«Bilbon euskararen alde milaka lagun ikusteak emozioz betetzen nau»

bilbo-korrika-arduraduna

LIBE MIMENZA CASTILLO

Urepelen abiatu zen, duela 11 egun, 19. Korrika. Euskal Herria goitik behera zeharkatu du dagoeneko, hortaz, gaur goizeko 07:16an sartuko da Bilbora; hain zuzen ere, Enekuritik. Bost orduko ibilbidearen ondoren, Arriaga Antzokian amaituko da eguerdiko 12:30ean, eta orduantxe ezagutuko dugu euskahaldunok aurtengo mezua: eskuz esku testiguaren estalpean gure bazterrak zeharkatu dituen «sekretua».

 EGITARAUA: 19. Korrikaren bukaera jaia Bilbon

Aurtengo 19. Korrikak Urepel eta Bilbo batuko ditu; Xalbador eta Gabriel Aresti 2.161 kilometrotan lotuta. Zer dela eta erabaki duzue Bilbon amaitzea?

Idatzi gabeko araua den arren, bost hiriburuak txandaka egiten saiatzen gara. Baldin eta aparteko ezer ez bada, Bilbo, Iruñea, Gasteiz, Donostia, Baiona ordena jarraitu nahi izaten dugu.

Ez da lehen aldia Korrika Bilbon amaitzen dena, ezta? Zertan izango da ezberdina gaurko eguna?

Ez , lehenengoa ere bertan amaitu zen; azkenekoa 14.a, eta tartean besteren bat ere bai. Amaiera izateak, betiko lanez gain, egun horretako jai erraldoia antolatzea ere badakar. Lan handiagoa, beraz, eragile gehiago; baina aldi berean, pizgarria inguruko euskahaldunentzat.

Korrika, halaber, bolondresen bidez egiten den auzolaneko ekimen erraldoia da. Zenbat pertsona arituko dira gaur Bilbon lanean?

Asko, baina garrantzitsuena hona heltzeko lan egin duen jende andana dela esango nuke. Hamaika lantegitan, eskolatan, bulegotan, aurrezki kutxatan, dendatan, espetxetan, epaitegitan… aritu da jendea lanean, eta horiek gabe Korrika ez litzateke gaur egun dena izango.

Zer aurkituko du euska(ha)ldunak gaur Bilbon?

Jende mota guztiarentzako eskaintza dago, ume, gazte edo nagusiagoentzakoa. Euskal Herriko ospakizun handietan topa daitezkeenak izango ditugu: jatekoa, edatekoa, herri kirolak, antzerkia, kontzertuak, giro aparta kalean…

Bilboko Korrika arduraduna zara, nola bizi dituzu lasterketa, aldarrikapena eta festa Bizkaiko hiriburura heldu arteko orduak?

Lanpetuta, urduri… lan eta ardura handia suposatzen duelako. Dena den, Bilbon euskararen alde milaka lagun ikusteak emozioz betetzen nau, eta hunkituta hasi eta amaituko dut eguna, ziur nago horretaz.

Zenbat urte daramatzazu Korrika arduradun? 

Ez dut oso ondo gogoratzen, baina 12. Korrikatik-edo esango nuke nik; 14.a Bilbon amaitu zenean azken eguneko arduradun izan nintzen, eta harrezkero Bilbokoa.

Zer eta nola aldatu da edizioz edizio?

Urteetan zehar aldaketak handiak izan dira: teknologia berriek, esaterako, lana bestela egitea ekarri dute; gero eta eragile gehiagok hartzen du parte Korrikan eta jendearen atxikimendua ere gero eta handiagoa dela esango nuke.

Bilbo hiri euskahalduna al da? Zer nolako bilakaera izan du azken urteetan?

Ahalduna bada, ahala egon badagoelako, baina ahal hori, norbanakoona eta erakundeena, gauzatu egin behar dela uste dut. Euskararen ezagutza eta erabilera ez doaz parean, eta horretarako pausoak eman behar direla uste dut.

Lehenengo Korrikaren leloa “Zuk ere esan bai euskarari” izan zen; aurtengoa, aldiz, “Euskahaldundu”. Bai esatetik ahalduntzera pasatzeko ordua da, beraz. Zer transmititu nahi duzue?

Horixe, guztion ahaleginarekin lortuko dugula, indarrak metatu egin behar direla nahi duguna lortzeko.

Korrika, oraindik ere, babes ekonomikoa biltzeko herri lasterketa da: euskara ikastea doakoa izango den eguna helduko al da?

Bai, zoritxarrez horixe da Korrikak duen helburu garrantzitsuenetakoa, euskararentzat diru-laguntzarik ez dagoelako (Nafarroan) edo dagoena oraindik ere nahikoa ez delako (EAEn eta Iparraldean). Ulergaitza da benetan norberarena behar lukeen hizkuntza ikasteagatik ordaindu behar izatea, edota horren irakaskuntzan gabiltzanok erretiro duina izateko 75 urteak bete arte lan egin behar izatea.

Ezbairik gabe, Korrikak nabarmen adierazten du euskaldunon euskararekiko atxikimendua; nola bihurtu aldeko jarrera erabileraren hazkunde? 

Euskaraz bizitzeko beharra sortzean dago gakoa, denok baitakigu hizkuntza hil egiten dela erabili ezean.

Gaur amaitzen da Korrika. Hortaz, euforia eta gero, zein da bihartik aurrerako egunetarako mezua?

Guztion artean ahala badugula sinetsita, bihartik aurrera bakoitzak, bere txikitik edota handitik, egin egin behar dugu, euskaraz alegia.

 

INFO +

 Bilbon ere euskahaldunak gara

 Bilbo izango da 19. Korrikaren ibilbideko azken helmuga

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *