Batzen gaituena

JOSEBA ARRUTI

Euskal herritarrok badugu halako joera bat, sustrai historikoak dituena, batzen gaituenean baino bereizten gaituztenetan sakontzekoa. Gutxitan lortu ditugu guztiok aterpetzeko moduko akordio zabalak, eta erosoago sentitzen gara gurea azpimarratzen besteekin partekatzen duguna aldarrikatzen baino. Baina badira gai batzuk zeharkakoak behar dutenak, guztiok horiekin identifikatzeko modukoak, inor bazterrean ez uztekoak. Hizkuntzari dagokionak izan beharko luke horietako bat. Euskarari buruzkoak, alegia.

Gurea baino ez den ondarea dela onartzetik abiatuta, benetako elebitasunerako urratsetan adostasunak bilatu behar dira. Badira gai hau etekin politikoak lortzeko tentazioa izan dutenak, baina inora ez daraman bidea da hori. Euskal gizartean, siglen gainetik, euskara sustatzearen eta diglosiatik askatzearen aldeko jarrera da oso nagusi. Euskararen Legeak hortik jo zuen bere sasoian, jarrerak hurbiltzetik eta modu integratzailean aritzetik. Euskararen Aholku Batzordeak ere behin eta berriro erakutsi du badagoela zer aurreratu ildo horretan sakonduz gero.

Pazientzia historikoa behar da, noski, galzorian egon dena ez baita hiru hamarkadatan sasoi beteko bihurtzen. Baina norabidea argi izatea ere komeni da, euskarak ezin baitu apaingarri izan, mailan guztietan baliatzeko komunikazio tresna baizik. Gaztelerarekin eta ingelesarekin edo frantsesarekin batera, baina inolako morroitzarik eta konplexurik gabe. Euskarari buruzko topikoen zale berau ezagutzen ez dutenak izan ohi dira, batik bat. Eta ezagutzen dutenek, aldiz, argi izan behar dute sinbolo barik hizkuntza bizia izan behar duela. Ziurrenik, gutxiago egin behar dela berba euskarari buruz, eta gehiago euskaraz.

Umeek euskal hizkuntza ikastolan edo eskolan menperatzea ezinbestekoa da, baina hori ezin da aitzakia izan belaunaldi bakoitzak bere ardurari uko egiteko. Alde horretatik, asko dira behingoz uxatu ez diren gabeziak. Euskarak hiztunak behar ditu, adin guztietakoak, hori baita bere etorkizunerako bermea. Adostasun zabalak gorde eta elikatzea oinarrizkoa da, benetako altxorra baitira. Euskaraz dakitenek, esaten eta egiten dutenaren artean koherenteago jokatu behar dute eta ez dakitenen eta aldeko direnen aldetik ere jarrera proaktiboagoa eskertuko litzateke.

Zatiketen eta sinboloen zale izan gara gizaldietan. Euskarak batasuna eskatzen du, eta ikur hutsal ez bihurtzea. Guztiona delako eta, nortasuna ere ematen digun arren, elkar ulertzeko tresna behar duelako. Euskal hizkuntzan murgiltzen denak gertuen daukanarekin lotzen duen mundu miragarri bat aurkitzen du. Gure burua ulertzeko moduarekin egiten du topo, garenarekin. Ez da edozer.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *