Katixa Agirre: «Gatazka batean bizi gara eta hobe dugu hori onartu»

Katixa-agirre
ARGAZKIA: Juantxo Egaña

LIBE MIMENZA CASTILLO

Bere lehen eleberria argitaratu aurretik, ikus-entzunezkoetan doktorea eta EHUko irakaslea den Katixa Agirrek (Gasteiz, 1981) haur literaturako hainbat kontakizunez gain, helduentzako bi ipuin liburu ere kaleratu zituen, Sua falta zaigu (Elkar, 2007) eta Habitat (Elkar, 2009). Bilbon bizi den idazle arabarrarekin izan gara argitaratu berri duen Atertu arte itxaron (Elkar, 2015) liburuaz mintzatzeko.

Gaur, Liburuaren Nazioarteko Egunean, Bilboko Elkar aretoan (Licenciado Poza kalea, 14) eskainiko du bere azken eleberriaren inguruko solasaldia. Arratsaldeko zazpietako hitzorduan izango ditu lagun, Estitxu Garai aurkezle lanetan, eta baita Esti Alonso aktorea ere.

Lau urteko lana 212 orrialdera ekarria. Bigarren mailako errepideetatik egin duzu bidea zeuk ere liburuko protagonistek bezala. Euskal Herriko bihurgune askoko mendate gorabeheratsuen antzekoa izan al da bidaia?

Egia esateko, nik luzeago aterako zitzaidala uste nuen; 200 orri pasa labur geratu zaizkit, zuk esan duzun moduan urte asko egon bainaiz lan horrekin. Hortaz, desengainu txiki bat hartu nuen liburuak 212 orri bakarrik zituela ikusita.

Bidea, berriz, malkartsua izan da, bai; gora eta behera. Batzuetan, denbora izan dut idazteko, beste batzuetan, bide bazterrean gelditu behar izan dut… egia esanda, nekez heldu naiz helmugara. Baina lortu dut eta hori da garrantzitsuena; berdin da zenbat denbora eman dudan, azkenean hemen dago liburua.

Hiru istorio handi harikalkatu dituzu 66 atal laburreko road movie honetan. Ulia eta Gustavo bikotearen kotxeko bidaia da lehenengoaren protagonista, eta euren arteko arrakala gero eta zabalagoa; elkarri esan gabeko sekretuek blaitzen dute liburua. Pisutsuegia al da isiltasuna?

Hori da hari nagusia. Baina garrantzia daukate beste hariek ere; iraganeko hari batek, azkenean, zuzenean eragiten baitu orainaldian. Aldiz, hirugarren haria, bai geografikoki, bai denboran, urrunago dago, hala ere, istorio osoa borobiltzen duela uste dut; ematen dio perspektiba historiko bat eta halako hausnarketa baterako parada ere bai.

Bigarren harian, Uliaren amaren historiak eta bien arteko harremanak dauka pisua. Belaunaldi berriak, agian, zaharrak baino koldarrago ikusten dituzu?

Ez, koldarrago ez. Desberdinak bai, eta baita elkar ulertzeko arazoekin ere; baina koldarragoak ez, bereziki.

Euskal Herriaz eta gure gatazkaz idatzi duzu hirugarren haria. Nahita egin al duzu kontakizuna kanpotarren begietatik? Eurena ere bada errelatoa?

Ez beraiena delako errelatoa, baizik eta niretzako errazagoa zelako distantzia hori hartzea. Errelatoa denona da, ez dut uste hor mugarik dagoenik. Interesa duen edonorena edo gaia ezagutzen duen edonorena da; ez dut errelatoen monopolioetan sinesten. Baina ez nuen horregatik aukeratu, baizik eta distantzia kontuagatik.

Paraleloki, gatazkak beste ikuspuntu batekin ere bizi daitezkeela ageri da Britten musikari britainiarraren eta Bigarren Mundu Gerrako bizipenen kontakizunekin. Bere bakezaletasun eta “atertu arte itxaroteko” jarrera hori nola azaldu gurean? Zergatik aukeratu duzu?

Bere jarrera interesgarria iruditzen zitzaidalako, baina baita kontrajarria ere. Pasarte horretan, Bigarren Mundu Gerra piztu da. Britten britainiarra da baina Estatu Batuetan dago eta momentuz ez du itzultzeko inongo asmorik. Eta lagun batek idazten dio esanez: «Itzuli egin behar zara Erresuma Batura, izena eman eta gerra honetara joan behar duzu. Ni ere bakezalea naiz, baina historiako une kritikoan, are muturrekoan, gaude; Hitlerren mehatxua oso handia da eta zerbait egin behar duzu. Hau da zure oinarri bakezaleak albo batera uzteko momentua, ez da beste momentu hobeagorik egongo». Hala ere, Brittenek ezetz esan zuen. Gero, Erresuma Batura itzuli zen, baina kontzientzia eragozle egin zen. Niri, horrek, pentsarazi egiten dit.

Denok, maila teoriko batean, bakezaletasuna zerbait positiboa dela pentsatzen dugu, gure gizartean zabalduago egon beharko litzatekeen printzipio bat dela. Baina, praktikan, horrelako muturreko kasu batean -Hitler bat dagoenean Europa mehatxatzen-, benetan zilegi al da bakezaletasun hori? Hau da, besoak antxumaturik geratzea zilegi al da? Kontu moral sakona da, nik uste; eta hori edozein gatazkara eraman dezakegu. Euskal gatazkan bakezaletasunaren balioa ez da oso berandura arte zabaldu. Hemen erronka izugarria, biolentzia extremoa egon da; eta orain, beste puntan gaude, beste muturrean gaude. Baina, hala ere, edozeren gainetik bakezaletasunera jotzea zalantzan jartzen dut.

atertu-arte-itxaronIzan ere, liburuaren titulua «Atertu arte itxaron» da, baina eleberriak kontrakoa diozku. Orduan, atertu arte itxaroteak balio du, edo ez du balio?

Batzuetan agian bai, baina askotan ez. Gatazka gure bizitzan ezinbestekoa da, gatazka batean bizi gara, eta hobe dugu hori onartu eta ahalik eta hoberen konpondu. Hori bai, ez eman bizkarra gatazkari besterik gabe, izan ere, agian, gaur sahiestea lortuko baituzu, baina biharamunean eztanda egingo dizu.

Bestalde, maitasunez mozorrotutako bortxaketa ere hartu duzu hizpide. Gordina bezain erreala al da oraindik lilura horren itsutasuna?

Bi aldetatik ikus daiteke. Batzuetan, gazteek helduekiko lilura dute, baina horrek ez nau kezkatzen. Hain zuzen, zuk gaztetxoa izanda, fantasiarako aukera baitaukazu. Askoz larriagoa iruditzen zait gizon helduak horretaz nola aprobetxa daitezkeen ikustea. Hori bai dela gehiago borrokatu beharko litzatekeen ideia bat. Neska batek emakume baten gisara jokatzen duelako, horrek ez du esan nahi benetan emakumea denik; ez behintzat, eremu horretan bere erabakiak hartzeko gai.

Halaber, komunikabideetako gatazken kontakizunen inguruko hausnarketak ere tartekatu dituzu; hedabideek erantzunkizunez jokatzen ez dutela salatzeko?

Beno, ez dago tesirik hor. Nik lau artikulu desberdin jarri ditut, lau prentsa mota desberdinetatik datozenak, eta testuingurutik kanpo sartu ditut.

Inpresioa daukat, hemendik urte batzuetara, hemeroteka errepasatzen dugunean ezusteko handiak hartuko ditugula, hain zuzen ere, kazetaritzaren esparrutik egin dena izugarria izan baita, benetan. Zer nolako arduragabekeria, zer nolako paper negatiboa jokatu duten askotan -ez guztiek, noski- eta gainera, edozein bandotatik. Gogoratzen badugu, adibidez, Ortega Lara askatu zutenean Eginen portada izan zela «Ortega vuelve a la cárcel», edo gogoratzen baditugu Egunkariaren harira esan ziren gauzak eta Martxelo Otamendiren kontra esan ziren basakeriak… Hori guztia, gutxinaka atzean uzten ari garela uste dut, baina hemeroteketan eta memorian kriston lana daukagu egiteke; eta, ziurrenik, ustekabe desatsegin asko topatuko ditugu.

“Gaua da kotxian sartzen naiz, euri malkoak parabrisan… Gidatu, gidatu beti aurrera; ahaztea deritzon lekura, zu esistitzen ez zaren lur zati hortara” dio Anarik. Biak ageri dira zure liburuan: Anari eta kotxea. Autoa galbidearen sinbolo al da?

Galbidearena baino, aurrera ihes egitearen sinboloa. Protagonistek beti egiten dute aurrera, zera pentstauz: «Hemen arazoak daude; hurrengo herrira joango gara eta hor hobeto egongo gara». Hortaz, aurrera ihes egitearen jokaera askotan maltzur, makur edo koldar horren isla da kotxea.

Zure pasarte batetik abiatuta, honakoa dio Uliak: “Fikzioaren arazo berdintsuekin egiten dut topo behin eta berriz. Puntu honetara ailegatuta, onartu besterik ezin dut egin. Batik bat hau: erritmoa, dosifikazioa, prestaketa, suspensearen mugak noraino tinkatu”. Horrela sentitu al zara zu?

(Barreak) Ni idazlea naizenez ez daukat Uliak bezainbesteko arazorik. Hau da, nik, jada, eskua apur bat landuta daukat eta badakit istorio bat kontatzen, edo badakit nondik saiatu behintzat. Baina eleberrian gertatzen dena da, Uliak, idazlea ez denak, istorio bat kontatu behar diola bere bikotekideari eta ez dakiela nondik heldu istorio horri. Badaki informazioa antolatu behar duela, narratiban bezala, baina ez daki zelan egin.

Orain arte ipuinak argitaratu izan dituzu eta hau da zure lehen fikziozko helduentzako eleberria. Zer moduzko esperientzia izan da?

Askoz nekagarriagoa iruditu zait, denbora asko behar izan dut. Gainera, denbora asko egoten zarenez horretan lanean, amaitu arte ez dakizu benetan zer nolako emaitza lortuko duzun. Aldiz, ipuin laburrekin aste batzuk lanean egon ostean, satisfakzioa edo satisfakzio eza berehala datoz. Kasu honetan, satisfakzio hori, nobela bat idazterakoan, atzeratu egin behar duzu eta fedea izan behar duzu; batez ere, fede asko eskatzen du nobela bat idazteak.

Bestelako proiekturen bat daukazu esku artean?

Baditut ipuin batzuk buruan. Orain ipuinak idatzi nahi ditut, zerbait laburragoa, ez hain neketsua; baina udara arte itxaron beharko dut ziurrenik.

Zeintzuk dira irakurri dituzun azken liburuak?

Orain, Mikel Peruarenaren «Su zelaiak» irakurtzen ari naiz, Susa argitaletxekoa. Lehenengo Mundu Gerrari buruzkoa da, oso ona iruditzen ari zait. Aitzitik, duela gutxi amaitu dut David Leavitt idazle amerikarraren azken nobela, «Los dos hoteles de Francfort» deitzen dena, eta ez zait asko gustatu egia esan.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *