Datorren martxoaren 25ean, arratsaldeko 18:00etan, aurkeztuko dute Mintzanet egitasmoa Galdakaoko Gandasegi ikastetxeko gela balioaniztunean. Hainbat urtez, euskara praktikatu nahi izan dutenen bilgune den Berbalagun programaren osagarri izango da Mintzanet ataria; helburua euskaraz jarduteko aukera ez duen pertsona orori etxetik atera gabe euskara praktikatzeko modua ematea da. Horrenbestez, euskaraz jardun nahi duten galdakaotar guztiek, edonon daudela ere, euskaraz nahi adina aldiz hitz egiteko aukera dute izango dute www.mintzanet.net webgunearen bidez. Zerbitzua guztiz doakoa da eta bertan elkartuko dira «bidelaguna» eta «bidelaria». Bidelaguna euskaraz dakien eta hainbat arrazoi tarteko euskaraz egiteko aukera ez duen orori mintzapraktika egiteko aukera ematen dion euskalduna izango da, eta, bidelaria, berriz, euskara ikasi nahi duen ikaslea.
Mintzanet proiektuak munduan zehar barreiatuta dauden euskaldunei zein Euskal Herrian bertan daudenei euskaraz jardun ahal izateko doako aukera ematea du helburu. Hala ere, euskaraz hitz egiteko aukera eskaintzeaz gain, bestelako ondorio positiboak ere baditu Mintzanetek bultzatzaileen hitzetan: «Mugak gainditzea (distantzia, bakartze linguistikoa edota partaideek izan ditzaketen arazo fisikoak edo denbora eragozpenak), askotariko euskaldunen arteko elkar ezagutza sendotzea, eta, azken batean, euskaldun kopurua handitzea».
Mintzanet atariaren bidez mintzapraktika egitea nahi duen erabiltzaileak galdetegi bat bete behar du, egitasmoaren koordinatzaileak euskara ikaslearen aukerak, maiztasuna eta ohiturak ezagutu ahal izateko eta egokituko zaion solaskidea ahalik eta hoberen aukeratu ahal izan dezan.
Ekimena, Galdakaoko udalak, Euskara Zerbitzuaren bitartez, abiatu du eta martxoaren amaieran estreinatuko da.