Begirale euskaldunen bila Arrigorriagan

Arrigorriagako igerilekuak. ARGAZKIA: bizkaia.net

BBN ERREDAKZIOA

Berdinean Euskaraz programaren barruan, Arrigorriagako Udaleko Euskara Zerbitzuak hizkuntza ondo menderatzen duten eta haurrak zein gazteak zaintzea gustuko duten udalerriko pertsonak izena ematera animatu nahi ditu; horrela, udalak gurasoen eskura jarriko dituen zerrendetan parte hartzeko aukera izango dute.

Haurrek dakitena finka dezaten eta ez dakitena ikas dezaten, udalerriko zaintzaile euskaldunek osatutako zerrenda egingo da. Nabarmendu behar da udala alderdi interesdunen arteko bitartekaritza lana egiteaz baino ez dela arduratuko; hori dela eta, ez da lan poltsa bat izango.

Arrigorriagako igerilekuak. ARGAZKIA: bizkaia.net
Arrigorriagako igerilekuak. ARGAZKIA: bizkaia.net.

Era berean, gaur egun haur eta gazte gehienek txiki-txikitatik aukeratzen dute kirolen bat. Gurasoen elkarteei kirol begirale euskaldunak aurkitzea oso zaila egiten zaienez, beste zerrenda bat irekiko da. Kasu horretan, kirol begirale ziurtagiria eta euskarazko B2 edo C1 maila eskatuko dira.

Gainera, jarduerak euskaraz egiteko ekintza planean Arrigorriagako Udalak, bereziki, haur eta gazteak hartu ditu kontuan; izan ere, kolektibo horrentzat antolatzen diren astialdiko jarduerak gero eta ugariagoak dira. Ezinbestekoa da esparru horretan euskararen erabilera normalizatzea; horregatik, aisialdiko begiraleekin hirugarren zerrenda egingo da. Parte hartzeko dagokion ziurtagiria eta euskarazko B2 edo C1 maila eskatuko dira.

Parte hartzeko interesa duten pertsonek Herritarren Arretarako Zerbitzura (HAZ) jo dezakete izena emateko, bai udaletxekora bai Abusu Zentro Soziokulturalekora, martxoaren 13tik apirilaren 13ra. Beharrezkoa da curriculum vitaea aurkeztea eta eskaera-orria betetzea.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *