Erdaretara itzulitako euskal literaturaren inguruko liburua aurkeztu da

BBN ERREDAKZIOA
UPV/EHUko ikertzaile Elizabete Manterola Aguirrezabalagak esan duen bezala, “Euskal literatura oso gaztea izan arren, azken 40 urteetan literatur lan horiek erdaratara itzultzea gero eta ohikoago da.” Manterolak ELI Euskara Literaturaren Itzulia katalogoan bildutako lan itzuliei buruzko datuak ikertu ditu. Izendegi horretan agertzen den gisa, 2012aren erdialdera arte 161 idazleren obrak 38 hizkuntzatara itzuliak izan dira. Datu horiek aztertu ondoren, Manterolak ikerketa Bernardo Atxagaren lanetan ardazten du, zeren argitalpen itzuli gehien dituen autorea den (100 baino gehiago), baita hizkuntza gehienetara ere (35 hizkuntza). elizabete_manterola-medios

Argitaratuko Euskal Literatura Saila bildumako liburu horretan, Elizabete Manterolak ondorioztatzen du euskaratiko itzulpenek euskal literaturaren produkzioa indartzen, aberasten eta normaltzen lagundu dutela. Baina produkzio hori kanporatzea jarduera berria dela nabarmentzen du. Izan ere, 2000. urtetik aurrera erdaratze prozesua haziz joan da, eta beharrezkotzat jotzen da itzultzea euskal literatura ezagutzera emateko. Bilakaera hori haur eta gazte literaturan oso nabaria izan da. Lan horiek izan dira estatutako hizkuntzetara gehien itzuli direnak, batik bat, gaztelerara. Hala ere, beste hainbat hizkuntza batzuetara iristea (frantsesa, alemana edota ingelesa) idazle gutxiagok lortu dute.

“Kontuan hartu behar da euskara hizkuntza gutxitua dela eta hizkuntza nagusiez (espainola eta frantsesa) inguraturik bizi dela. Beraz, —Manterolaren esanetan— sistema diglosiko horrek itzulpen prozeduran eragin nabarmengarria du. Zentzu horretan, eginiko azterketak itzulpen bide ezberdinak azaleratu ditu: autoitzulpena, autore eta itzultzailearen arteko lankidetza estua, eta zuzeneko zein zeharkako itzulpenak.” Autoitzulpena gaztelaniara zein frantsesera itzultzean agertzen den fenomenoa da; eta zeharkako itzulpena, berriz, beste hainbat hizkuntzarako bidean. Horrek esan nahi du gaztelaniara egindako itzulpena iturri bihurtzen dela beste hizkuntza batetara itzultzeko.

euskal-literatura-itzuliaAtxagaren erdaratzeak

Itzulpen estrategietan sakontzeko, Elizabete Manterolak Bernardo Atxagaren produkzioa hartu du aztergai, “zeren eta euskal literatur itzuliaren konplexutasuna bere osotasunean islatzen duen egilea baita”. Izan ere, 2010. urtera arte Atxagak 35 hizkuntzatara ditu 100 liburu baino gehiago. “Horrela, bere obren itzulpenek abagune egokia eskaini dute euskal literaturaren konplexutasuna aztertzeko eta urtez urte eraldatzen doan itzulpen errealitatea hobeto ezagutzeko”, ikertzaileak azpimarratu du. Atxagaren lana aztertu ondoren, ikertzaileak halako ondorioak atera ditu, besteak beste:

Bernardo Atxagak azken 20 urtean bi irakurlego eta bi hizkuntza ditu gogoan bere liburuak idazterakoan. Hasierako lanetan, Atxagak euskal irakurlegoa zuen xede (Obabakoak Espainiako Sari Nazionala jaso arte, batik bat), eta Gizona bere bakardadea-El hombre solotik aurrera euskal zein gaztelaniazko irakurlegoak ditu helburu nagusi. Bi sorkuntza mota dira eta itzultzaileak gogoan izango du sorkuntza prozesua zein den.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *