WomanSarea, emakume ekintzaile eta profesionalentzako ataria 

0

womansarea

LIBE MIMENZA CASTILLO

Emakumeek elkarrekin lan egiteko espazioa izateko sortu da; sareak eraikitzeko, prestakuntzarako eta inspiraziorako gune ireki bat; are gehiago, «espazio motibagarri batean lan egin nahi duten eta bakarka lan egin nahi ez dutenentzako sarea, ekimen berriak sortzeko networking profesionalean sinesten duten emakumeentzako zerbitzua«.

Sinergiak abian jartzeko eta proiektu pertsonalak eta profesionalak indartzeko topaleku bat izango dela dio WomanSarearen zuzendari den Gemma Zelaiak; kostuak aurreztuz, eraginkortasuna irabaziz eta proiektuen arrakastarako aukera handiagoa eskainiz, alegia, «helburuak zehazteko eta ametsak indartzeko».

womansarea-plataforma

Duela 16 hilabete hasi zen Gemma Zelaia proiektu berri honekin amesten; garai hartan, Bizzia enpresarekin. Hala ere, «beti mugimenduan dagoen pertsona bat naiz, hainbat urtetan harremanak eta kontaktuak garatzen joan naizena eta, orain, behar bat ikusi dut: emakumeak sakabanatuta gaude, hortaz, teknologia baliatuta sare bat osatzeko zerbitzua behar dugula uste dut».

Ideia bat duzu eta ez dakizu nondik hasi? Autonomoa edo freelance-a zara? Lan berri bat aurkitu nahi duzu Sarean? Horietako egoera batean aurkitzen garenean ez dugu nora jo jakiten. Kezka guztiak erantzutera edota ekimenak abiarazteko bultzada ematera dator WomanSarea, «Euskal Herriko emakumeei zerbitzu oso gertuko bat eskaini nahi diet, eta egun dauden aukeretatik oso ezberdina den plataforma bat eskuragarri jarri».

Komunikazio zuzeneko plataforma

Martxoaren 27an estreinatu zen womansarea.net plataforma. Emakumeen arteko harremanak ahalbidetzen dituen ataria da. Esaterako, zure proiekturako pertsona baten bila baldin bazabiltza, edo hornitzaile, bazkide, kolaboratzaile zein laguntza bila… nora jotzen duzu? «WomanSareak emakumeen artean sustatzen diren proiektuak, beraien arteko sinergiak bultzatuko ditu, baita bat zein bestearen beharrak asetzeko aukera eskaini ere; azken finean, emakumeak saretu».

womansarea-zerbitzuak

Plataforma honetan nahi duen oro erregistra daiteke. Behin izena emanda, sarean dauden beste emakumeekin komunikazio zuzena izatea ahalbidetzen du. «Berritzailea da hori, komunikazio zuzena edukitzea ezagutzen ez dituzun emakume ekintzaile eta aditu ezberdinekin».

Komunitatean adituei galdetzeko aukeraz gain, interes taldeak ere badaude: Trukea, Proiektuak, Prestakuntza, Ekitaldiak, Coworking espazioak, Garapenerako nazioarteko lankidetza… norberak hauta dezake zeinetara batu; ondorioz, zertarako eta norekin harremanetan jarri. Gemmaren hitzetan, «hamaika aukera aurkituko dituzu bertan, hala nola, formazioa, aholkularitza, lan eskaintzak… zerbitzu nahiko potente bat dator».

WomanSarea lehiaketa

Womansarea-lehiaketaLehiaketa emakumeen ekintzailetasuna bultzatzeko ekimen bezala jaio zen iaz; hain zuzen ere, emakumeen ekintzailetasun-jarduera eraginkortasunez sustatzea eta laguntzea du helburu, emakumeei helburu profesionalak lortzea errazteko. Halaber, egindako lana eta esfortzua errekonozitzea ere bilatzen du.

Sektore anitzetako edota ezberdinetako proiektuak eta heldutze fase ezberdinetan aurkitzen diren ekimenak aurkez daitezke lehiaketara, horra oinarriak. Saria, aldiz, emakume-ekintzailetasuna eta lidergoa hizpide izango dituen Zaragozako konferentzian parte-hartzeko 10 bidaia izango dira.

 

Dejar respuesta

Please enter your comment!
Please enter your name here