Durango emakume izenez bete nahi dute

DURANGO-UDALA

BBN ERREDAKZIOA

Durangoko Berdintasun Kontseiluak eta Durangoko Udalak emakumeen izenak proposatzera animatu ditu herritarrak. Zertarako? Kale, plaza, eraikuntza, parke eta abarrei emakume izenak jartzeko.

Hain zuzen ere, 2015eko otsailaren 24ko osoko bilkuran, hainbat ekintza lantzeko mozio bat onartu zen, Durangoko Udalaren Berdintasun Kontseiluaren eskaerari erantzunteko. Ekimen horren helburua, «hainbat esparrutan –kulturan, jendartean, arlo politikoan, zientzietan, enpresa munduan edota euskararen zabalkundean– emakumeek egin dituzten ekarpen garrantzitsuak agerian jartzea eta zabaltzea» dela adierazi dute udaletik; izan ere, «Durango, Durangaldeko edota Euskal Herriko historian ekarpen handiak egin dituzten emakumeak izan dira».

Emakume izenak proposatzeko bidea

Emakume izenen bat proposatu nahi duen orok, honako irizpideak hartu beharko ditu kontuan: hautagaia Euskal Herrikoa izatea (Durango eta Durangaldearekin izandako harremana lehenetsiko da), hilda egotea, eta emakume eta gizonen berdintasunaren alde lan egin izana edo feminista izatea.

Halaber, ekarpenak egiteko epea martxoaren 20tik apirilaren 12ra bitartekoa izango da eta bi bide daude izenak proposatzeko. Alde batetik, www.durango-udala.net webgunearen bidez, eta bestalde, Andragunean bertan (Pinondo plaza, 1 – Pinondo Etxea).

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *