Maria Bidetxea eta Lore Barrena garaile XI. Bertsopaper lehiaketan

XI-Bertso-Paper-Lehiaketa

BBN ERREDAKZIOA

Maria Bidetxea eta Lore Barrena gazteen bertsoak izan dira garaile Bermeoko Udalak herriko ikastetxeekin batera antolatu duen XI. Bertsopaper lehiaketan. Udalak jakitera eman duenez, irabazleek sariak gaur jaso dituzte Nestor Basterretxea aretoan egindako «ekitaldi hunkigarrian». Hain zuzen ere, bertso saioa izan da; bertan, alde batetik, Jone Larrinaga eta Inazio Vidal bertsolariek bertsoak kantatu dizkiete parte-hartzaile eta irabazleei, eta bestetik, Lore Barrena irabazleak bere bertsoa kantatu du lagunen aurrean.

Irabazleez gain, lehenengo mailan Oier Lavín, Danel Goikoetxea, Almike Alonso, Naroa Ontibero eta Naroa Jimenez gaztetxoek ere aipamena jaso dute; eta bigarren mailan, aldiz, Marta Martinezek eta Nagore Fernandezek.

Lehiaketa honetan, 11 eta 18 urte bitarteko gazteek parte hartzen dute eta antolatzaileen hitzetan, helburua «gaztetxoen artean bertsozaletasuna sustatzea, eta gazteei euskal kultura sortzeko bidea egiteko leku bat eskaintzea» da.

Aurten lehen mailan, 11 eta 14 urte bitartekoan, 140 lagunek aurkeztu dute bertsoa. Bigarren mailan, berriz, 15 eta 18 urte bitartekoan, 6 lagunek aurkeztu dituzte bertsoak. Epaimahaian, Lilibertso bertsolari taldea aritu da.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *