Gari: «Bilbo nire haurtzaroarekin lotzen dut, irudi berezi batekin, kolore berezi batekin»

gari2GAIZKA ESPARZA

Iñaki Igon Garitaonaindia Murgiondok (Legazpi, Gipuzkoa, 1964) Ziper taldean hasi zuen bere musika ibilbidea 1983. urtean, baina ez zen ezaguna egin Hertzainak taldeko ahots nagusia bihurtu arte. Gasteizko taldearekin, 8 diska kaleratu zituen eta azken hamarkadetako euskal musikaren historiako kantu garrantzitsuenetariko baten sortzailea izan zen: Aitormena. 1997. urtean bere bakarkako lehen lan homonimoa argitaratu zuenetik, beste hainbat diskoren bitartez jaso dugu bere sentipenen eta bizipenen berri: Gero Eguzki berrian zaude (1999, Elkar), Gari ta otoitz gure alde (2002), 0-tik (2004, Elkar), Esperantzara Kondenatua (2007, Elkar), 16 lore (2009, Elkar) eta Ez da amaiera (2013, Elkar). Iragana atzean utzita, Garik pasadan urtean talde bat osatzeko bulkada sentitu zuen berriro eta MaldanBera jarri zuen martxan. Orain hainbat proiektu ditu mahai gainean.

Gutun Zuria, Bilboko Letren Nazioarteko Jaialdian parte hartuko duzu Síndrome de Estocolmo ikuskizunean. Kontatuko diguzu zer den larunbatean Azkuna Zentroan ikusi eta entzun ahal izango duguna?

Solasaldi moduko bat izango da. Bertan Karra Elejalde, Ana Arias eta Beatriz Catalán aktoreak izango dira, eta bestalde, Valérie Tasso sexologoa eta idazlea. Hortik Iván Ferreiro ere egongo da. Biok musikariak garenez gure kantak aurkeztuko ditugu formato berezi batean, bikote moduan hartuko dugu parte. Aspalditik ezagutzen gara eta aprobetxatu nahi dugu larunbateko emanaldia gure kantak bion artean beste espazio batera eramateko.

Zer nolako garrantzia dauka literaturak Gariren bizitzan?

Nik literaturarekin daukadan harremana oso eskizofrenikoa da edo hobe esanda: ziklotimikoa. Bapatean, erabat zoratzen naiz liburuekin, eta bapatean hor baztertzen ditut.

Liburu bat aukeratu beharko bazenu zein izango litzateke?

Liburu bat? Ez da liburu bat, disko bat edo kanta bat, baizik eta eurei dagozkien esperientziak. Azken finean, liburu bat irakurtzerakoan edo disko bat entzuterakoan jasotzen duzuna da inportaneena, edo zer nolako lotura lortzen duzun kanta batekin edo liburu batekin espazioan eta momentuan.

Konposatzerako orduan, liburuak inspirazio iturri izan ohi dira zuretzat?

Bai, beti. Liburuak, kalean ikusitakoak, harremanak, denetarik.

Zure azken musika proiektua MaldanBera deitzen da. Zergaitik talde bat orain?

Eta zergaitik ez? (barreak). Sei urte bikote moduan pasa ondoren hausnarketa momentua heldu zitzaidan eta ikusi nuen makinaz inguratuta ibili nintzen sasoian egindako esfortzua oso handia izan zela, eta bazela garaia gauzak era askoz apalago eta lasaiago batean lantzeko, gehiago disfrutatzeko. Azkenean makinaz inguratuta zaudenean eguneroko lana pisuduna bilakatzen da, ez da oso naturala. Hala ere, alde onak ere baditu: ikasketa moduan oso garrantzitsua izan da, eta gauza asko ikasi ditut. Baina orain talde bat osatzea behar genuen. MaldanBera izenaren aukeraketak, horrekin zerikusia dauka: erraztasunaren bidea hartu dugu taldea osotzerakoan. Miguel Moyano eta biok jarraitzen dugu, baina orain Nacho Beltrán (Atom Rhumba, Txuma Murugarren…) eta Ekaitz Hernándezen (Split 77, Unclose) laguntzarekin.

Zeintzuk dira zuen proiektuak? Diskoren bat kaleratzeko asmoa daukazue?

Ez dakigu. Asmoa badugu, baina ez dakigu nola antolatuko dugun urtea, beraz ezin dizut ezer aurreratu.

Bakarlari moduan jarraituko duzu lan egiten?

Hainbat ideia daude mahai gainean, beraz ikusiko dugu nola egin edo zer kapazitate daukagun proiektu horiek gauzatzeko.

Irakurri izan dut musikari moduan konplexuren bat zeneukala. Zein motatako konplexuak ziren?

Nik uste dut sorkuntza mailan zaudenean beti azpimarratzen direla konplexu horiek. Ez da batere erraza suertatzen norberaren zama hori arintzea, eta horretarako saiakera ederra da sorkuntzan aritzea.

Behin baino gehiagotan esan duzu musika zuretzat terapia bat dela. Zure bizitzako zein momentutan izan da musika zure salbatzailea?

Urte horiek pasatu dira, orain dela urte asko gainera, zorionez. Orain ez dut musika terapia bezala jasotzen, orain nolabaiteko bidaia bihurtu da. Konpaginatu beharra dago lana eta norberak gustokoa duen musika. Beraz, irla horretara iristerakoan saiatzen naiz ahalik eta hoberen pasatzen eta disfrutatzen.

Azkenaldi hontan, pertsona asko ari dira krisiaren kalteak pairatzen; hala ere, zure abesti batetan zenioen moduan, esperantzara kondenatuak gaudela uste al duzu?

Beno, kondenatuak bai behintzat, noski.

“Euskadin rock and rollak ez du inoiz dirurik emanen” kantatzen zenuen Ta zer ez da berdin kantan. Suposatzen dut momentu honetan inoiz baino zentzu gehiago hartu duela, ezta?

Herri konplikatu bat gara, eta herri konplikatu honetan uste dut kulturak zentzu zabalean oso pisu gutxi duela eta, are gehiago, musikak. Ez ditugu beharrezko sareak landu eta horren ondorioz, krisia bezalako egoera bereziak etortzen direnean, ba normala da halako emaitzak jasotzea. Dena dela, horren erantzuna ez dago gure eskuetan bakarrik, baizik eta gizartean eta gehien bat, hor goi mailan kudeatzen ari direnen eskuetan. Baina nik ez dut erantzunik ikusten. Hainbat lobby ikusten ditut, lobby kulturalak, bakoitza bere borroka egiten bere interesen defentzan. Orain dela gutxi irakurri nuen herri hontan oso garatua dugula politikaz hitz egitea eta bata bestea baztertzea, beraz, ondorioak hoiek dira.

Zein da azkenaldi hontan entzuten duzun musika?

Azkenaldian 60. hamarkadako musika latinoamerikano pila entzuten ari naiz. Eta talde berrien artean gustokoak ditut Alt-J eta The War On Drugs adibidez.

Aitormena kanta, pisu edo ohore?

Nere begirada ez dago jarrita garai horietan baizik eta gaur egungoan. Ez zait interesatzen, nere begirada musikala, jada, ez dago hor.

Bilbo zaharra begiratzen al duzu oraindik zuloaren gainetik? Zer esango zenioke gaur egun?

Bilbo hiri bat baino, nik nire haurtzaroarekin lotzen dut, irudi berezi batekin, kolore berezi batekin, soinu berezi batzuekin… eta Bilbo hori da, eta hori izango da.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *