Josu Bergara: «Etorkizun hobeago baten alde borrokatzen dutenen aldarriek inspiratzen naute»

josu-bergara4GAIZKA ESPARZA

Eako musikariak gaur hasiko du aurtengo bira Barakaldoko Arimaktore aretoan. Horrez gain, uda ostean argia ikusi dezakeen disko berria prestatzen hasi da. Ekainaren 18an, Bilboko Kafe Antzokian zuzenean grabatuko du, eta berriz ere, kantautore soinuak izango dira nagusi bere konposaketetan. Karramarroen Hiria, bere lehenengo diskoa, 2006an argitaratu zuen; bi urte geroago, Nora zoaz heldu zen dendetara eta Katiuska gorriak diska, berriz, 2012an eman zuen ezagutzera. Bere abestiei esker, azken urteotan, Londres, Bartzelona, Valentzia, Madrid eta Euskal Herriko areto askotan kontzertu ugari eskaini ditu. Bere influentzien artean, aldiz, euskal kantagintzan indar asko izan duten izenak aurkitzen ditugu: Mikel Laboa, Xabier Lete, Benito Lertxundi, Ruper Ordorika, Lourdes Iriondo edo Mikel Markez. Baina kanpoko musikariak ere izan ditu inspirazio iturri bezala Josu Bergarak, besteak beste, Lluis Llach, Raimon, Joan Manuel Serrat, Silvio Rodriguez, Frank Delgado, Damien Rice, Ray Lamontagne, Glen Hansard edo PJ Harvey.

Orain dela gutxi jakin genuen San Mamesen abesteko kantuen lehiaketan irabazle suertatu zinela. Sariak zer suposatzen du zuretzat?

Beste aurrerapauso txiki bat nire ibilbide musikalean. Izan ere, aurten taula gainean hamabi urte bete ditut, hiru disko argitaratu ditut, eta laster, laugarrena grabatuko dugu. Horrelako sariak nire musika ezagutarazteko eta zabaltzeko balio badute, ongi etorriak. Gainera, txikitatik Athleticzale amorratua naiz eta ilusioz hartu dut jendeak kanta abestea zelaian eta kaletik.

Irabazitako dirua zertan inbertituko duzu?

Laugarren diskoaren grabaketarako erabiliko dut. Ekainaren 18an Bilboko Kafe Antzokian zuzenean grabatuko dugu. Nire musika hasieratik autoekoizten dut; horrela, beti daukat sortzen dugunaren gaineko kontrola: nola egin, non grabatu, ilustratzailea edo diseinatzailea aukeratu, bideoklipak eta abar luzea erabaki eta egin behar baitira. Baita ordaindu ere, nire patrikatik.

Momentu honetan abestien moldaketekin zaude, ezta?

Bai, disko berriaren abestien moldaketa Nerea Alberdi bibolinjoleak egingo du. Martxoa eta apirila bitartean moldaketak entzun eta entsaiatzen hasi beharko gara.

Diskoaren soinua aurrekoen ildotik abiatuko da?

Zuzeneko diskoa denez, soinua ezberdina izango da, baina orokorrean folk eta songwriter edo kantautore soinuak izango dira nagusi. Beti ere, ahotsen melodia, erritmo lasaiak eta letraren garrantzia azpimarratuz.

Zein da zure inspirazio iturria konposatzerako orduan?

Nire esperientzia pertsonalak, ingurukoak, gizartean ikusten ditudan kontuak, gure herrikoak, etorkizun hobeago baten alde borrokatzen dutenen aldarriak… gauza asko.

Nor arduratuko da produkzioaz?

Grabaketa eta produkzioaz David Sanchez teknikaria arduratuko da. Bilboko Bigorringo estudioan lan egiten du eta ederto ulertzen gara, oso ondo daki zer nahi dudan, nolako soinua bilatzen ari naizen. Tipo profesionala eta jatorra.

Noizko argitaratuko duzu?

Uf! Galdera zaila! Agian irailerako. Behintzat, dena ondo badoa, irailerako!

Bitartean, aste hontan Barakaldon bira berriari hasiera emango diozu. Zer aurkeztuko duzu kontzertu berri horietan? Abesti berriren bat entzun ahal izango da?

Bai, barikuan Arimaktore aretoan Paraiso no es aqui zuzeneko irratsaio-ikuskizunean parte hartuko dut, jendaurreko elkarrizketa modukoa izango da, baina gitarrarekin joango naiz eta abesti batzuk aurkeztuko ditut. Hurrengo kontzertuetan, apirila eta maiatzean, Mikel Nuñez Lauzirika pianoan eta Nerea Alberdi bibolijolearen laguntzaz, «Katiuska gorriak» nire hirugarren diskoaren abestiak eta kanta berriak eskeiniko ditugu.

Nondik pasako da bira berri hori?

Martxoaren amaieran Pau Alabajos kantautore eta lagunarekin batera Valentzia, Alacant, Torrent eta inguruko herrietan bost kontzertu eskainiko ditut. Gero, apirilean, Eibarren arituko naiz Beleko tabernan, eta maiatzan, Maruri-Jataben. Ekainean Kafe Antzokian, gero Ean, Lekeition…

Oraindik urduri jartzen zara eskenatokira irten baino lehen?

Bai. Umea nintzenean oso lotsatia nintzen; orain, gutxiago. Hala ere, berrehun kontzertu baino gehiago eskaini ditudan arren oraindik urduri jartzen naiz.

Zure musika ezagutzera ematerako orduan zer suposatu du Internetek?

Betidanik Internet erabili dudan tresna baliogarria izan da. Sare sozialak, bideoak, nire diskoak bultzatzeko eta ezagutzera emateko aukera paregabea eskaintzen duen tresna. Gero eta mezu gehiago jasotzen ditut sare sozialen bitartez nire musika gustatzen zaiela esanez edo hurrengo kontzertua noiz izango den galdetzeko. Beraz, gora Internet eta gora musika askea!

Euskaraz abestuta, posible al da musikaz bizitzea?

Nik euskaraz abesten dut «natural» sentitzen dudalako, nire hizkuntza delako. Musikaz bizitzea, orokorrean, zaila da. Baina niretzat musika adierazteko bide bat da, nahi dudana esateko bidea; ez nago musika munduan helburu ekonomiko zehatz batzuk lortzeko.

josu-bergara

Euskaraz argitaratzen diren diskoen portzentai altu bat Durangoko Azokara begira egiten da. Baina gero urtean zehar ez da erraza musika argitalpen berriak aurkitzea. Hau ona al da euskal kulturarentzat?

Nire esperientziaz hitz egingo dizut. Oso ondo ezagutzen dut Durangoko Azoka. Eta, nire ustez, euskal sortzaileontzat eta euskal kulturarentzat ekimen indartsua da. Baina, diskoetxe batzuk salmenta puntu izatera mugatu nahi dute, eta azoka zeozer zabalagoa eta handiagoa da. Euskal kulturaren jaia izan behar da, ez soilik salerosketa gunea. Nire ustez azken urteotan pauso onak eman dira bide horretatik: Ahotsenea, Irudienea, Azoka telebista, eta abar. Gainera, azoka antolatzeko jende askok bolondres lan egiten du eta haiei ere eskerrak eman behar zaizkie.

Zer nolako neurriak hartu beharko lirateke euskal kultura bultzatzeko?

Orokorrean ez dut uste gure helburua «salmenta» edo modu komertzialean neurtu behar denik. Erakunde publikoetan makrofestibal handien alde egiten dute, ameriketatik talde handiak ekarriz, eta eskaintza kulturala «macdonalizatzen» ari dira. Euskal sortzaileon bidea, batzuena behintzat, beste bat da: herri gisa gure kultura zabaltzea eta aurrerapausoak ematea. Herrietan, gazte asanbladetan, jai batzordetan… euskal musikaren aldeko apustua egiten da. Erakundeek euskal kulturak komunikabideetan duen presentzia bermatu beharko lukete; adibidez, hedabide guztietan derrigorrezko kuotak ezarriz euskarazko musikaren alde. Hori Katalunian 1997tik egiten da.

Interneten: musika zuzenean, badok eta antzeko atariak bultzatu behar ditugu. «Gure musika»-rako tresnak eta euskarriak eraiki behar ditugu. Hortxe dago erronka. Horregatik beti aldarrikatu izan dut sortzailearen independentzia kulturala eta burujabetasuna. Autoekoizpenak libre egiten gaitu. Eta antolakuntzan bide berriak jorratzen ari gara: adibidez, Taupaka elkartean, Bonberenean, Astran… kultur eredu duina eta herriarena egin behar dugu.

Zein da erosi duzun azkenengo diskoa?

Duela gutxi lagun batek oparitu zidan Norzzone jaunaren Amairu dok diskoa. Euskal Rap-a. Itzela.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *