Duela ia 400 urte lapurtera klasikoan idatzitako lehen euskal liburua aurkitu dute

euskarazko-lehen-liburua

BBN ERREDAKZIOA

Esteve Materrak 1617an argitaraturiko Doctrina Christiana galduta egon da azken mendeetan. Dorota Krajewska ikerlariak aurkitu zuen Danimarkako Errege Bibliotekan, bigarren edizioan lanean zebilela, lehen edizioaren ale bat. Dagoeneko aurreratuta dituzte testuaren finkatze lana, ikerketa eta ondorengo edizioekiko konparaketa; gainera, Aziti Bihia elkarteko kideek orain arte Euskal Filologiaren alorrean bizirik egon diren hainbat zalantza eta eztabaida argitu ahal izateko datu baliagarriak lortu dituztela adierazi dute UPV/EHUko Letren Fakultatean, Gasteizen, gaur goizean egindako aurkezpenan; halaber, argitaratzeko edizioa prestatzen ari dira.

Lapurtera klasikoan idatzitako lehen euskal liburua

Esteve Materrak idatzitako Doctrina Christianak 1617an ikusi zuen argia, Bordelen. Horrela eman zitzaion hasiera euskal obra klasiko garrantzitsuenetan erabiliko zen euskalki literarioari; hots, lapurtera klasikoari, mende zenbait beranduago euskara baturako eredu izango zen horri.

Lapurtera klasikoaren opera prima hau euskaraz inprimaturiko lehen liburuetako bat ere bada, haren aurretik hauek besterik ez baititugu: Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae (1545), Leizarragaren Testamentu Berria, Kalendrera eta ABCa (1571), Betolatza arabarraren dotrina elebiduna (1596), Refranes y Sentencias errefrau bilduma (1596) eta Elsoren dotrina gaur egun galdu eta ezezaguna.

Materraren lanak harrera bikaina izan zuen eta behin baino gehiagotan berrargitaratu zuten ondorengo hamarkadetan. Edonola ere, zeharkako aipuen bidez lehen edizioa 1617koa zela jakin arren, haren edukia eta itxura erabat ezezagunak izan dira garai guztietako irakurle eta ikertzaileentzat: Manuel Larramendik XVIII. mendean lehena ez beste edizio bat izan zuen eskuartean, Julien Vinsonek XIX. mende amaieran argitaratu zuen euskal klasikoen bibliografiak dagoeneko galdutzat zituen lehen edizioaren ale guztiak, eta garai modernoagoetan, Materraren obraren inguruan egindako ikerketa guztien oinarria Oxforden gordetzen den 1623ko bigarren edizioaren ale bakarraren kopiak edo ondorengo edizio modernoak izan dira.

Esteve Materra: euskaraz ikasi zuen fraide kanpotarra

Ezer gutxi dakigu gehienetan Materre abizen frantsestuaz aipatua izan den idazle frantziskotarraren bizitzari buruz. Kontrarreformaren une gorenean eta Inkisizioaren txingarren beroan, Gaskoniatik Lapurdira bidali zuten, fede katolikoaren oinarriak zabaltzeko eta gotortzeko helburuz. Ipar Euskal Herrian eman zituen urte gutxietan, Saran, euskaraz ikasi omen zuen zinez erritmo bizian, dotrina euskara bikainean eta ziztu batean idazteraino.

Aziti Bihia: hilabeteak Materrarekin lanean

Aziti Bihia elkartea UPV/EHUko Letren Fakultatean doktoretza tesia prestatzen ari diren hainbat hizkuntzalari eta filologo gaztek eratu zuten duela bi urte. Elkarteko kide Borja Ariztimuñok, Udane Atutxak, Dorota Krajewskak, Urtzi Reguerok, Ekaitz Santaziliak, Oxel Uribe-Etxebarriak eta Eneko Zuloagak osatzen dute proiektuan lanean diharduen taldea. Proiektuak UPV/EHUko bi ikerketa talderen laguntza jaso du: Joseba A. Lakarrak zuzentzen duen Monumenta Linguae Vasconum eta Joaquín Gorrochateguiren gidaritzapeko Euskararen historia eta hizkuntzalaritza historiko-konparatua ikerketa taldeena.

Gazteok duela hilabete batzuk hasi ziren Dotrina Christianaren 1623ko bigarren edizio kritikoa prestatzen. Ikerketak, besteak beste, Oxfordeko Bodleian Libraryn gordetzen den ale original bakarra kontsultatzera eraman ditu ikerlariak, baita beste zenbait bibliotekatan barreiaturik dauden ondoko edizioen kopiak biltzera ere. Eta, bidea, lehen edizioa aurkitu dute.

Webgune batean kontsulta daitezke, besteak beste, testuen transkripzioak, oharrak eta orain arte egindako ikerketa guztia, aurkitu berri duten obraren faksimilea bera ere, noski: Materra: edizioa eta azterketa.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *