LIBE MIMENZA CASTILLO
Janire Martinez Espinosa (Leioa, 1981) bidaiaria izan da beti: «Txikitan kanpaldiak prestatzen nituen edota familia bisitatzera joaten nintzen Espainia aldera; gero, 18-21 urterekin lagunekin kotxea hartuta bidaia «hippy»ak egiten genituen Kadiz, Galizia zein Gironako hondartzetan lo eginda; 2004an, Nikaraguan izan nintzen hiru hilabete; eta, ondoren, oporretan ezagutu ditut, besteak beste, Kuba, Londres edo Peru; eta autokarabanan, aldiz, Bretainia, Korsika edo Portugal».
Ofizioz irakaslea eta afizioz bidaiaria den Janirek 100 egun Europan zehar autokarabanan hitzaldia eskaini zuen bizileku duen herrian, Arrigorriagan. Uda garaian egin zuen 100 eguneko bidaia Europan, garai ezin hobean; dena den, ez du hotzak kikiltzen edo etxean giltzapetzen: «Neguan egiteak ere bere xarma izango luke».
Nola egiten da kostu baxuko bidaia merke bat autokarabanan? Posible al da? Zer hartu behar da kontuan bidaiaren prezioa merketzeko?
Batez ere, lo egiteko aurreztea, hau da, kanpinetan ahalik eta gutxien sartzea; ondoren, baita gasolioa non bota ondo bilatzea, hots, gasolindegi “merkeak” topatzea; edota, jatetxeetara joan beharrean, otorduak autokarabanan bertan egitea ere. Dena den, noizbehinka, gauza horiek ere egin behar dira bestelako gauzak disfrutatzeko zein bisitan zoazen lekuetan ekarpen ekonomiko bat egiteko.
Naturaz ahalik eta gehien gozatzea ere bada bidaiaren prezioa merketzeko bidea, bertan, ekintzak doakoak izaten baitira. Halaber, ferriak hartzeko momentuan ere prezioak merketzea lor daiteke autokarabanaren neurrien arabera (6 metrotik beherakoa bada).
Zer da ahaztu ezin duguna Europa autokarabanan gurutzatzeko?
GPS-mapak, dokumentazioa (NANarekin nahikoa da), aseguruak (zerbait gertatzen bada), mugikorrerako aplikazioren bat autokarabanen zerbitzuak non dauden modu errazean topatzeko, pertsonak zein kulturak ezagutzeko gogoak eta jendeari oparitzeko zure zonaldeko produktuak. Guk, beti, sagardo botilak eta urdaiazpiko paketeak eramaten ditugu mesedeak eskertzeko edota ezagutzen ditugun pertsonei oparitzeko.
Zer dela eta sortu zitzaizun Europan zehar 100 eguneko bidaia autokarabanaz egiteko ideia?
Lagun batek kotxez egin zuen, eta guri plan ezin hobea iruditu zitzaigun autokarabanaz egiteko.
Zenbat herrialde ezagutu zenituen bidaian? Zein da gehien gustatu zitzaizuna eta zergatik?
13 herrialdetan gelditu ginen eta beste 3 zeharkatu baino ez genituen egin. Gehien gustatu zitzaizkidanak, berriro bueltatzeko modukoak, Eslovenia, Eslovakia eta Polonia iruditu zitzaizkidan; gauza asko utzi genituen pendiente, ikusteke. Oso herrialde “konpletoak” dira: historia, kultura, gastronomia, mendia, hondartza edota bainatzeko lekuak…
Eta txarrena? Ba al du Europak autokarabanan joateko gomendagarria ez den herrialderik?
Herrialde batzuetan zerbitzuak eskasagoak dira, baina kanpinei esker beti izaten da posible autokarabanaz bidaiatzea. Bestalde, oso ondo prestatuta daudenak Frantzia eta Norvegia dira, adibidez.
Autokarabana lehenagotik zeneukan, zurea zen, utzi egin zizuten, alokatu, erosi… Ez baita oso tramunkulu eskuragarria eta merkea, ezta? Edo, bai?
Nire bikotearena da. Lehen, Vito Marco Polo furgoneta zeukan eta salmentarekin eta diru inbertsio apur bat eginda autokarabana erosi zuen. Bigarren eskukoak asko merketzen dira lantegitik atera berria den autokarabanarekin alderatuta. 20.000 eurotan badira autokarabana asko; noski, ezaugarrien araberakoa izaten da prezioa.
Zer da autokarabanak bidaiatzerakoan ematen duen gauza onena? Eta, txarrena?
Askatasuna eta naturarekin kontaktu zuzena izateko aukera da onena. Alderdi txar legez, legediek jartzen dituzten traba eta oztopoak aipatuko nituzke, kontuz ibili behar baita batzuetan.
Errepikatuko al zenuke esperientzia?
Noski, mila aldiz, urtebeterako…BETI!