Eñaut Elorrietaren kontzertua Sopelako Kultur Etxean

eñaut-elorrieta-sopela

BBN ERREDAKZIOA

Korrika Kulturalaren baitan, Eñaut Elorrietak kontzertua eskainiko du martxoaren 27an, ostirala, Sopelan. Hitzordua 20:00etan izango da Kurtzio Kultur Etxean, eta Ken Zazpiko kantariak bere Deserriko kantak azken proiektua aurkeztuko du. Sarrerak sei euroan eskura daitezke.

Deserriko kantak lana

Eñaut Elorrieta kantariaren bakarkako lehen lanak Deserriko kantak izenburuarekin argitaratu zen 2013ko maiatzaren hasieran.

«Deserria ez lekua da. Han izanik hemen, edo hemen izanik han izatea. Deserria bada bakardadea eta
biluztasuna, bada sentimendu babes gabeen kontakizuna. Baina norbere burua berrasmatzeko
aukera ere bada, geografia berrietan saiatzekoa. Badira desterratuak Arestiren Aitaren etxean,
Sarrionandiaren memoriaren mapetan eta handik kanpo. Norberaren gorputzetik exiliatuak ere
badira. Etxerako bidea ahaztu dutenak, itzuliaren bueltatu ezdirenak, bidea aberri bihurtu dutenak». Aurkezpen txartel horixe darama Eñaut Elorrietaren azken lanak, eta bertan, deserriari ertz guztietatik begiratzen saiatu da, horretarako, baliatu da bereaz gain hainbat idazle eta poetaren lumaz ere.

Horietako batzuk, euren azalean bizi izan dute deserri politikoa (Joseba Sarrionandiak edo Joan Oliverrek, kasu); beste batzuek, aldiz, deserri poetikoari idatzi diote (Mario Benedetti, Harkaitz Cano, Bernardo Atxaga). Gai soziala bezain intimoa den deserria berea egin du Eñaut Elorrietak, hitzekin eta musikarekin lur zati bizigarri bat zedarritu nahian.

Zuzeneko emanaldiak ere diska bezain zainduak eta bereziak dira, «norbere baitako kartografietan bidaieatzera gonbidatzen dute entzulea, gogoeta eraginez norbere aberriaz eta atzerriaz, nor bere emozioen geografiaz».

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *