BBN ERREDAKZIOA
Bermeoko herritar talde batek hezur-muina emateko sentsibilizazio kanpaina bat jarriko du martxan herrian eta, ondoren, Busturialdea osora hedatuko du. Ekimenaren talde sustatzaileak helburua “bizitzak salbatzea» dela adierazi du. Datorren maiatzaren 2an, Bermeon triatloia egingo den egunean emango diote kanpainari hasiera.
Kanpainaren aurkezpenean izan dira talde sustatzaileko kide diren María José Martínez Serna, Sonia Dominguez eta Aitziber Campillo; era berean, eurekin batera agertu da Bermeoko alkate den Idurre Bideguren ere; hain zuzen ere, bere esanetan, “garrantzitsua” baita horrelako ekimen solidarioak babestea. “Bermeo beti izan da oso herri solidarioa eta seguru nago kasu honetan ere gure elkartasuna adieraziko dugula bermeotarrok hezur-muinaren emaile eginez”, nabarmendu du.
Nola egin hezur-muinaren emaile?
Kanpaina honekin maiatzaren 2an hasiko da sustatzaile den herritar taldea. Larunbat horretan, triatloia izango baita herrian, beraz, jende asko batuko da. Egun horretan, esku-orri batzuk banatuko dituzte jendearen artean hezur-muinaren emaile izateari buruzko informazioarekin.
Honako jasotzen du antolatzaileek banatuko duten informazio orriak: hezur-muina emateko ez da kirurgia behar, ez da arriskutsua eta zelulak eurak ordezkatzen dira lau eta sei aste bitartean. Ez da bizkar-muinetik ateratzen; ez baitira berdinak bizkar- muina eta hezur-muina. Odol-ateratzea da, normala baino luzeagoa.
18 eta 55 urte arteko pertsonak izan daitezke hezur-muin emaile. Informazio gehiago eskuratu nahi duen orok edo zuzenean hezur-emaile egin nahi duenak 94 403 3601, 943 007 000, 945 006 291 edo 900 303404 telefono zenbakietara dei dezake edota bermeodonamedula@gmail.com helbide elektronikora idatzi.
«Hirutik batek ez du emailerik aurkitzen»
Kanpaina hau epe luzerako dela diote, azaldu dutenez, Espainian %0,3 soilik da emailea. “Urtean Espainian 5.000 pertsonari leuzemia diagnostikatzen diote, 7.000ri linfoma eta beste milaka pertsonari, aldiz, odoleko beste gaixotasun batzuk. Horietariko askok bizitzen jarraitzeko hezur-muineko transplante bat behar izango dute eta hirutik batek ez du emailerik aurkitzen, erdiak umeak izanik”, azaldu dute.
Hortaz, “hezur-muinaren emaile izatearen garrantzia” azpimarratu dute, “bizitzak salba daitezkeelako”. Bermeoko alkateak eta herritarren taldeak kanpaina honetan parte hartzera eta hezur-muinaren emaile egitera animatu dituzte herritarrak.