BBN ERREDAKZIOA
Durangoko Udalak, gaur 78 urte, 336 hildako eta ehundaka zauritu eragin zituen bonbardaketako biktimak omendu ditu. Beste behin, oroimen ekitaldia Durangoko hilerrian ospatu da, eguerdiko 12:00etan. Ekitaldira, biktimen senitarteko eta bizirik atera ziren lekukoekin batera, alderdi eta instituzio desberdinetako ordezkari ugari hurbildu dira.
Goizean goiz kanpaiak entzun dira; o8:30ean hain zuzen. Uribarriko Andra Mari basilikako kanpandorreko hotsa izan da protagonista; orain 78 urte, durangarrei lehenengo erasoa bazetorrela jakinarazteko alarma deiaren simulazioa egin du.
Kanpai doinuak, hilerriko omenaldian ere entzun dira, hildakoen oroimenez eraikitako monolitoaren inguruan eta Guda Zibilean hil ziren ehundaka durangarren izenak gordetzen dituen kaperan.
Gaur 78 urte Durangon: bi bonbardaketa egun berean
1937ko martxoaren 31ko goizeko 08:00ak ziren italiako Abiazio Legionarioak zerutik Durangoko bizilagunen kontrako erasoari ekin zionean. Autore askoren esanetan, Europan, populazio zibilaren aurka egindako lehen erasoa izan zen. Lehenengo pasadan, hiru motordun Savoia 84 modeloko hegazkin italiarrek 11 tonelada bonba jaurti zituzten Kurutziagatik geltokira.
Bonbaketari faxistek bigarren pasada bat ere egin zuten, 100 kiloko 22 bonba eta 50 kiloko beste 54 bonba jaurtiz. Horregatik, arratsaldeko 17:45ean bigarren alarma deia entzungo da Durangon.
Eguna, Gerediaga eta Kriskitin elkarteek arratsaldeko 20:00etan Santa Maria basilikako atarian bonbardaketako biktimak oroitzeko antolatutako azken omenaldi batekin bukatuko da.
Bonbardaketa airetik jasotzen duen argazkiz osatuta Gerediaga elkartearen bideoa: