Fredi Paia: «Txapelak kolektiboan disfrutatzeko du zentzua, zoriontasuna bakarrik taldean delako posible»

Fredi Paiak Kultur Etxean jasotako omenaldia. ARGAZKIA: Getxoko Udala
Fredi Paiak Kultur Etxean jasotako omenaldia. ARGAZKIA: Getxoko Udala
Fredi Paiak Kultur Etxean jasotako omenaldia. ARGAZKIA: Getxoko Udala

BBN ERREDAKZIOA

Fredi Paia: «Txapelak kolektiboan disfrutatzeko du zentzua, zoriontasuna bakarrik taldean delako posible»

“Txapela taldekako lanaren fruitua da eta kolektiboan disfrutatzeko du zentzua, zoriontasuna bakarrik taldean delako posible”. Hitz horiekin eskertu zuen atzo arratsaldean, otsailak 23, Fredi Paia bertsolari algortarrak Villamonteko Kultur Etxean jasotako omenaldia. Goizeko omenaldi instituzionalaren ondoren, arratsaldean, Bizkaiko txapeldunak familiaren, lagunen eta ALBEko kideen esker ona jaso baitzuen bertan.

Getxoko Udalak Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren azken edizioa irabazteagatik omendu nahi izan du Fredi Paia. Bart arratsaldeko ekitaldian hainbat lagun bildu ziren eta, ekitaldia hasteko, Xabier eta Itsaso Paia neba-arrebek hartu zuten hitza; bere izaeraz eta egindako esfortzuaz aritzeko, bai elez, bai kantuz.

Xabier eta Itsaso Paia omenaldian. ARGAZKIA: Getxoko Udala
Xabier eta Itsaso Paia omenaldian. ARGAZKIA: Getxoko Udala

Fredi Paiaren amak, Mari Carmen Ruizek, hunkituta, eskolatik kanpoko bertsolaritza jardueran apuntatu zuenekoa gogoratu zuen, baita ere Euskal Herriko txoko askotara eraman izana saioz-saio; eta jaiotzeagatik eskerrak eman zizkion semeari.

Ama, neba eta arreba Frediren begiradapean. ARGAZKIA: Getxoko Udala
Ama, neba eta arreba Frediren begiradapean. ARGAZKIA: Getxoko Udala

ALBE, Algortako Bertsolari Eskolaren izenean Joseba Santxok hartu zuen hitza eta Fredik txikitatik erakutsitako izaera nabarmendu zuen. Amaieran abestutako bertsoan, aurten 35.urteurrena betetzen duen ALBEren leloa txertatu zuen (Hogeita hamabost urte, hitza bihurtzen arte), «euskal hitzaren artea zabaltzeari ekiten segitzeko» eskatzeko.

Algortako Bertsolari Eskolan ibilitako ikasleek eta lagunek ere bertsoak eskaini zizkioten Frediri eta ekitaldiari amaiera emateko, txapela lortu arte egindako ibilbide luzeaz mintzatu zen. Bertsolaritzarekin duen konpromisoa eta bertso eskolan aritzea batera doazela aipatu zuen algortarrak eta, horregatik, txapelak zentzua duela kolektiboan disfrutatzeko. “Txapela irabaztea taldekako lana izan da eta argi daukat zoriontasuna taldean bakarrik dela posible”, amaitu zuen Fredi Paiak.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *