Izaro Andres Zelaieta: “Gaur egun publikoaren parte garrantzitsu bat sarean dago”

0
200
Abeslari mallabiatarra musikaz gozatzen ARGAZKIA: Izaro Andres Zelaieta
Abeslari mallabiatarra musikaz gozatzen ARGAZKIA: Izaro Andres Zelaieta
Abeslari mallabiatarra musikaz gozatzen ARGAZKIA: Izaro Andres Zelaieta
Abeslari mallabiatarra musikaz gozatzen ARGAZKIA: Izaro Andres Zelaieta

 

LIBE MIMENZA CASTILLO – BBN

Urte hasieran kaleratu duzun Paradise kantuak 7.000 ikustaldi baino gehiago eskuratu zituen aste betean; gaur 10.816 ditu. Espero al zenuen horrelako arrakasta?

Ez, inondik inora. Bideoa egitea proposatu zidan Xabimen Aretxabaletak, lagun handia dut eta gitarrarekin laguntzen ari zait orain kantuak apaindu eta txukuntzeko. Nik nire kantetako bat den Paradise proposatu nion. Ina Arriolaren laguntzarekin grabatu genuen audioa eta Sara Fantovak, Bartzelonan Zinema ikasten ari den bilbotarrak, grabatu eta muntatu zituen irudiak.

Lagun arteko proba bezala igo genuen sarera eta ikaragarri zabaldu da! Oso pozik gaude, oso pozik nago harrerarekin. Sinetsi ezinik oraindik, baina oso animatuta ditudan beste kantak plazaratzeko! Entzuleei esker izango da hemendik aurrera egiten ausartuko naizen guztia!

Zerk bultzatu ote du zabalpena? Teknologiaren eskuragarritasunak laguntzen du norbere autoekoizpen eta zabalpenean?

Laguntzen du, bai. Lehenengo eta behin lagun talde indartsu bat izan behar duzu bultza zaitzaten, zorionez nik badaukat. Beraiek sakabanatu zuten bideoa Facebook-en, gero Mugalari aldizkari digitalak argitaratu zuen bideoa eta horrek ate asko zabaldu zizkigun. Horren ondoren, beste zenbait aldizkarik ere publikatu zuten. Bat-batean euskal kulturaren parte garrantzitsua diren zenbait ahots hasi ziren Paradise aipatzen eta ingurukoei gomendatzen. Gero telebista eta irratia. Momentu aproposa izan zela dirudi, zorte handia izan dugu!

Gaur egun publikoaren parte garrantzitsu bat sarean dago, publiko txiolari eta youtuberraren arreta bereganatzea ezinbestekoa da. Abiadura itzelean mugitzen da dena, batzuetan azkarregi, eta datorren bezala joan daitekeela argi izan behar dugu.

Xabimen Aretxabaletak laguntzen zaitu Paradise kantuan; bai gitarran, bai koroetan. Kanturako propio bilatutako konpainia da edo proiekturen bat daukazue biok esku artean?

Kanturako propio bilatutako konpainia izan zen hasiera batean, baina sortu dena ikusita martxan jarri gara eta nire errepertorio osoa ari gara txukuntzen Ina Arriolaren laguntzarekin. Bigarren bideo bat ari gara prestatzen, martxoa hasierarako prest izango dugula uste dugu, ezer berezirik gertatzen ez bada. Txoratzen gaude beste bideo bat igo eta kanta gehiago grabatzeko, ea lortutako arreta mantentzea lortzen dugun!

Hala ere, bidelagun izan dituzu baita, beste momentu batzutan, Durangoko Dani Del Valle edo Donostiako Sasha Smith.

Bidelagun onak izatea da bizitza honetan arrakastarako giltza! Dani Del Vallerekin estilo berri bat deskubritu nuen, oso harreman musikal eta pertsonal ona daukagu eta musika egiten jarraituko dugu gure ildo bluesero jazzeroan edo. Kontzertuetan beti mantentzen dut berarekin partekatzen dudan tartea eta horrela jarraitu nahiko nuke!

Sasha Smithekin kantu sorta bat konposatzen hasi ginen. Asko zor diot egia esan, asko animatu ninduen musikarekin erlazionatutako auto-estimuan. Bultzada handia izan da niretzat. Oso lanpetuta ibili gara eta aparkatuta utzi behar izan dugu proiektua, ea egunen batean berreskura dezakegun.

Musika lagunduta eta elkarrekin jarduteko disziplina al da? Edo atsegin duzu bakarkako ibilbidea burutzeko ideia?

Nire ustez, musika lagunduta egiteko bidea da. Laguntasun mota ezberdin asko daude, hala ere. Bakarka konposatzea dut atsegin, agian alda daitekeen joera bat da, nork jakin, baina momentuz intimotasunean hartzen dut konposatzeko denbora. Orain arte nire kantetan bakarrik aritu naiz nire gitarrarekin, baina hasi berria naiz, udan ikasi nuen etxean gitarra jotzen eta errenka nabil oraindik. Musikalki begiratuta, askoz erosoagoa eta aberatsagoa da elkarlanean jardutea: nik nire kantak jotzen dizkiet eta beraiek jarraitu egiten naute duten ezagutzak ahalbidetuta eta hor sortzen da magia. Horrela nabil momentuz, baina etorkizunean gauza berriak probatu nahi nituzke.

Zein proiektu dituzu une honetan esku artean? Zeintzuk dira zure aurtengo proiektuak?

Momentuz nire kantak grabatu nahi nituzke eta disko bat atera, jendeari nor naizen eta zer egiten dudan erakusteko. Esan bezala, martxoa hasierarako bigarren bideoa prest izatea espero dugu eta gero lanean jarraitu! Ahalik eta gehien eskaintzeko, aukera dugun bitartean.

Telebistan ere ikusi zaitugu, azkenengoz, EITBko Izarrak Kalean saioan.Zer moduzkoa da telebistako esperientzia? Zer gauza on eta txar ditu?

Telebista telebista da eta hori argi izan behar dugu, beti. Gauza onak? Mundu berri bat ezagutzen duzu, kamerek eta fokuek zuzendutako mundua. Gauza txarrak? Ezer ez dela benetan zuk uste duzun bezalakoa, baina entretenigarria da eta dibertigarria.

Nola hasi zinen kantuan, zer dela eta? Zer emozio eragiten dizkizu kantuak?

Umetatik abesten dut, zer dela eta? Ez dakit. Beharrizana edo. Herriko abesbatzan aritu nintzen urte nahikotxo eta gero etxean, nire gelako ispiluak hitz egingo balu… jajaja Asko esperimentatzen da ispilu aurrean, ahotsarekin egin ditzakezun gauza berriak deskubritu… Eta inoiz berriro errepikatzerik komeni ez diren hanka sartzeak.

Nahiko pertsona urduria naiz eta buelta asko, gehiegi, ematen dizkiet gauzei. Abesten ari naizen bitartean ez dut ezertan pentsatzen eta atseden hartzen dut.

Norah Jones, Anari, The Corrs, Fito... musikazale ekelektikoa da Izaro ARGAZKIA: Izaro Andres
Norah Jones, Anari, The Corrs, Fito… eklektikoa  gustoz ARGAZKIA: Izaro Andres

Egun Komunikazio ikasketak burutzen zabiltza, eta dagoeneko dastatu duzu ogibidea: telebista ezagutu duzu, Euskadi Irratiko Hiri Gorrian saioko tertualide izan zinen, Durangaldeko online agerkari batean irakurri zaitugu… Zer da ofizio honi eskaini diezaiokezuna? Eta zuk bertatik jaso nahi duzuna?

Bai, irratia oso atsegin dut. Egia esan, programak berak eta bertako partaide direnek zeresan handia izan dute horretan, oso erraza egin zuten nire partaidetza eta etxean bezala sentiarazten zaituzte hirigorritarrek.

Idaztea asko gustatzen zait eta kazetaritza idatzian ere gustura egingo nuke lan. Oso egunean eramaten ditut nire betebeharrak eta azkar ikasten dut. Sormenari garrantzia handia ematen diot eta sormen prozesuetako emaitzak erakutsi egin behar direla uste dut, hedatu, konpartitu… feedback hori jaso nahi dut.

Musikaz gain antzerkia ere praktikatzen omen duzu eta idazten ere trebea zara; bai abestietako letrak sortzerakoan, bai zure Antapara blogean irakur daitezkeen pieza literarioagoak ehuntzerakoan. Zer da sormena Izarorentzat?

Antzerkia zoragarria da, aktore onekin oholtza konpartitzeko aukera izan dut (Eneko Sagardoy gaztea, esaterako), zirraragarria da, baina ez abestea beste.

Idaztea musikari oso lotuta doa nire bizitzan, idatzitakoa musikatzea da orain egiten dudana. Asko idatzi dut eta idatzi asko ditut gordeta, pilatuta; horiek norbaiti heltzeko sortu nuen Antapara, baina ez dut gehiegi mimatu. Sormena publikoa da, publikoa diodanean ez diot edonorena, sormenak bi agente behar ditu, sortzailea eta hartzailea. Nahiz eta hartzailea bakarra izan eta pertsona bakar bati abestu zoko ezkutu batean, baina norbaitek jaso behar du, existitu dadin. Sormena ez da soilik sortzailearena, bi zentzu ditu niretzat: egileak sortzen duena eta hartzailearengan sorrarazten duena, bi sortze prozesu horien batuketa da niretzat sormena.

Sormenak ez du hizkuntzarik? Edo, agian, sormenerako darabilzun hizkuntza bakoitzak badu bere berezitasuna?

Sormenak ez du hizkuntzarik, ez; baina aldi berean hizkuntza guztiak ditu. Zorionez hiru hizkuntza ondo hitz egiteko gai naiz eta linguistikoki asko laguntzen du horrek errealitatea ulertzeko orduan. Idazteko euskararekin geratzen naiz, gordina da, gardena, ez dakit, sentimenduak era berezi, bereizi baten adieraz daitezke, askagarria da. Era abstraktuan, metaforikoan idazten dut euskaraz, eskatzen didalako edo, ez dakit.

Gaztelaniaz egunerokotasuna islatzea dut atsegin, egoera arruntak, komunak, ulergarriak oso. Xarma berezia, kantautore xarma ematen die gaztelaniak egoera horiei. Eta abesteko, melodia aldetik, erosoena ingelesa egiten zait, nire ahotsarekin ongien doana, politena nik abesteko. Eta hitz egiteko, noski, euskara.

Zeintzuk dira zure bizitzan behin eta berriz entzungo dituzun abeslariak eta kantuak?

Norah Jones, Anari (bat zehazteko, Naufragoak), The Corrs-en When the stars go blue, Fito… Eta barregarria dirudien arren, oso urduri nagoenean Takolo, Pirritx eta Porrotx… umea nintzenera egiten dut salto.

Eta, azkena deskubritu duzun banda?

Azkena, Anari. Eta eskerrak deskubritu dudan.

Nolakoa irudikatzen duzu etorkizuna? Zeintzuk dira zure erronka edo asmoak?

Etorkizuna ezezaguna irudikatzen dut. Momentuz, hurrengo ikasturteko lehen kurtso erdia Kalifornian pasatzeko plaza lortzea dut helburu, kantatzen jarraitu eta ingurukoak mimatu.

 

Izaro Andres Zelaietak datozen asteetan eskainiko dituen kontzertuak:

Otsailak 6: DOKA, Donostiako Kafe Antzokia.

Otsailak 15: Berrizko gaztetxeko kantautore gauean.

Otsailak 21: goizean, 11:30etan, Elorrioko Gaztetxean eta arratsaldean, 20.00ak aldera, Uhagon Kulturgunean, Markinan.

Martxoak 13: Gernikan, Astran.

 

Izaro Andres Zelaieta kontzertuak eskaintzeko prest. ARGAZKIA: Izaro Andres Zelaieta
Izaro Andres kontzertuak eskaintzeko prest. ARGAZKIA: Izaro Andres Zelaieta

Dejar respuesta

Please enter your comment!
Please enter your name here