx, Olibatxo, Largabista eta Pupu eta Lore
13:30 Urtxintxa Tailerrak
14:30 Asier Kidam Magoa
16:00 Txatxilipurdi karaokea
18:00 Arrantza Dantza
5 》BILBO ZAHARRA
14:30 Sutan
16:00 Elortegi Anaiak
17:30 Revolta Permanent
19:00 DJ ELEPUNTO
6 》7 KALEAK
– Artisau Erakusketa. Plaza Barrian
– Kale animazioa: Bertso batukada, Gaiteroak, Erraldoiak, Joaldunak
Zuzeneko jarraipena telebistan eta Interneten
Urepelen gertatu zen bezala, 19. Korrikaren bukaera eta lekukoari egingo zaion harrera zuzenean jarraitu ahal izango da euskarazko hedabideek egingo duten saio bateratuari esker. Emanaldia goizeko 11:30ean hasiko da, eta, besteak beste, Bilboko ibilbidea zuzenean ikusi ahal izanen da. EITBko Ilaski Serranok eta Hamaika TBko Nagore Uriartek aurkeztuko dute, eta elkarrizketatzaile gisa Berriako Gotzon Hermosilla eta Uriola.eus-eko Lur Mallea arituko dira. Auzolana eta elkarlana dira Korrikaren oinarriak, eta euskarazko hedabideek haienak egin dituzte oinarri horiek. Telebistaz zein streaming bidez ikusi ahal izango da.