BBN ERREDAKZIOA
Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak BizkaiaAKTIBATU Bilbao programaren bigarren deialdia abian jarri dute. Programak hiriko 71 gazteren izaera ekintzailea sustatuko du, jakitera eman dutenez, «Bizkaiko hiriburuaren etorkizunerako estrategikotzat jotzen diren sektoreetan». Hautatutakoek trebakuntza eta laguntza jasoko dituzte ekonomia-jarduera eta enplegua sortzeko bokazioa duen negozio-ideia bat abian jartzeko. Plana Bilbao Ekintzak eta DEMAk egin dute eta foru-erakundeak abian jarri duen Eskualdea Suspertzeko Programaren baitakoa da.
BizkaiAKTIBATU Bilbao programa Bilbon erroldatuta dauden, 35 urte baino gutxiago dituzten, erdi-mailako heziketa-ziklo bateko maila, batxilergokoa edo baliokidea daukaten eta 12 hilabete baino gehiago langabe egoeran dauden pertsonentzat da. Hala ere, behin-behinean, langabezian urtebete ez daramaten gazteen eskaerak ere onartuko dira ezarritako plaza-kopuru osoa betetzen ez bada. Interesatuek gaitasun-profil ekintzailea eduki behar dute. Ez da beharrezkoa aldez aurretik negozio-ideia bat edukitzea, baina balioetsiko da balio eta etorkizuneko sektore estrategiko hauetako batean kokatutako negozio-ideia bat edukitzea: Enpresentzako Zerbitzu Aurreratuak, Internet eta Teknologia Digitala, Turismoa & Business Conventions, Hiriko Irtenbideak, Merkataritza eta Artera eta Kulturara aplikaturiko Teknologia.
Laguntza profesionala eta diru-laguntzak
71 pertsona hautatuko dituzte eta horiek, lehen fasean, eta Bilboko Udaletetxetik adierazi dutenaren arabera, «trebakuntza eta aholkularitzako saio espezifikoetara joango dira, gehienez 80 orduz, programaren lehenengo hilabetean. Eta hurrengo bi hilabeteak negozio-plana egiteko erabiliko dituzte. Aldi horretan, hilean 350 euroko beka bat jasoko dute. Bigarren fasean, gazte bakoitzak 5.000 euroko laguntza bat jasoko du; xedea proiektua abian jartzeko laguntza ekonomikoa ematea da. Diru-laguntza hori eskuratzeko, ezinbestekoa izango da enpresa berriari ekonomia-jardueren gaineko zergan eta dagokion gizarte-segurantzako araubidean alta ematea».
Izen-ematea
Interesatuek BizkaiAKTIBATU Bilbao programaren oinarriak kontsultatzeko eta izena emateko Bilbao Ekintzaren webgunea daukate eskura: http://www.bilbao.net/BilbaoEkintza/es. Izena emateko epea datorren apirilaren 1ean amaituko da.