Oier Ariznabarreta: «Espainiako duatloi txapelketa irabazi nahi dut aurten»

Oier Ariznabarreta maldan gora. ARGAZKIA: Ian Corless
Oier Ariznabarreta maldan gora. ARGAZKIA: Ian Corless
Oier Ariznabarreta maldan gora. ARGAZKIA: Ian Corless

 

LIBE MIMENZA CASTILLO – BBN

Oier Ariznabarreta (Durango, 1983) Durango Kirol Kluba taldeko korrikalaria da. Pasadan denboraldian Euskadiko Duatloi Txapelketa irabazi zuen; baita, Sopelako eta Basauriko duatloiak ere. Hasi berri den denboraldi honetarako gogotsu dago. Aurreikusi dituen erronkez mintzatu gara durangaldeko kirolariaren sentsazioak jasotzeko.

Asfalto gaineko lasterketak, krosak, mendi lasterketak, duatloiak… denetik egiten duzu, korrika burutzen diren kirol guztiak atsegin dituzu?

Lehen ez nuen gustuko korrika egitea baina orain dela 5 urte probatu nuen eta engantxatu egin nau. Krosak denboraldi hasieran egiten ditut forma on bat hartzeko eta, gero, duatloiak eta mendiko lasterketak tartekatzen ditut. Ez zait gustatzen kirol bakarra praktikatzea.

Euskal Herrian gero eta lasterketa gehiago egiten dira; bai kalean, bai mendian… loraldia bizi dugula esan genezake? Zein da egoera?

Egoera oso ona da. Loraldi hau denboraldi hasieran egiaztatzen da. Lasterketa guztietan pare bat egunetan betetzen dira izen emateak. Ez dakit zenbat denbora iraungo duen, baina zoragarria da hainbeste jende ikustea korrika. Mendian korrika egitea batzuek ez dute begi onez ikusten eta betiko galdera egiten dizute: Presa daukazu gora iristeko?. Nire ustez, mendira korrika doana errespetatu beharko litzateke edo, era berean, kotxea Landaederrararte daramana Mugarrara igotzeko.

Zer dela eta hasi zinen lasterketen munduan? Txikitatik izan al duzu kirolerako afizioa?

Lehenengo, ume gehienak bezala, futbolean aritu nintzen baina urteak pasa ahala hori aldatzen joan zen. Aitak bizikleta asko zituen etxean eta horren ondorioz txirrindularitza probatzeko ahaleginak egin nituen. Kirol gogorra zen eta amateur mailan utzi nuen denbora faltagatik; hala ere, jubenil mailan emaitza onak lortu nituen.

Afizioa edo ofizioa da kirola zuretzat?

Afizioa eta, batez ere, eguneroko umore txarra kentzeko ihesbide bat.

Kirol sufritua al da? Hau da, entrenamendu gogorrez gain, elikadura edo lo orduak ere asko zaindu behar al dira…

Kirola ez da sufritua. Ondo egin nahi izanez gero, orduan, bai: elikadura zaindu, 8 ordu lo egin eta entrenamendu gogorrak egunero… ez da lan erraza. Bizimodu horrekin pare bat hilabete iraun ditzaket baina gero, nire arpajotze hilabeteak behar ditut.

Pasadan denboraldia ona izan al da zuretzat?

Iazkoa ona izan zen baina aurtengo denboraldia hobeagoa izango da. Entrenamenduak ondo doaz eta lesioek errespetatzen banaute edozer gauza gertatu daiteke.

Ba al daukazu gehien gozatu duzun lasterketa edo korrikaldi kutunen bat gogoan?

Asko disfrutatzen dut Sara eta Berako mendi lasterketetan.

Euskadiko Kros Txapelketan lehiatuko zara datorren otsailaren 15ean, Elgoibarren; hortik Espainiar estatuko Cross-Country Txapelketara sailkatzeko aukera ikusten duzu?

Bai. Gogotsu nago eta uste dut selekzioan egoteko aukera daukadala.

Zeintzuk dira hasi berri den aurtengo denboraldirako zure helburuak?

Lehenik, Euskadiko kros selekzioan sartzea. Gero, Espainiako Duatloi Txapelketa irabaztea eta hirugarren, Donostiko maratoia 2 ordu eta 23 minutuan burutzea.

Eta, etorkizunean ere kirol honetan jarraitzeko asmoa al duzu?

Momentuz pozik nago baina normala litzateke aldatuko banu ere. Gizakiak erronka eta amets berriak behar ditu bizitzan zehar; hortaz, beste gauza batzuk probatzea ere  gustatuko litzaidake.

Non gozatzen duzu gehien: entrenatzen edo lasterketetan?

Entrenatzen dudarik gabe eta, batez ere, asteazkenetan. Asteko egunik gogorrena izaten da pistan elkartzen baikara hainbat korrikalari elkar estutu eta sufritzeko gogoz. Horrela esanda ez du asko erakartzen…!

Ba al duzu edo izan al duzu idolorik, erreferenterik?

Nire idoloak gurasoak dira.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *