Dejabu Panpin Laborategia taldeak Arrastoak obra eramango du Lonbo Aretoko agertokira ostiral honetan. Antzezlanean, Lurrek ez du sekula bere amari buruzko galderarik egiten. Arrastorik utzi gabe egin zuen alde etxetik amak, Lur txikia zenean. Erantzunak bilatzeko denborarik gabe, Lur etxean harrapatuta bizi da aitarekin. Alabaina, amaren gorpua agertu da orain, eta galderak borborrean hasi dira. Memoriaren bazter batean ezkutatuta dituen sentimendu eta munstroei aurre egin behar die Lurrek, nahi eta nahi ez.
Helduentzat eta euskaraz izango den antzezlana 20:00etan hasiko da eta 80 minutu inguruko iraupena izango du; sarrerak bederatzi euro balioko du, Lonbo Aretoko bazkideentzat izan ezik, doan ikusteko aukera izango baitute.