LIBE MIMENZA CASTILLO
Beñat Insunza Lauzirika (Bilbo, 1996) zientzia eta proiektuak maite dituen gazte ekintzailea da. Lauro ikastolako ikasle ohiak, Elhuyarrek antolatzen duen Zientzia Azokako saria eskuratu zuen 2014an Gaizka Olabarriarekin batera, eta duela egun gutxi, beste hiru sari eskuratu ditu proiektu berarekin Bartzelonako Exporeserca Jove azokan: mikrotxip bat kirolarien lotailu gurutzatuaren apurketa sahiesteko.
Hiru sari dakartzazu Bartzelonatik prototipo bat dela eta. Zergatik sortu duzu lotailu gurutzatuko lesioari aurre egiteko proiektu bat?
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) hirugarren mailan hasi zen dena. Biologia ikasten geunden eta telebistan ikusi genuen garai hartan lesio zabaldua zela; bi astetik behin gutxienez norbaitek lotailua apurtzen zuela. Gainera, sei hilabeteko baja eragiten zuela esan zuten. Adibidez, imajinatu futbolean ekipo bateko jokalari garrantzitsu bat lesionatzen dela, taldeak denbora askoan sufrituko du; sei hilabete bajan egotea eskandalua iruditzen zitzaigun. Guk konponbide bat eman behar geniola erabaki genuen, gure asmoa hori sahiesten saiatzea izan zen.
Zer da mikrotxip hori eta nola funtzionatzen du?
Hasteko, lesioa aztertu genuen eta mediku ezberdinekin egon ginen. Konturatu ginen lotailuetako tentsioa neurtuz gero, X tentsiotik gora lotailuak apurtzeko arriskua dutela ondoriozta daitekeela; noski, nire X balorea eta zurea ezberdinak izango dira, belaunak ezberdinak direlako. Horretaz gain, belaunean muskulu bat daukagu basto externoa deitzen dena eta horri deskarga bat ematen badiozu uzkurtu egiten da. Hortaz, belauna apurtzera doanean deskarga bat ematen badiogu bere posizio originalera itzuliko da eta ez da apurtuko. Min egingo luke, lurrera jauziko ginateke, baina gehienez ere, egun bat edo bi egongo gara bajan; inolaz ez, sei hilabete.
Mikrotxiparen bidez, lehenengo, sentsore batek tentsioa neurtuko luke; eta, gero, basto externoan deskarga bat emanda haustura sahiestu.
Probatu eta frogatu al duzue prototipoa?
Ez, ezin izan dugu frogatu. Guk ez geneukan horretarako abilezia nahikoa. Hortaz, medikuekin batera dena teorikoki aztertzea da egin genuena, eta pauso guztiak detailean erreproduzitu. Lotailugurutzatua.blogspot.com blogean ikus daiteke. Hor dago gure proiektua, kontaktuan jartzen den edonork eskubidea dauka proiektuarekin aurrera jarraitzeko; hori da guk nahi duguna.
Ezin izan genuen proiektua martxan jarri mikrotxipa sortzeko nanoteknologia behar delako; eta oraindik, nanoteknologia ez dago behar beste garatuta horrelako gauzak egiteko. Orain edo etorkizunean norbaitek proiektua hartzea eta aurrera eramatea gustatuko litzaiguke, egunen batean errealitate bihurtzea.
Proiektu horrekin hiru sari eskuratu berri dituzu Bartzelonako hamaseigarren Exporecerca Jove azokan: Yale science and engineering Association Inc.-ek emandako “lan baten aurkezpen bikaienari” saria, Ingenia Motion Control enpresaren saria eta Kataluniako azokaren Jordi Domenech sari berezia. Zuk egindako aurkezpenaz gain, zer saritu dute?
Alde batetik, Ingenia Motion Control sariak aplikazio teknologikoa daukan proiektu on bat saritzen du; bestetik, Jordi Domenech sariak, berriz, kalifikazio gorenak saritzen ditu, hots, epaimahaiak 9tik gorako batez-besteko puntuazioa eman dit, hori izan da saria emateko arrazoi eta horrekin joango naiz, orain, Brasilera proiektua aurkeztera.
Hori da, Brasileko Monstratec azokara joateko aukera izango duzu Bartzelonakoa eta gero; gogotsu, ezta?
Izugarrizko gogoak ditut. Nik ez dut ezagutzen, baina dagoeneko bertan egon izan den jendeak esan dit Novo Hamburgon dagoela eta itzelezko azoka dela, oso ondo pasako dudala eta ikaragarria izango dela. Oso pozik nago, esperientzia berriak bizitzeko gogo askorekin.
Tankera honetako proiektu bat bakarrik egin daiteke edo taldea duzu atzean?
Proiektu hau Gaizka Olabarriak eta nik egin genuen. Niri taldeka aritzea gustatzen zait, baina denetarik dago. Esaterako, Exporecerca-n aurkeztu ziren proiektu batzuetan pertsona bat bakarrik zegoen taldean, eta beste batzuetan, 10-15 pertsona zeuden.
2014ko Elhuyarren Zientzia Azokan hasi zen prototipoaren proiektua. Zer dela eta aurkeztu zineten?
Proiektu zientifiko bat egiten nenbilela ezagutu nuen Zientzia Azoka eta bertara proiektua aurkezteko aukera. Orduan, zergatik ez? Egun on bat pasatzeko aukera izango genuela ikusi nuen, dibertitu eta proiektua aurkezteaz bat, egindako lana beste pertsona batzuei erakutsi. Azken finean, zu bakarrik geratzen bazara proiektuarekin, ez baduzu dibulgatzen… ez du ezertarako balio. Nik abiatutakoa etorkizunean beste batek jarraitu ahal izatea garrantzitsua da; horregatik joan ginen azokara eta zortea izan genuen irabazle moduan hautatuak izan ginelako.
Erakargarria al da zientzia gazteentzat?
Bai, jende askorentzat erakargarria da. Batzuetan badaude gizartean tabu batzuk, baina horiek apurka-apurka kentzen joan behar dira eta gazteak honelako gauzak egitera bultzatu.
Elhuyarrek egiten du Zientzia Azoka; baina, horrez gain, ba al daude gurean bestelako ekimenak zientzia nolabait kalera ateratzeko?
Zientzia Azokaz gain, badago Zamudion leku bat zientziarena… baina uste dut, oraindik, jendea bultzatzeko gauza gehiago sustatu beharko liratekeela; ez bakarrik instituzio publikoek edo gazteek eurek, baita gurasoek ere.
Gurasoen papera gauza hauetan oso garrantzitsua da, esaterako, Bartzelonan egon ginenean gurasoak han zeuden beraien seme-alabak bultzatzen, laguntzen… ez da klasean geratzen den umeen gauza bat bakarrik; gurasoek ere sustatu behar dute eta lagundu aukerak zein erreztasunak emanez; hau da, guztion artean egin behar dugun gauza bat da.
Ekintzailetasuna bultzatzen den garai honetan zeu zara adibide bat, ezta? Bilboko Mini Maker azokaren antolatzaileetako bat zara edota Winn enpresaren sortzaileetako bat. Ekintzailetasuna al da etorkizunerako bidea?
Ekintzailetasuna oso gauza garrantzitsua dela uste dut, eta denon artean egin behar dugu aurrera. Guk esaten dugun moduan: «Bakarrik leku batera arin heldu zaitezke, baina jende gehiagorekin bazoaz urrunago helduko zara». Ekintzailetasuna, zientziaren inguruko azokak, jardunaldiak… horiek guztiak bultzatu behar dira.
Ez da ohikoa, gaur egun, 18 urteko gazte ekimentsua aurkitzea, adibidez, enpresa baten sortzailea.
Asko mugitzen naiz kuriositatearen inguruan. First Lego League txapelketan hasi nintzen; gero, 3D inprimagailuak ezagutu nituen; ondoren, maker munduan sartu nintzen Bilbao Makers ezagututa, eta haiekin Bilbao Mini Maker Faire antolatzen ere aritu nintzen. Azkenik, zerbait ezberdina egiteko gogoa sentitu nuenez, Mondragon Unibertsitateko LEINN graduan sartu nintzen (Gradua Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntzan) eta horri esker irabazi asmorik gabeko elkarte bat sortu dugu, WINN – Welcome Innovation. Elkarteak proiektu ezberdinak garatzea ahalbidetzen dit.
Gero eta gehiago dira, jada, unibertsitateko klase tradizionalek zentzurik ez dutela dioten ahotsak. Zer iritzi duzu?
Klase teorikoek zentzua daukate oraindik ere. Ikasten nabilen graduan dena den arren proiektuen bidez, klase teorikoak ere egiten ditugu. Dena den, nire ustez proiektuen bidez gauza gehiago ikasten da, eta gainera, ez da bakarrik momentu baterako ikasten, gero ere gogoratu egiten da barneratutako jakintza. Hau da, ez duzu azterketa baterako ikasten eta gero ahaztu; praktikaren bidez egiten baduzu helburu batekin ari zara lanean eta ikasten duzunak balioa dauka. Klase teorikoak aspergarriagoak dira, ez daukate zure proiektuak besteko motibazioa.
Niri izugarri gustatzen zait proiektuen bidez lan egitea, uste dut etorkizuna hori dela; hala ere, klase teorikoak behar dira, oinarri teorikoa jasotzea beharrezkoa delako edozer gauzatarako.
Zer proiektu dituzu esku artean orain?
Orain adibidez beste gazte batzuekin sudadera marka bat sortu dut, Dizerdit; bertan esparru soziala ere izan dugu gogoan, brailez idatzita daude. Bestalde, taldean dronen inguruko beste proiektu bat egiten ere bagabiltza edo Hotel Ercillan antolatuko dugun merkatu antzeko bat prestatzen, The Factory; diseinatzaile gazteak, vintage moda eta artea batuko ditu. Irailerako Jailbreak ekimena sortuko dugu, gazteek 36 orduz atzerrira bidaiatzeko. Finlandian egon garenez, produktuak ekartzen eta eramaten ere ibili gara, esportazioak eta inportazioak egiten.
Beraz, era guztietako proiektu asko. Guk, beti, guri gustatzen zaizkigun proiektuen inguruan lan egitea gomendatzen dugu; gure pasioen inguruan proiektuak sortzea.