Euskararen Etxea oporretan ere zabalik

Euskararen-Etxea

BBN ERREDAKZIOA

Bilboko San Inazio auzoan kokatuta dagoen Euskararen Etxea zabalik egongo da Aste Santuan, eta gainera, Euskararen Interpretazio Zentroa ezagutzeko bisita gidatuak egingo dituzte.

Beraz, apirilaren 2tik 6ra, euskararen historia eta bidaia ezagutzeko aukera izango du bisitariak 10:00etatik 14:00etara bitartean. Bisita gidatuak aldez aurretik erreserbatu behar dira webguneko lotura honetan; lau hizkuntzatan egiteko aukera eskaintzen dute: euskaraz, gazteleraz, ingelesez edota frantsesez.

Gainontzeko egunetan, eta baita urte osoan ere, goizeko 09:00etatik arratsaldeko 17:00ak bitartean norbere kabuz bisita egiteko aukera eskaintzen du Euskararen Etxeak.

Azkue Fundazioaren esanetan, «Euskararen Interpretazio Zentroak euskaldunon hizkuntza hobeto ezagutzen laguntzen du. Euskaraz ez dakienarentzat lehen kontaktu interesgarria izango da, eta euskaraz hitz egiten dutenei ere jakin beharreko kontu ugari argituko dizkio. Pantaila ezberdinetan euskararen bilakaera ikusi ahal da mapen bidez,  hizkuntzaren lehen erreferentzia historikoak azaltzen dira eta baita euskalkien gaur egungo banaketa ere».

«Hiri asko bere baitan» erakusketa

Euskararen Etxea bisitatzeaz gain, Hiri asko bere baitan egitasmoarekin lotutako erakusketa ikusteko aukera ere izango du bisitariak: «Hiri honek beste hiri asko ditu bere baitan, ezkutuan. Seguruenik ez zaizkigu begi bistakoak irudituko, sumatu ere ez ditugu egingo, baina bertan daude», horrela aurkeztu dute proiektua. Aitor Gomez argazkilariak, Asier Olabarrieta musikariak eta Unai Villena idazleak zortzi argazki-testu-musika obra sortu dituzte, Bilboko barruti bakoitzeko bana. Euskararen Etxeko azpiko solairuan egongo dira zintzilik irudiak eta testuak, eta QR kode baten bidez entzun ahalko dira abestiak.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *